“Marra gorria” igaroz

“Marra gorria” igaroz

Mikel Garcia Martikorena

O tsailaren 20a. 2003a. Goizeko ordu bata heltzeko minutu gutxi falta dira. Bat-batean, isiltasuna apurtu dute oihuek: “Guardia Civil, abra la puerta” [Guardia Zibila, ireki atea]. Erantzunik egon ezean, haiek dira atea irekitzeaz arduratzen direnak. Euskaldunon Egunkaria-k Andoaingo (Gipuzkoa) Martin Ugalde parkean zuen egoitzan sartu ziren guardia zibilak, kazetako zenbait goi kargudun atxilotu eta hara eraman ostean. Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, Andoaingoa (Gipuzkoa) ez zen Guardia Zibilaren mailua dastatzeko arriskua izan zuen morroilo bakarra. Operazioak beste lau helburu izan zituen: Euskaldunon Egunkaria-ren ordezkaritzak. Marra gorri bat gainditu zen.

Bilbokoan ez zegoen inor momentu hartan. Atea bota eta erredakzioko bazterrak miatzen hasi ziren. Agendak, disketeak, grabazioak… Dena kutxetan sartu, eta eraman egin zuten. “6. Instrukzioko Epaitegia” eta “Zazpigarren Instrukzioko Epaitegia” irakur daiteke kutxen azaletan egun, zazpi urte luzez bizi izandako prozesu judizialen ondorioz. Zigilu horiek dira ostegun hartan gertatutakoaren froga material gutxienetariko batzuk. Hala ere, beste zerbait gelditu da hura gogorarazteko: Egunkaria-n lan egiten zuten kazetarien oroimena.

Gotzon Hermosilla Bilboko ordezkaritzako arduradun informatiboa zen 2003an. Dioenez, ohean harrapatu zuen albisteak. Irratitik deitu zuten balorazio bat egin zezan: “Euskadi Irratiko Goizalde Landabasok deitu zidan nire iritzia jakiteko. Nik ez nekien zertara zetorren deia, eta azaldu zidan guardia zibilak Andoaingo egoitzan sartu zirela, eta, antza, atxilotuak zeudela”. Ziztu bizian irten zen etxetik Hermosilla, baina Bilboko erredakziora heltzerako berandu zen: guardia zibilak lokaleko pertsiana jaisten eta zigilatzen zeuden.

Irune Urrizelki artean lo zegoen erredakzioko atea behera botatzen zuten bitartean. Garai hartan gurasoekin bizi zen; bere amak logelako atea “danbateko” batez ireki eta oihuka esnatu zuen: “Guardia zibilak Egunkari-ra sartu dira”. Urrizelki ahalik eta lasterrena irten zen etxetik, eta erredakziora jo zuen zuzenean. Bertan, Hermosillarekin eta Aitziber Laskibar Egunkari-ko kazetariarekin bildu zen.

Operazioak egunero

Urrizelkiri ez zitzaion arraroa suertatu goiza polizia operazio batekin hastea, baizik eta Egunkaria-ren aurkako batekin hastea: “Garai hartan, zoritxarrez, oso ohikoa zen polizia operazio batekin esnatzea, edo, behintzat, gosaltzea. Baina egia da: egun hartan, Euskaldunon Egunkaria-ren itxierarekin, marra gorri bat igaro zuten sentsazioa izan nuen”. Ez zuen espero operazio bat martxan jartzea Egunkaria-ren aurka. Ez berak, ezta Hermosillak ere.

Hilabete gutxi batzuk zeramatzan Hermosillak arduradun informatibo, Egunkaria itxi zutenean. Horren aurretik, AEK Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundeko komunikazio arduradun lanetan ibili zen, eta lan hartan ere jasan zuen “egoera latz” hura Espainiako epaitegien eskutik: “Madrilera joan behar izan genuen Baltasar Garzon epailearen aurrean deklaratzera, AEKren eta ETAren ustezko harremanagatik”. Lehenagotik “zantzuak” ikusi arren, eta, hura pertsonalki bizi izan arren, Hermosillak dio “guztiz pentsaezina” zitzaiola Guardia Zibila Egunkaria-ra sartzera, eta, are gehiago, hura ixtea.

