Artista oso bati aitortza

Artista oso bati aitortza

Amaia Igartua Aristondo

Sorterriko eta inguruetako ohiturak eta paisaiak oparo islatu zituen Ramon Zubiaurre artistak (Garai, 1882Madril, 1969). Eta, hain justu, sorlekuan bertan egin diote aitortza orain, haren obrari eskainitako lehen bakarkako erakusketan: Zubiaurreren jaiotzaren 140 bete direla aprobetxatuta, 30 artelan, dokumentu eta objektu bildu ditu Durangoko Arte eta Historia museoak, egilearen bizitzaren eta lanaren inguruko dokumentazioarekin jantzi dute erakusketa, eta, haren nondik norakoak aletzeko, hainbat bisita gidatu antolatu dituzte; euskaraz, urtarrilaren 19an eta otsailaren 1ean. Bada omenaldi bat, hein batean, eta baita berreskurapen bat ere, Rebecca Guerra komisarioaren hitzei erreparatuta. “Orain arte, Ramon Zubiaurrerekin lotutako ikerketa eta kultur difusio gutxi egon da”. Otsailaren 5era bitartean bisitatu ahalko da bilduma Durangoko museoan.

Museoaren artxibotik, beste zenbait instituziotatik eta bilduma partikularretatik jasotako obrekin, Zubiaurreren garai artistikoak errepasatzen dituen atzera begirakoa ondu dute. Besteak beste, Bilboko Arte Ederren Museoak, Bizkaiko Batzar Nagusiek eta hiribilduko Rembrandt galeriak utzi dizkiete piezak. Orobat, haren hainbat akuarela ipini dituzte, sarritan jo baitzuen formatu horretara. Latinoamerikan egondako urteetako ekoizpenak kenduta —aurrekontu eta logistika arrazoiak tarteko, komisarioak zehaztu duenez—, Durangoko museoan islatuta ageri dira artistaren gai, estilo eta xehetasun ia guztiak, eta haien eboluzioa; “diskretua”, oro har. “Ez dago modernitate apurtzaile bat”, argitu du Guerrak, baina, nolanahi ere, lorratza utzi zuten erbesteko garaiek, baita mugimendu artistiko berritzaileek ere.

Zubiaurreren hasierako urteak bazter utzi dituzte, formakuntza urteei baitagozkie, eta artean Zubiaurreren izaera artistikoa “eratu gabe” baitzegoen, Guerraren irudiko. Hori horrela, 1910eko hamarkadan abiatzen da Durangoko erakusketa. Garaiko euskal artearekin lotutako estiloa zuen. “Islatuta zeuden orduko hartako interes artistikoak”. Industria garapenaren garaia zen, baina kostunbrismora jo zuen Zubiaurrek: itsas giroa islatu zuen sarritan —Ondarroa “gai errepikakorra” zen bere lanetan, kasurako—, eta Garairi ere hainbatetan erreparatu zion, beraren eta familiaren sorlekuari, hain zuzen. Izkin egin zion industriari, hein batean. “Ez zituen jorratu industriari lotutako gaiak, baizik eta bizitzaren atsegintasunari lotutakoak; esaterako, landako bizitza”. Bizitza desatseginari ere arreta jarri zion, ordea, eta horren adibide paradigmatikoa da Shanti Andia marinela koadroa (1924), Madrilgo Reina Sofia museoan dagoena. “Baina, hala ere, estilo optimista zuen orokorrean; ez zuen agerian uzten garaiko zirkunstantzia industrialari buruzko kritikarik, orduko beste euskal artista batzuen kontrara”.

Ramon Zubiaurre 2

Gazte garaian, halaber, lausotzearen teknika ikasi zuen, pintore flamenkoek zerabiltena XVI. mendean. Eta, urteekin, kolore biziagoak erabiltzen hasi zen, komisarioak azaldu duenez. Obra errealista zen, gaiei dagokienez, baina bazuen “errealismo magiko” ukitu bat ere, Guerraren arabera. “Ametsetako giro bat sortzen zuen koadroetan. Garai inguruko paisaiak modu batera islatu zituen obra batean, eta beste modu batera beste batzuetan. Bere asmoa zen erakustea arkitektura edo bestelako elementu ezagun batzuk, leku zehatz bat islatzeko; baina ez zuen erabiltzen errealismo zorrotza”. Pintura tradizionala zen, aurreko mendeetako artisten tradizioan errotutakoa; baina, era berean, modernoa zen Madrilgo zirkulu artistikoentzat, halakoak iruditzen baitzitzaizkien gerra aurreko euskal artearen joera denak, komisarioak adierazi duenez.

