Ibai Maruri Bilbao
Ondo bidean, pandemiak baldintzatuko ez duen lehen urtea hasi zen domekan. Baina, oraindik ere, Ukrainako gerraren ondorioek eragingo dute 2023an Bizkaian. Bereziki, ekonomian igarriko da, nahiz eta gatazka hori ez den inflazioa eragin duen faktore bakarra. Maiatzeko hauteskundeetatik irtengo den foru aldundi berriak, beraz, ekonomia eta enplegua izango ditu kezketako batzuk. Aurrekoak martxan utzitako proiektu eta obrekin jarraitu beharko du. Aurten ere bizkaitarrek izango dute zer ospatu, zerekin gozatu eta zer gogoratu: besteak beste, Frantziako Tourraren irteera nagusiari esker, poza ez da faltako uztail hasieran herrialdeko errepide bazterretan.
Bizkaiak ahaldun nagusi berria izango du ekainetik aurrera. Izan ere, maiatzaren 28an udal eta foru hauteskundeak izango dira. Unai Rementeria ahaldun nagusiak iazko irailean iragarri zuen ez zela berriro EAJren hautagaia izango. Biharamunean eman zuen alderdiak bere ahaldungai nagusiaren izena: Elixabete Etxanobe egungo Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatua. Ez da oso ezaguna: 2021etik dago karguan.
EH Bilduk ere hautagaia aldatzea erabaki du. Iker Casanova legebiltzarkidea izango da haren ahaldungai nagusia. 2014tik dago Eusko Legebiltzarrean. PSE-EEren zerrendan, berriz, berritasunik ez: Teresa Laespada izango da berriz ere ahaldungai nagusia. Azken bi agintaldietan Enplegu, Gizarte Inklusio eta Berdintasun diputatua izan da, Rementeriaren gobernuetan. Elkarrekin Bizkaiak oraindik ez du hautagaia modu ofizialean aurkeztu, baina Eneritz Madariaga da hautagai izateko barne bozketara aurkeztu den bakarra. 2019tik da koalizioaren bozeramaile Batzar Nagusietan. PPk ez du iragarri nor izango den bere hautagaia.
Iazko udan argitaratu zuen Bizkaiko Foru Aldundiak Gizakerrek hauteskundeei begira egindako inkesta. Haren arabera, gora egingo dutenak abertzaleak dira: puntu bat EAJk, eta bat eta erdi EH Bilduk, botoen %44,5 eta %21,5eko babesa jasoz, hurrenez hurren. Barruti guztietan haziko lirateke. Azpimarratzekoa da Busturia-Uribe barrutian jeltzaleentzat liratekeela botoen erdiak. Voxek ere puntu erdi pasatxoko gorakada izango luke, baina ez luke ordezkaririk eskuratuko. Hala, ordezkari kopuru bera edo bat gehiago lortuko lituzke EAJk (25-26 batzarkide); EH Bilduk, bi gehiago (hamabi). Egungo zortziei eutsiko lieke PSE-EEk. Elkarrekin Bizkaiak bi eta hiru artean galduko lituzke, eta hiruri edo lauri eutsiko lieke. PPk birekin jarraituko luke.
Bilboko Udalari dagokionez, Juan Mari Aburto izango da berriro alkategai jeltzalea. Irabaziz gero —eta inkestek ziurtzat ematen dute—, hirugarren agintaldia luke. EH Bilduk hautagaia aldatzea erabaki du: Maria del Rio izango da; Zuzenbide doktorea da. Sozialistek modu naturalean topatu diote lekukoa Alfonso Gili: Espainiako Senatura joan zenean, Nora Albetek bete zuen hark utzitako hutsunea Bilboko Udalean, eta hura izango da hautagaia. Elkarrekin Podemoseko alkategai izateko hautagai bakarra Ana Viñals da. PPk oraindik ez du iragarri.