EGUNKARIA_AURRERA_-_EUSKO_LEGEBILTZARRA

“Eta orain, zer?”

Guardia Zibilak ezer gabe kalean utzi zituela ikusita, euren buruei galdetu zieten: “Eta orain, zer?”. Hermosillak ondo gogoratzen du momentu hura: “Espaloian geunden eserita, eta Iñaki Uriarterengana [Bilboko ordezkaritzako beste arduraduna] joatea erabaki genuen”. Ospitalean zegoen orduan Uriarte, eta, kideak harengana heldu zirenean, berehala hasi zen hariak mugitzen, Hermosillak azpimarratu duenez: “Segituan atera zituen mugikorra eta agenda. Ospitaleko ohetik eta oso gaixo zegoela hasi zen ideiak ematen, lana antolatzen eta eginkizunak banatzen”.

Eginkizun horien artean zegoen, besteak beste, pankartak egitea. Horretaz arduratu zen hasiera-hasiera horretan Urrizelki: “Santutxura joan ginen, bagenekielako bertan tinta eta plastikoa bazeudela pankartak egiteko”. Handik Plaza Biribilera jaitsi ziren. Urrizelkik dioenez, Bilbon orduan egindako manifestazioa “espontaneoa” izan zen. Eta emankorra. Izan ere, Fermin Muguruza musikaria handik igaro zen, Urrizelki oroitzen denez, eta jazo berri zena biharamunean Bilbon zeukan kontzertuan salatzeko gonbita egin zien abeslariak.

Halere, Andoainen eta Bilbon Egunkari-ko kide denek argi zuten zein zen 2003ko otsailaren 20ko helburu nagusia: hurrengo egunean euskarazko egunkari nazional bat argitaratzea.

Kazetari edo aktibista

Xede horrekin sortu zen Egunero, lau hilabetez, Euskaldunon Egunkaria zarratu eta BERRIA martxan jarri arte argitaratu zen egunkaria. Aurreneko zenbakia, otsailaren 21ekoa, Andoaingo egoitzan izaten ziren langileek soilik egin zuten, Tolosan (Gipuzkoa). Hermosillak eta Urrizelkik gogorarazi dutenez, bigarren egunean —otsailak 22— bilera izan zuten Andoainen langile guztiek, eta “egun gutxira” erabaki zuten Bizkaian ere lantalde bat izan behar zuela Egunero-k. Baina langile haien lana ez zen soilik kazetari izatea, Urrizelkik esan duenez: “Bitan banatu ginen: batzuk kazetariak ziren, eta beste batzuk, aktibistak. Nik, esaterako, lau hilabete horietan guztiz alboratu nuen kazetari lana”.

“Oso hilabete intentsoak izan ziren”, gogoratzen du Hermosillak. Kazetari lana albo batera utzi, eta aktibista bilakatu zen hura ere: “Egunero alde batetik bestera ibiltzen ginen: kamisetak saldu herrietan, Leioara EHUren Kazetaritza fakultatera joan hitzaldiak ematera, protestak antolatu, eta abar, eta abar”.

Urrizelki, Hermosilla bezala, ekintza batetik bestera zihoan: “Saltsa guztietan geunden sartuta. Oihal atzean egotea gustatzen zait niri, baina egun horietan agertokiko protagonista izatera behartuta ikusi genuen gure burua, jendeak jakin zezan zer gertatzen ari zen Euskaldunon Egunkaria-rekin”. Egun horietan ikasi zuen, aurrenekoz, zer den sakelakoaren bateriak egun bat baino gutxiago irautea; garai hartan “oso arraroa” zen hori.

