Mikel Garcia Martikorena
Plaka fotovoltaikoak jartzea, etxebizitzak isolatzea, LED argiak jartzea kalean, eta tokiko produktuen ekoizpena sustatzea dira, besteak beste, 2030ari begira Durangoko Udalak martxan jarriko dituen neurrietako batzuk. Ekinbide horiek 2030erako trantsizio energetikoari bide emateko udalak ezarritako Energia eta Klima Planaren barnean daude.
Udalak Tecnaliarekin batera ondu du plana, eta balio izan die egungo egoeraren argazkia ezagutzeko eta aurreikuspenak egiteko. Azterlanaren arabera, bide beretik jarraituz gero, 2030ean 122.896 tona CO2 isuriko dira Durangon; hau da, 2018an baino %41 gehiago. Igoera hori garraioari dago lotuta bereziki. Izan ere, ikerlarien ustez, garraioek eragingo dute 2030ean Durangoko kutsaduraren %69,7; gaur egun baino ia zortzi puntu gehiago.
Gauzak horrela, udalak hiru helburu nagusi ezarri dizkio bere buruari 2030era begira: udal azpiegituretan energia kontsumoa %35 jaistea, horiek erabilitako energiaren %32 jatorri berriztagarrietatik etortzea, eta herriaren deskarbonizazio partziala lortzea —%20—. Aitor Bravo Durangoko alkateorde eta Lurralde Saileko arduradunak dio azken hori gero helduko dela, besteak beste.
Bravoren ustez, planak duen alderik “iraultzaileena” helburuak dira. Erronka horri aurre egiteko, hirurogei neurriz osatutako ekintza plan bat jarriko dute martxan 2030era arte. Udalak dituen eskumenekin zuzenean loturik dauden 11 neurri daude, baina lau azpimarratu ditu. Aurrena: udaleko ibilgailuak —Udaltzaingoarenak, kasurako—, elektrikoetara aldatuz joango dira. Bigarrenik, energia kontsumoa gutxitzeko, LED argiak jarriko dituzte kale argiteria guztian. Durangon 3.941 argi puntu daude, eta egun erabiltzen diren argiak direla-eta, orduko 2.324.257 kilowatteko elektrizitate kontsumoa sortzen dute. Bravok dioenez, hasiberri den urtearen lehen hiruhilekoan egin nahi dute aldaketa.
Fotovoltaikoen iraultzaz
Udalaren eskuetan dauden eraikinekin lotutako bi neurri aipatu ditu Bravok. Alde batetik, energia murrizteko ekintzak eramango dituzte aurrera; hala nola, leihoak aldatzea, argiztapena moldatzea, eta eraikinak ondo isolatzea. “Eraikinak ondo isolatuz gero, energia kontsumoa beherantz doa, hileroko fakturan ordaintzen denarekin batera”. Udalaren kalkuluen arabera, ordaintzen dutenaren %37 inguruko beherakada espero dute.
Bestetik, 1.200 plaka fotovoltaiko inguru jarriko dituzte hainbat udal eraikinetan. Neurri horren helburua da “autohornikuntzan” aurrera egitea. Izan ere, udal eraikinei erreparatuz gero, urtean 2.942.409 kilowatt orduko elektrizitatea eta 4.924.586 kilowatt orduko gasa kontsumitzen dira. Gaur egun, lau eraikin publikok dute plaka fotovoltaikoren bat: Landako 1 kiroldegiak, Landako eskolak, musika eskolak eta udalak dituen hainbat etxebizitzak. Aurten, bi eskolen plaka kopurua handitzeaz gain, beste bi eraikin gehituko dira zerrendara: Ezkurdi frontoia eta Landako gunea. Horrela, egun eratzen diren 59.826 kilowattetatik 457.426 kilowattetara igaroko da udala.
Bravok aitortu du herritarren parte hartzerik gabe neurri horiek guztiak ez direla aski. Horregatik, hainbat kontzientziazio kanpaina eta bestelako ekinbideak egingo dituzte; hala nola, obari fiskalak emango dizkiete plaka fotovoltaikoak beren eraikinetan jartzen dituztenei, diru laguntzak emango dituzte energia berriztagarriak bultzatzeko, eta ibilgailu gabeko eremuak geroz eta handiagoak bihurtuko dituzte.
Herritarren sentsibilizazioa handitzeko eta lehen sektoreari bultzada bat emateko asmoz, hainbat ekintza eramango ditu aurrera Durangok datozen urteetan. Horien artean dago, besteak beste, ortu ekologiko komunitarioen garapena. Aurten hasita, durangarrek eskura izango dute baratze bat. Neurri hori ekoizpen jasangarria eta tokikoa sustatzeko ildo estrategikoaren barruan du udalak.
Zailtasunak egongo direla aitortu du Bravok: “Herria nahiko dentsifikatuta dagoenez, energia kontsumoa murrizteko egin daitezkeen ekintzak ez dira hain errazak”. Gainera, Durangok duen orografia dela eta, “herri osoa” ornituko duten plaka fotovoltaikoak jartzea “ezinezkoa” da.
Itsulapikoaren kontuak
Neurri eta egitasmo multzo hori, baina, ez da debalde izango: 13.313.870 euroko inbertsioa egingo du udalak 2030era arte. Diru gehien udalarekin lotutako arintze neurrietarako erabiliko da; 6.061.870 euro, hain zuzen. Neurri horien artean daude, esaterako, plaka fotovoltaikoak erostea, horiek instalatzea eta ibilgailu elektrikoak erostea. 2023ko aurrekontuen kopurua datozen urteetan mantenduko balitz —45.068.046 euro—, aurrekontuen %3,69 erabiliko lukete Energia eta Klima Plan berrirako.
Gastu hori guztia, hala ere, ez da durangarren poltsikoetatik irtengo. Bravok azaldu duenez, Europatik laguntzak jasoko dituzte; “gastuaren %70 inguru”. Udala, baina, ez da dirua jarri behar duen bakarra. Berotegi efektuaren ondorioak saihesteko, sektore pribatutik 47 milioi euro inguruko inbertsioa egin beharko da.