36ko gerra bukatu ostean, Txilera erbesteratu zen 11 urtez, etenik gabe —Hego Amerikan egona zen aurretik—, eta denbora hartan bere ekoizpenak beste norabide batzuk hartu zituen. Jarraitu zuen kostunbrismoa jorratzen, baina erretratuak ekoitzi zituen, batik bat. Txiletik Madrilera joan zen 1950eko hamarkadan, baina panorama artistiko eraberrituarekin egin zuen topo: Zubiaurreren pintura zaharkitua zegoen jada, Madrilen molde abstraktua nagusitu zelako.

Ramon Zubiaurre 3

Egoerak izan zuen eraginik haren ekoizpenean, baina ez zuen errotiko aldaketarik eduki. Eboluzioa diskretua izan zen orduan ere. Gai berdintsuak izan zituen hizpide —kostunbrismoa, nagusiki—, eta estiloan utzi zuen abstrakzioak arrasto nabarmenena. “Eskua eman zion nolabaiteko modernitateari. Figurak eskematikoagoak ziren, ez hain xehatuak, ez zuen detailea hainbeste landu: ez zuen sakondu hainbeste aurpegietako zimurretan, adibidez. Ez zen lehen bezain errealista; azken flamenkoetatik edan zuen, figuren hieratismoari dagokionez, batez ere”. Komisarioaren arabera, ez zuen interesik agertu abstrakzioagatik, baina moldekoaren hainbat ezaugarri bereganatu zituen: eskematizaziorako joera erakutsi zuen, eta aurreko kolore biziak apaldu zituen. Ez zuen beste eboluziorik eduki. “Bere belaunaldiko beste euskal pintore batzuk askoz modernoagoak izan ziren, are 1910eko eta 1920ko urteetan; Arteta, esaterako”.

Anaiari estuki lotua

Durangoko Arte eta Historia museoak Ramon Zubiaurreren atzera begirako bat egiteko interesa agertu zuen, baina, era berean, antola zitekeen erakusketa bat haren anaiaren inguruan, Valentin Zubiaurre, bien obra ikertu baitu Guerrak. Lotuta daude bataren eta bestearen ibilbideak, ezinbestean; hainbeste, ezen erakusketak badu, Ramon Zubiaurreren obra ezagutarazteaz gain, beste xede bat ere: ibilbideari aitortza egitea indibidualki; alegia, Valentin anaiarenarengandik bereiztea.

Ramon Zubiaurre 4

Izan ere, “askok uste izan dute beti lan ia berdinak direla, baina ez da hala”, adierazi du komisarioak. “1910eko urteetan, oso antzekoak ziren obrak sortu zituzten. Baina inoiz ez da izan haien asmoa lanak bereizezinak izatea; obra berdinak egin nahi izan balute, batera sinatuko zituzketen, baina bakoitzak dagokion sinadura darama”. Lotura estu bat izan zuten, hori bai, hala artistikoki nola pertsonalki, eta umezaroan topatu behar da horren ernamuina, Guerraren irudiko. Valentin gorra zen, eta Ramonek, txikitan, istripu bat eduki zuen etxean, zeinek gorreriaren pareko desgaitasun bat utzi baitzion. “Egoera horretan, amak erabaki zuen bata bestearengan bermatuko zela, eta Ramonek bere bizitza sakrifikatu zuen hasieratik”. Hala ere, ez zen bortxaz onartu beharreko zerbait izan; komisarioaren esanetan, Ramon beti egon zen anaiaren bizitzan eta obran parte hartzeko era horren alde, baita helduaroan ere.

Inoiz ez zen anaiarengandik askatu. Baina, estilo artistikoari dagokionez, Ramonen aldaketa txiki horiek anaien moldeak urrundu zituzten, hein batean. 1917. urtea mugarria izan zen, komisarioaren hitzei erreparatuta; hain justu, ezkondu egin zen Ramon, Isolina Gallegorekin. Baina 1910eko urteetan ere, nahiz eta bien estiloak oso antzekoak izan, bazegoen desberdintasunak antzematen zituenik; hala begitantzen zitzaion Juan de la Encina Bilboko arte kritikariari, esaterako. Guerrak ere ñabardurak ikusten ditu bataren eta bestearen ekoizpenaren artean, eta Shanti Andiaren koadroa aipatu du, ostera ere, adibide moduan. “Valentinen obrak baino indar kromatiko handiagoa du”. Alegia, biziagoak ziren Ramonek zerabiltzan koloreak.

Ramon Zubiaurre 5