Herrietan ere ari dira hautagaitzak aurkezten. Galdakaon, Iñigo Hernando izango da EH Bilduko alkategaia. Aparteko interesa piztuko duten udaletako bat da, berrogei urtez jeltzaleen esku egon ondoren 2019an Hernandok lortu baitzuen aginte makila. Horretarako, Elkarrekin Podemosen, Usansoloren desanexioa aldarrikatzen zuen Usansolo Herriaren eta metroaren bosgarren linearen aldeko Auzoak plataformaren babesa izan zuen. Usansolokoek euren lehen udala hautatuko dute, eta metroaren proiektua martxan da. Beraz, ikusteko dago horrek zelako eragina izango duen Galdakoko indar korrelazioan, eta nor izango den Usansoloko lehen alkatea. Gernika-Lumon ere egongo da albistea, Jose Maria Gorroñok eta haren hautagaitza independenteak EAJrekin zuten akordioa hautsi ondoren. Lehenago, Bildurekin; gero, EAJrekin; berriz hautagai bozkatuena izanez gero, oraingoan norekin osatuko du gobernua?
Aurreko urtearen bide beretik hasiko da 2023a ere ekonomia alorrean: zer gertatuko den ez jakiteak eragindako ezegonkortasunarekin. Inflazioa izan da 2022ko arazo nagusia, eta, iragarpenen arabera, aurten ere izango da. Bizkaitarrek, oro har, igarri dute erosahalmena galdu dutela. Lan itunen negoziazioetan soldata igoera KPIaren parekoa izatea eskatzen ari dira hainbat sektoretan, eta hor trabatzen dira akordioetako asko. Lehengaien, argindarraren eta erregaien garestitzea igarri dute arlo guztietan. Nekazari eta abeltzainak larri dabiltza iaztik. Garraiolariak, gainera, protestan ari dira, badutelako beste kezka bat: urtarril bukaeran sartuko dira indarrean haientzako bidesari berriak Bizkaian.
N-240 eta BI-625 errepideak erabiltzeagatik ordainduko dute 3,5 tonatik gorako kamioiak. Aurten, baina aurrerago, beste tarte batzuetara hedatuko da bidesaria: A-8an, Basurtutik Kantabriako (Espainia) mugaraino; Txorierriko igarobidean, Erletxe eta Arrondegi artean; eta Durangotik Kanpazarrera arteko zatian. Guztira, bigarren mailako 85 kilometro erabiltzeagatik ordaindu beharko dute urtea bukatu aurretik.
Diputazioak merkatze batzuk iragarri zituen iaz. Esaterako, noranzko berean hilean hogei aldiz pasatzen direnek, OBE automatikoki antzemateko gailua baldin badute, %13ko deskontua izango dute. Gutxiago kutsatzen duten ibilgailu astunek ere gutxiago ordainduko dute. Hala ere, garraiolariek esan dute hileroko gastuak mila euro handituko zaizkiela, eta kontsumitzaileek produktuen prezioetan nabarituko dutela.
Autonomoek, gainera, trantsizio urtea dute aurtengoa: Batuz estrategiara egokitzeko azken hilabeteak dituzte aurrean. Bizkaiko arautegia bete behar duten enpresa eta autonomoen tributazioa kontrolatzeko estrategia da; iazko urtarriletik borondatezkoa, eta 2024ko urtarriletik derrigorrezkoa. Beraz, dagoeneko egin ez dutenek urte hau dute, besteak beste, beren negozioetan softwarea instalatzeko. Egin beharreko inbertsioaz kexatu dira asko.
Aurten ez da makina eta erreminta biurtekorik izango BECen, baina, besteak beste, +Industry azokara 72 herrialdetako 1.300 erakusle etorriko dira ekainean, adimendun manufaktura arloko berrikuntzak erakustera.
Aste Santuan irekiko dute Bilbo hegoaldeko saihesbidearen eta AP-68 autobidearen arteko lotunea. Bide azpiegitura honen lehen hamabost kilometroak, Santurtzitik Larraskiturakoak, 2011tik daude zabalik. 2019ko urtarrilean hasi ziren ordura arte eraikitako tartea eta AP-68 autobidea lotzeko lanekin. Lau kilometro ditu zati berri horrek. Eginda dagoenarekin eta egiten ari direnarekin amaituko da saihesbidearen lehen fasea. Unai Rementeriaren esanetan, bukatzean “esanahi osoa izango du”, A-8 autobidea, Bilboko portua eta AP-68 autobidea lotuko baititu.
Aurtengo aurrekontuetan 150.000 euro daude gordeta Bilboko Errekalde auzoan A-8 autobidearen zubia eraisteko proiektua idazteko. Botatzen dutenean, autobidea Pagasarrin egingo duten tunel batetik igaroko da. Urte amaierarako lizitatu nahi dituzte obrak.
