Mikel Garcia Martikorena
Getxoko Andra Mari auzoan, Arranoa, Belatza, Hontza, Okila, Eperra eta Usoa kaleetatik gertu, herritarrek leku “aske” bat dute berriz “amets komunitarioak” aurrera eramateko: Kabia gune okupatua. Berriz, eraikina Txorimalo gaztetxea zelako martxoaren 11ra arte. Berriz, 2006an eraikina okupatu zuten gazteek, egun hain gazte ez izan arren, okupaziorako eta auzolanerako lekua topatzeko nahia dutelako. Berriz, gaztetxe izaera alde batera utzi duten arren, okupazioaren oinarrian dauden ideiei eusten dietelako.
Eraikina eta kide gehienak Txorimalotik badatoz ere, lehen zituzten “joerak” apurtzeko balio izan du aldaketak, Piter Juez Joxemi Zumalabe fundazioko kideak azaldu duenez. Zumalabe fundazioak Euskal Herriko herri ekinaldiekin, taldeekin eta mugimenduekin lan egiten du, gogoeta, dinamizazio eta trebatze prozesuetan.
Martxoaren 11ko batzarraren ostean, eta Txorimalo desagertuko zela erabaki zutenean, fundaziora jo zuten gaztetxeko kide izandakoek, Kabia gune okupatuaren talde motorreko kideek adierazi dutenez. Joxemi Zumalabe fundazioaren laguntzaz egin dute prozesua, eta otsailaren 1ean aurkeztu zuten, txio baten bitartez.
Arrautzak gordez
Baina zergatik Kabia izena? Talde motorreko kideek azaldu dutenez, bi arrazoi nagusi daude. Batetik, eraikinaren kokapenagatik. Eraikina, izatez, Andra Mariko Faro kalean egon arren, inguruko kale denek txori izenak dituzte. Hortaz, horri keinu bat egiteko jarri diote Kabia: “Txorimaloren kasua antzekoa zen. Txoriekin lotutako hitzekin jolas egin dugu”.
Bestetik, lotura estua du funtzionamendu berriarekin. Azaldu dute gune okupatuan jarduten duten taldeek “arrautzak” izango balira bezala funtzionatuko dutela; musikeroak, ortua eta elkar zaintzea, besteak beste. Gune okupatuak habia lanak egingo ditu, denak bilduta.
Arrautza horietako batzuk Txorimalotik datoz —musikeroak, esaterako—, baina beste batzuk, berriak izango dira; eta definiturik dituzten arren, martxan jartzeko oraindik “lan handia” geratzen zaiela aitortu dute talde eragileko kideek.
Aldaketaren xedea
Joxemi Zumalabe fundazioko Juezen aburuz, gunea “indarberritzea” da aldaketaren xede nagusietako bat: “Txorimalo Algortako erdigunetik urrun dago; hortaz, gazteek eraikina utzi eta hirigunetik gertuago dagoen beste leku bat bilatu nahi zuten. Honi udalaren errepresioa gehitu behar zaio. Horrek guztiak jende gutxiago joatea eragin du”. Juezek uste du “arnasa hartzeko” balioko diela, eta aurreko proiektura “hain lotuta” ez zegoen jendea gerturatzeko ere bai. “Kabiara beste begirada bat ekartzeko balioko du aldaketak”.
Taldeko kideek ere begirada berriak erakartzeko beharra azpimarratu dute. Diotenez, gaztetxean, adin jakin bat igarotzean, erabakietatik at geratzen ziren: “Konturatu ginen lekukorik ez zegoela gazteen artean, eta jarraitu nahi bagenuen, adina ezin dela muga bat izan”. Aldaketa horiek guztiek, halere, ez dute ziurtatuko Kabia gune okupatuaren iraupena. Izan ere, Getxoko Udalaren plan urbanistikoaren arabera, eraikina botatzea da asmoa, txaletak egiteko.