Amaia Igartua Aristondo
Enkoadraketa nahiko itxia eta argi gutxi duen argazki bat da, baina, hala ere, aise uzten du agerian erakutsi nahi duena. Lau hanka pare ikusten dira, eta gorputz estali bat irudiaren ertz batean, denak elkarrengandik oso gertu. Etzanda daude hiru lagunak, eta haietako bat da argazkilaria; etzanda daude, hain justu, ezin direlako beste moduren batean egon, sabaia baitago haiengandik oso-oso gertu. Ikusezina argiztatu erakusketan bildutako argazkietako bat da: Barakaldoko gazte migratzaile etxegabe batzuek ondu dute bilduma, egunerokoan ateratako dozena bat irudirekin, nola bizi diren erakusteko asmoz. Agharas Bizkaiko amazigen elkartearen Barakaldoko egoitzan egongo da ikusgai gaur —19:00etatik 20:00etara—, eta aurrerantzean herriko beste toki batzuetara lekualdatuko dute.
Joan den ostiralean aurkeztu zuten: etxegabeetako batzuk ekitaldian egon ziren, euren egoeraren inguruko galderak eta kezkak erantzuteko prest, eta dozenaka lagun bildu ziren elkartearen egoitzan, haien berbei adi. Aiman marokoar gazteak espazio txiki haren xehetasunak eman zituen, esaterako: lekuak 40 zentimetroko garaiera du, zehazki, eta, berez, udalerriko Mercadona saltokitik gertu dauden zubietako baten beheko aldea da; baina bada “etxea”, era berean, han bizi baitira Aiman bera eta beste bi gazte migratzaile.
Irudiez eta aurrez aurreko azalpenez gain, gazte etxegabeek euren lekukotzak bildu eta argazkien azpian erantsi dituzte, testu laburretan. Eta, ezinbestean, bizipenetako batzuk bizilekuari lotuta daude. Hala, zubi azpia “hilobi bat” dela adierazi dute testuetako batean, eta xeheagoa da beste bat. “Zubian sartzeko eta irteteko zailtasunak ditut, leku oso altua delako; gainera, ibaitik hain gertu dagoenez, erraza da estropezu egitea eta uretara erortzea”.
Aimanek lo egiten du han gau gehienetan, eta ikasi ere bai hainbatetan, nahiz eta leku iluna den, eta linterna bakarra baino ez duten argiztatzeko. “Gure bizitza oso gogorra da”, nabarmendu du. 25 urte ditu, eta Barakaldora heldu zenetik ari da kalean lo egiten: lau hilabete inguru, guztira. Poloniara joan zen bisa batekin, ikasteko; hilabete bat egin zuen han, eta Marokora itzuli zen, baina alde egin zuen ostera ere: “Marokon ama daukat bizitzen, bakarrik; hango egoera hobetu nahi nuen”.
Zubipea, nahitaez
Era berean, bizitza hobe baten bila egin zuen alde Yusefek: Marokotik Turkiara joan zen aurrena, hegazkinez; baina Turkiatik Barakaldorako bidaia, berriz, oinez egin zuen nagusiki, eta tarteka kamioien azpialdean, besteak beste. “Ez genuen dirurik”. Sei hilabete behar izan zituen Barakaldora iristeko, eta bost herrialde zeharkatu zituen, guztira; 22 urte ditu, eta hark ere lau hilabete daramatza udalerrian. “Gazte asko gaude kalean bizitzen Barakaldon. Arazo asko ditugu dutxatzeko eta arropa garbitzeko, eta lo egiteko”. Zubi azpian egiten du lo, eta esan du arratoi mordo bat egoten dela. Horiek horrela, gazteek euren objektuak eta janari urria plastikozko poltsetan sartu eta eskegi egiten dituzte, erakusketako irudietako batean jaso dutenez, arratoietatik aparte gera daitezen.
