Amaia Arenal: “Osasun publikoa murriztea gure eskubideak murriztea da”

Amaia Arenal: “Osasun publikoa murriztea gure eskubideak murriztea da”

Mikel Garcia Martikorena

Osasun sare publikoa defendatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo Bilboko hainbat auzotan. Deialdia Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak egin zuen. Haien ustez, Bizkaiko osasun publikoa “altxor” bat da, eta herritar guztien zeregina da hura defendatzea. Amaia Arenal (Bilbo, 1989) federazioko idazkariaren ustez, Osakidetzaren baliorik handiena langileak dira, lan “bikaina” egiten dutelako “etengabe” murrizketak pairatu arren. Langileen baldintzak bermatzeko eta hiritarren osasunerako eskubidea errespetatzen dela ziurtatzeko helburuarekin egin dute elkarretaratzea.

Zergatik irten zarete osasun publikoa defendatzera?

Osasun publikoa herritar guztion osasun sistema bakarra da. Osasunerako eskubidea modu integral batean ziurtatzen du, edo, behintzat, ziurtatu beharko luke. Hura murriztea guztion eskubideak murriztea da. Horregatik, auzoetako eragileak garen heinean, uste dugu kalera irten behar dugula. Izan ere, osasun publikoaren kalitate galera ez da berria; osasun etxeetako zerbitzuetan jada murrizketak egon ziren pandemia aurretik.

Bilbon zer gabezia sumatzen dituzue osasun publikoan?

Auzoetako zentroen zerbitzuei dagokienez, hamaika zerbitzutan izan dira murrizketak. Pediatria zerbitzua, esaterako, desagertu egin da hainbat zentrotan, eta, beste zenbaitetan, arreten ordutegia murriztu da. Pandemia zela eta, zerbitzu gehienak are gehiago murriztu ziren. Baina, normaltasun berri honetan murgildu garenean, konturatu gara zerbitzu horiek ez direla itzuli. Zaintza telematikoaren gaitza ez da soilik Bilbon eta Osakidetzan pairatzen, baina salatu beharra dago.

Zergatik da garrantzitsua aurrez aurreko zerbitzu bat egotea?

Bi faktore nagusi azpimarratu ditugu. Batetik, osasun zerbitzuen erabiltzaile gehienak adinekoak dira. Horiek, orokorrean, ez dituzte menperatzen orokorturik dauden zerbitzu telematikoak erabili ahal izateko tresnak. Beraz, baztertuta gelditzen dira lehen arretatik. Bestetik, kontuan izan beharra dago jende askok ez dituela baliabide materialak tresna horiek erabili ahal izateko, egoera zaurgarrian daudelako. Zerbitzuak modu telematikoan eskaintzeak gizarteko multzo handi bat kanpoan gelditzea dakar.

Gainera, osasun sistemara jotzen dugunean, ez gaude emozionalki gure boladarik indartsuenean. Horregatik, nahitaezkoak dira zuzeneko arretak ziurtatzen dituen samurtasuna eta hurbiltasuna. Dena telematikoki eginda, berriz, hoztasun puntu bat dago. Gure ustez, ekiteko era horri luzaro eutsiz gero, erabiltzaileei arazo mentalak ekarriko dizkie.

Zein izan da mobilizazioak piztu dituen txinparta?

Deustuko etengabeko arreta gunean gaueko arreta itxi izana, dudarik gabe. Itxiera hori dela eta, Basurtuko ospitaleko larrialdi zerbitzuetara joatea da bilbotarron aukera bakarra. Instituzioetan kontraesan argi bat ikusten dugu: anbulatorioko larrialdi zerbitzuak erabiltzera bultzatzen dute jendea, ospitaleak jendez lepo ez egoteko, baina, aldi berean, zerbitzu horiek desegin dituzte. Larrialdi zerbitzu horiek jaso nahi izanez gero, EAGtik bostehun metrora den IMQra jotzera bultzatzen gaituztela uste dugu.

Bilbon, zehazki, zein da egoera?

Esan bezala, Deustuko EAGko gaueko arreta desagertu egin da. Hori, baina, icebergaren tontorra da soilik. Gabeziarik ikusgarriena da; izan ere, 22:00etatik aurrera anbulatorioko larrialdi zerbitzurik gabe utzi gaituzte bilbotarrak. Tamalez, Deustukoa ez da adibide bakarra. Azken urteetan, hainbat zerbitzu murriztu edo desegin dituzte hirian. Abandoko osasun etxean leihatila zerbitzua kendu dute, eta, orokorrean, udan eta Gabonetan murrizketak egon dira ordutegietan. Murrizketak orokorturik daude sare publiko osoan, baina Bilbon, zehazki, zerbitzu asko falta ditugu. Olabeagaren kasua hor da, adibidez: Olabeagako auzotarrek denbora luzea daramate salatzen auzoan ez dutela osasun zerbitzu publikorik. Guk beti aldarrikatu dugu Osakidetzaren arreta integral eta duina bermatu behar dela Bilboko auzo guztietan.

Zerk eragin ditu gabeziak?

Argi dago krisi bat dagoenean krisia aitzakia moduan erabiltzen dela murrizketak egin ahal izateko; 2008ko krisiak ere murrizketak eragin zituen zerbitzu publikoetan. Ez da berria. Federazioko kideok pandemiaren aurretik ere salatu genuen egoera, eta hainbat bilera izan genituen Basurtuko ESIarekin batera, gabezia horiei aurre egiteko. Izan ere, Basurtuko ospitalean murrizketa horien adibide argi bat topa daiteke: kardiologia zerbitzuaren lekualdatzea Gurutzetako ospitalera. Murrizketek norabide argia dute. Horiek direla medio, hiritarrek halabeharrez osasun pribatura jo behar izateko arriskua dago. Osasun sare pribatu batek ez du bermatzen osasunerako guztion eskubidea.

Murrizketek zer ondorio dituzte herritarren artean?

Jende asko ahul sentitzen da egoera honen harira, ikusten baitute ez dituztela bermatzen haien funtsezko eskubideak. Gainera, pertsonen arteko ezberdintasunak areagotu egingo dira, askok ez dutelako sarbiderik izango, egoera ekonomikoagatik. Zerbitzuari dagokionez, ezberdintasun nabariak egongo dira publikoaren eta pribatuaren artean, arlo pribatuan ez baita murrizketarik izan.