Azoka indartsu bueltatu da

Azoka indartsu bueltatu da

Ibai Maruri Bilbao

Pandemia ahuldu ahala, usadioek, ospakizunek eta jaiek haren ondorioz galdutako indarra berreskuratu dute azken hilabeteetan. Berbarako, gaur, San Blas egunez, kordel bedeinkatuak, opilak, erroskilak eta gozokiak saltzen dituzten postuak itzuliko dira Bilboko Areatzara, San Nikolas elizaren inguruetara. Baina gaurko jai honek nonbait indar osoa hartuko badu, Abadiñon izango da: inoiz baino postu gehiagorekin egingo dute San Blas eguneko azoka; 76 ekoizle eta 160 abelburu bilduko dira, hain zuzen ere.

“Urte zail batzuen ostean, gure San Blas jaiak bere osotasunean berreskuratuko ditugu, eta jendearen erantzun positiboa espero dugu”, esan du Javi Crespo Abadiñoko alkateordeak. Gazta, eztia, ogia, gozoak, ortuariak, fruta, txerrikiak, esnekiak, kontserbak, sagardoa, txakolina… Ohiko produktuak erosteko aukera izango dute Zelaietako trinketeko aparkalekura azaldutako direnek. Baina, Mikel Garaizabal Abadiñoko alkateak nabarmendu duenez, aurten lehenengoz glutenik gabeko produktuak saltzen dituzten postu bi ere egongo dira. Denen artean fruta eta barazki postu onena eta ondoen apainduta dagoena sarituko dituzte: 250na euro jasoko dituzte.

Artisautza azoka, ostea, Txanporta plazan egongo da. Larruz egindako produktuak, bitxiak, kosmetika naturala, ekoizpen jasangarrian egindako arropa eta enparauak egongo dira eskuragarri. Trinketeko aparkalekuak landare mintegietakoak egongo dira. Eta, atzeko aldean, ganadua erakusgai egongo diren karpak. Han ikusi ahal izango dira behiak eta ardiak, zaldiak, astoak eta Enkarterriko Villano arrazako txakurrak. Gaztañodi parkean egongo dira nekazaritzako erabiltzen diren makinen postuak. Eta ez dute hutsik egingo taloak salduko dituzten txosnek eta erroskilak, opilak eta kordelak salduko dituzten postuek ere.

San_Blas

Azoka baino gehiago

Ohiko kale animazioak eta bertso saioak girotuko dute Abadiñoko azoka. Baina aurten bisitari batek egingo du berezi gaurko eguna, azokak berreskuratu duen indarrarekin lehiatuta. Martins Licis atleta lituaniarra han ibiliko da. Besteak beste, Munduko Gizon Indartsuena proban hainbat sari jaso ditu Licisek: urrezko domina 2019an eta zilarrezkoa iaz. Ikus-entzunezko bat grabatzera etorri da Abadiñora, eta, gaur azoka bisitatzeaz gain, etzi harri jasotzaileen erronkan hartuko du parte (12:00). Alkatearen arabera, “indarrari lotutako euskal kirolekiko interesak ekarri du”.