Nolanahi ere, aterpeetara jotzea ez da konponbidea, Munirren berbei erreparatuta —30 urte ditu, eta lau hilabete daramatza herrian—: zazpi egunez soilik gera daitezke lotan haietan, baina gero beste hiru hilabetez egon behar dute zain, eta beste zazpi egunez egokitzen zaie ohea; urtarrilean eta otsailean, hilabetekoa da itxaroteko denbora, Yusefen arabera. “Baina orain kalean hotz handia egiten du”. Azken aste hotz hauetan ere zubi azpian egin du lo, kale gorrian; zubipeak ez du atertzen ez hotzetik, ezta prezipitazioetatik ere, eta ugariak izan dira azken egunetan. “Ur asko sartzen da, eta gauzak blaitzen zaizkigu”.
Higienerako, halaber, luzea da itxaronaldia. “Aterpean, hogei egun egon behar duzu zain dutxatzeko eta arropa garbitzeko. Bi mutil dutxatzen dira egunean. Batzuetan, meskitan dutxatzen gara”, Yusefen esanetan. Eta, beste askotan, kaleko iturri publikoez baliatzen dira garbitzeko; alegia, ur hotza besterik ez dute eskura. Jatea ere buruhaustea da gazte horientzat. Egunero bazkaltzen dute, jantoki batean; astean hirutan —astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan—, Agharas elkarteak afaria ematen die, eta gainerako gauetan, Aimanek tea hartzen du zubi azpian, bertakoekin batera.
Eta, hala ere, aukera gutxi dituzte handik mugitzeko. Orduko zubitik hainbat aldiz ospa egin izan du Aimanek, etxegabe gehiago etorri eta jende gehiegi pilatu delako leku ñimiño horietan, baina alternatiba beste zubi bat da beti; agian, aurrekoa baino are txikiagoa eta deserosoagoa. Beste argazki batean, zubipeak zabalagoa dirudi, kanpadenda bat erraz sartzen da, baina, edonola ere, belar lehor eta erdi ustelez eta hondakinez inguratuta dago zorroa. Alabaina, zubipeetan ez diete jazartzen, normalean; hirigunean, ordea, bestelakoa da harrera, nabarmendu duenez. “Zubietan inoiz ez dut arazorik izan Poliziarekin; inork ez gaitu molestatzen. Ahalegindu naizenean etxeen aurrean lo egiten, aldiz, arazoak izan ditut, bai Poliziarekin, baita bizilagunekin ere”.
Asmoak eta aukerak
Baliabide mugatuak dituzte beren egoera aldatzeko. Munirrek azaldu duenez, “Agharas elkarteak kudeatu egiten du, baina ez dago ezer”. Bitartean, lana bilatzen ari da. Jomuga bera du Aimanek, eta laster ikasketak hastea du burutan: Batxilergoa dauka, baita lizentziatura bat ere aleman hizkuntzan, polonieraz badaki, eta goi gradu bat egiteko asmoa du ezagutzok aprobetxatuta, lan merkatura sartzeko. Barakaldoko aurkezpenean egon ziren beste etxegabeetako batzuek ere curriculum mardula dute: batek, esaterako, master bat Zientzia Politikoetan.
Orain, ordea, gaztelania ikasten ari dira denak. Egunean hiru hitz bereganatzen dituela esan du Yusefek, lotsati, baina harridura keinua egin dio beste gazte etxegabe batek, hura ere Yusef izenekoa, ez baitzaio marka makala iruditzen; 21 urte ditu, eta sei aste inguru baino ez daramatza Barakaldon. Harekin batera dago beste heldu berri bat: Amar, 22 urtekoa —orain dela lau aste iritsi zen udalerrira—. Aimanek ere gaztelania ikastea du aurreneko jomuga: “Kurtso batean ari naiz, eta liburuak liburutegitik hartzen ditut. Behin, arratoi batek liburuetako bat jan zuen, eta gero arazoak izan nituen itzultzera joan nintzenean”.
Liburutegietara jotzen dute, era berean, edo Agharas elkarteko egoitzara, sakelakoa kargatzeko, eta wifira konektatzeko. Aiman: “Bateria arazo handia izaten da. Eta telefonoa garrantzitsua da gure senideekin hitz egin ahal izateko”. Bitartean, errutinaz bete du bizitza. “Agharasekoekin ekintzak egiten ditugu, batzuetan mendi buelta egiten dugu, edo ortuan lagundu; eta antzerkia egiten dut egoitzan. Laster antzezlan bat aurkeztuko dugu”.