Tranbia Zorrotzaurrera eroateko diseinuaren aurka agertu dira

Tranbia Zorrotzaurrera eroateko diseinuaren aurka agertu dira

Ibai Maruri Bilbao

Erakundeek 2021 bukaeran adostu zuten zelan eroan tranbia Bilboko Zorrotzaurreko uhartera. Iazko urrian, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian proiektu informatiboa argitaratu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta alegazioak aurkezteko aukera eman. Uhartearen parean, itsasadarraren ezker ertzean dagoen Olabeaga auzoko Olabeaga Bizirik auzo elkarteak bereak aurkeztu ditu jadanik. Haienetik eraikiko den zubi batetik sartuko da tranbia irlara. Ez daude horren kontra, baina bai erakundeek diseinatu duten proiektuak egin nahi duen moduaren aurka. Olabeagakoek nahi dute euren auzoari ere zerbitzu eman diezaiola tranbiak, eta eraiki nahi duten zubi berria ez zaie batere gustatzen.

Auzo elkarteko presidente Jose Antonio Bardisak aitortu du ez dutela itxaropen handirik alegazioekin ezer lortuko dutenik: “Ez dugu aurkeztu ingurumen inpaktuari edo eraikitzeari dagokion alegazio teknikorik. Ikuspegi kontua da; proiektua beste era batera egitea nahi dugu guk, guretzat hobea izango delako. Esperientziak erakutsi digu halakoetan ez dutela kasurik egiten. Zerbait orokorra erantzungo digute, berba ederrak, eta listo”. Hala ere, euren desadostasuna agertu gura izan dute alegazioekin.

Proiektu informatiboaren arabera, uhartearen hegoaldeko muturrean eraikiko dute oinezkoentzat eta tranbiarentzat izango den zubia. Tranbiaren egungo ibilbidetik abiatuko da Zorrotzaurrerako luzapena, Euskaldunako geltokitik. Handik gertu izango du ibilbide berriak lehen geltokia, eta hori ez da Olabeagakoen gustukoa. “Auzoan Euskaldunatik gertueneko ertzean egongo da, Euskaldunako egungo geltokitik 200-300 metrora. Gure auzoari baino gehiago, San Mamesera futbol partidak ikustera doazenei emango die zerbitzua”, kexatu da Bardisa. Olabeagako ertz horretan oso jende gutxi bizi da. Nahi dute tranbiak geltokia leku horretan izan eta bertan zubia eraikita uhartera igaro beharrean trenbideak Olabeaga erdigunerantz jarrai dezala itsasadarraren ezkerreko ertz horretatik, eta zubia aurrerago eraikita igarotzea Zorrotzaurrera. “Ikusten duguna da berriz ere Olabeaga Bilboko gainontzekoentzat azpiegiturak eraikitzeko auzoa izango dela, baina guretzat ezer ez”, salatu du auzo elkarteko presidenteak. Bilboko metroaren adibidea ipini du: auzotik igarotzen da, baina ez du geltokirik haienean.

“Puntu beltza”

Proiektuak jasotako tranbiaren geltoki horren kokagunea ez zaie gustatzen, auzoaren bihotzetik aparte geratzen delako, baina baita “puntu beltz” bat izan daitekeela uste dutelako ere. Dike kalearen atzeko aldean ipini gura dute erakundeek. “Esaten dute eremu leun bat behar dela geltokiak jartzeko, eta hori dela leku bakarretakoa. Baina ez da aproposa. Auzotik aparte dago, inguruko lekuak baino gorago, eta leku zarratu batean geratzen da, eta ez da iristeko leku erraza; toki arriskutsua izan daiteke”.

Diseinatu duten zubiak ere auzoaren parte hori estaliko duela iruditzen zaie. Itsasadarraren ertza baino hamar edo hamabost gorago egongo da zubi hori. Itsasadarraren mailan egongo den zubi bat gura dute. Eskaera horretan IOHLEE Industri Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkartearen babesa ere badute. Hain zuzen, zubiaren aurkako alegazioak aurkeztu ditu elkarteak. Erakundeek garaiera horretatik eraiki nahi dute, itsasadarretik itsasontziak igaro ahal izatea bermatzeko. Bardisaren ustez, itsasadarrean ibiltzen den itsasontzi turistikoa izan dute gogoan erabaki hori hartzerakoan, baina ohartarazi dute Euskalduna zubiaren azpiko aldean dagoen Itsasmuseumeko dikera joan ohi diren itsasontzi handiak ezingo direla igaro zubi horren azpitik.

“Bilboren portu nortasuna eta itsasadarraren nabigagarritasuna babestearen alde gaude, baina ondo egitekotan”, azpimarratu du Bardisak. Zubi horrek Olabeagako portu estiloko etxebizitzak estaliko dituela txarretsi du. Auzo elkarteak eta industria ondarea babesteko elkarteak esan dute ireki daitezkeen zubiak ohikoak izan direla Bilbon, eta aukera ona izan daitezkeela Olabeaga eta Zorrotzaurre lotzeko eta itsasontzi garaiak handik igaro ahal izateko.