Apirilean hasiko dira Leioan BI-637 errepidea estaltzeko lanak. Urrian hasiko dira Markina-Xemeingo saihesbidekoak. Sollubeko tunelei ere bultzada eman nahi dio diputazioak aurten, baina oraindik proiektua ere egiteko dauka. Aurrekontuetan dirua du horretan hasteko gordeta.
Klima aldaketari gertutik erreparatu beharko zaio aurten ere, eta kontzientzia hartzeko lagungarri izan daiteke atzera begiratzea. Izan ere, aurten 40 urte beteko dira Bizkaiak azken hamarkadetan sufritu dituen uriola handienetatik. Zorigaiztoko jazoera hura gogoan, Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak eta Bilboko Konpartsek Elkarlan uholdea izeneko kanpaina dute esku artean. Besteak beste, hainbat ekintza, erakusketa, berbaldi eta bestelako antolatuko dituzte urte osoan, eta beren-beregi gogoratuko dute Aste Nagusian.
Zorrotzaurreko uhartean, adi jarraitu beharko dute klima larrialdiak ekarriko dituen ondorioei. Forma hartzen hasita dago proiektua, eta, hainbat ikerketaren arabera, uriolak sufritzeko arrisku handieneko gunea da hiriburuan. Aurten hasiko dira eraikitzen Bizkaiko Parke Teknologiko eta Zientifikoak han izango duen campusa. 133.000 metro koadroko eremua beteko du guztira, irlaren iparraldean eta hegoaldean egongo diren gune banatan banatuta.
Aurten ez da Euskaraldirik egingo, eta ez Korrika pasatuko, baina euskaltzaleek hitzordu garrantzitsu bi izango dituzte. Maiatzaren 21ean, Bizkaiko ikastolen jaia egingo da, Ondarroan, Xe lelopean. Euskal Eskola Publikoaren Jaia, berriz, Mungian egingo da, ekainaren 1ean.
Martxo aurretik ezagutaraziko ditu New Yorkeko (AEB) arkitektura estudio batek Guggenheim museoa Urdaibaira hedatzeko proiektuaren oinarriak. Iaz, Rementeria ahaldun nagusiak esplikatu zuen zeintzuk diren lerro nagusiak. “Jasangarria” izango dela azpimarratu zuen, “industria astuna biosfera erreserbatik aterako” dutelako —egoitza bietako bat Muruetako ontziolan egongo da—, eta eraikina “CO2 isuririk gabeko” bihurtuko dutelako. Gainera, bisitari kopurua mugatuko dute; urteko hil batzuetan baino ez da egongo zabalik, eta ezingo da autoz joan —soilik oinez, bizikletaz edo trenez—.
Busturialdean bertan, Omako baso berriak iaz eman zituen lehen pausoak: udan, margotzen ari ziren bitartean, bisita gidatuak eskaini zituzten. Lanak bukatuta, aurten irekiko ditu ateak.
Bilbon, Guggenheimek prest du 2023rako egitaraua. Otsailean inauguratuko da Joan Miro. Errealitate absolutua. Paris, 1920-1945 erakusketa, Miroren ibilbideko funtsezko aldiari eskainia. Uda ostean, berriz, Picasso. Materia eta gorputza egongo da ikusgai, artista espainiar horren heriotzaren 50. urteurrena gogoratzeko ekitaldien barruan.
Mende laurdena beteko azaroan Bilbo Artek, eta ospatzeko bigarren egoitza inauguratzeko asmoa du Bilboko Udalak. Uribitarte kaian egongo da 650 metro koadroko gunea, eta erakusketa areto eta gordailu lanak egingo ditu. Egungo egoitza tailerretarako erabiliko dute.
Martxoaren 3an irekiko ditu berriro ateak Durangoko Plateruena kafe antzokiak. Uztailaren 6tik 8ra egingo da BBK Live jaialdia Bilbon: besteak beste, Florence & The Machine eta The Chemical Brothers igaroko dira Kobetamenditik. Sarrerak agortuta daude dagoeneko uztailaren 22an Iron Maidenek BECen eskainiko duen kontzertura joateko.
KIROLA. Bilbo Tourraren hiriburu