Ibai Maruri Bilbao
“Euskaraz entzutea pozgarria zen eurentzat [entzuleentzat], eta euren poza bultzada zen guretzat”: horrela kontatu zion 2014an Juan Mari Iraolagoitia Mendibek (Etxebarria, 1947-Galdakao, 2023) Bizkaiko Hitza-ri zer sentitu zuen Bilboko Herri Irratian Zuentzat euskara dakizuenontzat irratsaioa egiten hasi zirenean. 1973an abiatu zuten saio hura: Bizkaian euskaraz entzun ahal izan zen lehena. Horregatik, 2014an Lauaxeta saria eman zien Bizkaiko Foru Aldundiak Iraolagoitiari eta harekin batera lehen saio haiek bultzatu zituztenei: Inma Gallastegiri —Iraolagoitiaren alarguna—, Adolfo Arejitari, Jesus Eguzkizari, Pedro Mari Goikoetxeari, Jesus Etxezarragari, Maria Pilar Muniozgureni, Angel Mari Unzuetari eta Sabin Barruetabeñari. Iraolagoitia astelehenean zendu zen, Irratiaren Mundu Egunean.
Getxoko Algortako San Nikolas eskolan zebilen Iraolagoitia 1973an. Markina-Xemeingo Lanbide Eskolako zuzendari Julian Olazabalaga abadea joan zitzaion kontatzera Bilboko Elizbarrutiak euskarazko bihurtu gura zuela Herri Irratiaren FM seinalea. Parte hartzeko erronka egin zion, eta onartu zuen Iraolagoitiak: hamabost egun egin zituen Azpeitian (Gipuzkoa), Loiola Herri Irratian prestatzen. Andre bat gura zuten Iraolagoitiarekin esatari; Inma Gallastegi aukeratu zuten. Hala ezagutu zuten elkar, eta gerora ezkondu. “Bagenekien etxeetan lekua egin beharko genuela. Baina uste baino errazago lortu genuen. Herrietara joaten ginenean, harrituta geratzen ginen: esateriak ezagutzen zituzten”. 1990ean, FMko emisio hura Bizkaia Irratia bihurtu zuten, eta Iraolagoitia izan zen lehen zuzendaria. Helburua argi zuen: “Euskaraz saio duinak egitea”.