Bilerek, deiek, hitzaldiek eta protestek betetzen zituzten bien agendak. Lan hura “nahitaezkoa” zela onartzen duen arren, Hermosillak Egunero-n “gehiago” idatzi ezin izanaren arantza du oraindik. Ekintza horiek guztiek baina, Egunero aurrera ateratzeko ziren, baina, “batez ere”, BERRIA sortzeko balio izan zutela azpimarratu du.

Herri baten erantzuna

Bien agendak beteta zeuden: Bizkaiko hamaika udalerritan antolatzen hasi ziren Egunkaria eguna delakoak. Hermosillak dioenez, jendearen erantzuna “sekulakoa” izan zen, Egunkaria ixtea “sinbolikoki oso gogorra” izan zelako: “Gerra garaitik euskara hutsean argitaratzen zen aurreneko egunkaria zen. Nahiko argi zegoen Egunkaria euskalgintzaren proiektua zela, eta horren kontra jotzea jende askorentzat marra gorri bat igarotzea izan zen”.

Euskal munduko eragileek eskua luzatu zieten euskalgintzaren proiektu hura desagertu ez zedin. Bizkaian Egunero-ren egoitza UEU Udako Euskal Unibertsitateak utzi zien, Bilboko Erribera kalean. Baina Guardia Zibilaren operazioak ez zituen soilik ateak itxi; egunkari bat ateratzeko material dena eraman zuten. Hor zeuden, ordea, Bilboko euskal eragileak, Hermosillak oroitu duenez: “Euskal Herrian Euskarazek utzi zizkigun ordenagailuak, eta Bilboko Kafe Antzokiak ere eskaini zigun laguntza behar genuen edozertarako”.

Eragileak ez ziren erantzun zuten bakarrak. Urrizelkik dioenez, “orokorrean” gogoratzen den mobilizazioa Donostian otsailaren 22an egindakoa den arren, Bilbon ere jendea “asko” mugitu zen: “Badirudi euskalgintzak Bilbon ez duela hainbesteko pisurik, ez delako hain agerikoa, baina lan itzela egin zuten”. “Nazio bati egindako eraso bat zela konturatu ziren, eta horren aurka nazio gisa eta herri gisa erantzun genuen”, dio Hermosillak.

EGUNKARIA_AUZIA_-_MOBILIZAZIOA

Berria eraikiz

Lau hilabeteetan gertatutakoa salatzeaz eta Egunero egunkaria egiteaz gain, kazeta berri bat antolatzen hasi ziren, erlojupean. Izan ere, Hermosillak azaldu duenez, Egunkaria sortzeko prozesuak hainbat urte iraun zuen, bertan parte hartu zutenen “esfortzu handiarekin”. Baina, 2003ko momentu hartan, gauza bera hilabete gutxi batzuetan lortu behar zuten. Aurreneko urratsa, dirua biltzea: “Egunkari bat hutsetik sortea oso garestia da, azpiegiturak, makineria, eta abar behar direlako”.

Kazeta berri hura —BERRIA— eraikitzeko enpresa bat sortu, eta akzioak saltzen hasi ziren. Bi lagunek egunak pasatu zituzten telefonoari itsatsiak eragileekin hitz egiten, akzioak saldu ahal izateko, eta, batik bat, salerosketa horiek esparru legalaren barruan egoteko, Gotzon Hermosillak azpimarratu duenez: “Oso argi genuen, dena legezkoa izateaz gain, prozesua gardena izan behar zela. Batetik, zordun ginelako babesten gintuen jendearekin, eta, bestetik, testuinguruagatik”. “Eraso gehiago ez jasotzeko”, gaineratu du Irune Urrizelkik.

Akzioak ez ziren BERRIA egunkari nazionalaren sorrera bultzatzeko era bakarra izan. Bi kazetariek azaldu dutenez, hamaika bide topatu zituzten edonork lagundu ahal izateko: kamisetak saldu, txosnetan txandak egin eta laguntza bonuak saldu, besteak beste. “[Espainiako] Estatuak itxi zuen Egunkaria, baina herri oso batek beste bat sortu zuen bere eskuekin. Horren parte izatea ohore bat da”, azpimarratu du Urrizelkik.