Ibai Maruri Bilbao
Aurten ez da azpiegitura berririk inauguratu, baina bai nahi beste proiektu iragarri edo egiten hasi. Obretarako finantzaketa akordioak ere sinatu dituzte erakunde publikoek. Mugikortasunaz gain, bestelako azpiegiturak ere izan dira berri: esaterako, parke eolikoak egiteko proiektu berriak jakinarazi dituzte, eta zabortegiak ireki edo handituko dituela ere iragarri du Eusko Jaurlaritzak.
Urrian, metroaren bosgarren linea finantzatzeko akordioa sinatu zuten Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak: erdi bana ordainduko dute 360 miloi euroko inbertsioa. Ibilbideak 6,3 kilometro izango ditu, Sarratu (Basauri) eta Usansoloko ospitalearen artean, bost geltokirekin. Beste kilometro eta erdi luzatuta, Euskotrenen Busturialderako eta Durangalderako lineekin lotuko da. Ondo bidean, metroa 2027an iritsiko da Galdakaora; 2028an ospitalera, eta 2029an lotuko dute Euskotrenen lineekin.
Metroaren lehen eta bigarren lineak lotzeko beste proiektu bat ere aurkeztu du aldundiak. Diputazioak iragarri du itsasadarreko tunela aprobetxatuta Sestaoko eta Areetako metro geltokiak lotuko dituen tren lotura bat egingo dutela. Lau minutuko maiztasuna izango du zerbitzuak, eta lau minutu iraungo du bidaiak. Erabiltzaileek hogei minutu aurreztuko dituzte, ez dutelako Bilboraino joan beharko lineaz aldatzera. 2,6 kilometroko luzera izango du trenbide berriak. 2024an hasiko dituzte lanak, eta espero dute 2028rako tunel osoa prest egotea.
Bilbon, metroaren laugarren linearen lehen fasearen diseinua hil honetan aterako dute lehiaketara, Abandoko metro geltokitik Basurturaino joango den tartearena. Bizilagunek salatu dute ez dietela onartu proiektua hobetzeko egin duten ekarpenetako bat bera ere. Horregatik, jatorrizko ibilbidearen proiektura itzultzeko eskatu dute: Matiko, Moyua eta Errekalde lotuko lituzkeenera.
Proiektu gehienak metropolian egingo dira datozen urteetan. Esaterako, martxoan aurkeztu zuten Barakaldo eta Erandio artean eraikiko duten oinezkoentzako zubi mugikorra. Erdiko aldean alboetara zabalduko da, itsasontziak pasa daitezen. Datorren urtean hasiko dituzte obrak, eta 2024rako prest izan nahi dute zubia. Ordurako, Bilbo eta Getxo itsasadarraren ertzetik lotuko dituen bulebarra ere amaituta egongo da; 6,8 kilometro luze izango da, eta hiru bide izango ditu —bat oinezkoentzat, bat bizikletentzat eta beste bat ibilgailuentzat—. Datorren urtean hasiko dira hori eraikitzen ere.
Dena ez da iragarpena izan, hala ere: aurten lanean ere ibili dira. Berarako, Bilbo hegoaldeko saihesbidean. Seberetxeko tunelak eraiki dituzte, eta Rementeriak esan du AP-68arekiko lotunea Aste Santuan inauguratuko dela. Sollubeko tunelen proiektua ere berpiztu du diputatu nagusiak. Tunel bi izango dira: 315 metrokoa eta 130ekoa.
Bizikleta bidezko mugikortasunerako, bizikletentzako pista berri bi iragarri ditu diputazioak: Galdakaoko Erletxeta eta Larrabetzu artean, eta Erletxeta eta Boroa artean. Bi bideak lotuta egongo dira, eta guztira 7,9 milioi euroko inbertsioa egingo dute. 2024rako eraikiko dute. Datorren martxorako amaitu gura dute Zornotza eta Iurreta lotuko dituena.
Energia krisiak eta klima larrialdiak bultzatuta, energia hornidurarako bide berri eta jasangarriak bilatzen hasi dira erakundeak. Baina proiektu berriek ezinegona sortu dute bizilagunen artean; batez ere, parke eolikoenak. Enkarterrin, mendi martxa egin zuten joan den domekan, Sopuertako Alen mendira: Artzentales, Sopuerta, Galdames eta Muskiz artean, zortzi aerosorgailu ipini nahi ditu Euskal Haiziek, eta Enkarterrin Parke Eolikorik Ez plataformak salatu du kalte egingo dietela ingurumenari, ondareari eta ekonomiari. Lau udalak ere proiektuaren aurka daude.
Orozkoko Udalak ere Larragorrin ipini nahi dizkieten aerosorgailuen aurkako mozioa onartu zuen ekainean: Jaurlaritzari exijitu dio proiektua eteteko. Orain enpresari batzuen bisita izan du alkateak, herrian beste parke eoliko bat jartzeaz zer iritzi duen jakiteko asmoz. 2023rako herri galdeketa bat antolatuko duela iragarri du udalak.
Karrantzan, ostera, baliteke hamarkada luzez geldi izan duten proiektuak bigarren aro bat izatea. Enpresa talde batek minda planta berriz martxan ipini nahi du, baina, kasu honetan, biogasa eta ongarria sortzeko. Hasi dira baimenak eskatzen. Asmo bera du diputazioak ere Artigaserako: edukiontzi marroietan bildutako hondakin organikoekin biogasa egiteko proiektua lizitaziora atera du udazkenean.
Duela ia hiru urte Zaldibarko zabortegia amildu zenetik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako industriak arazoak izan ditu hondakinak pilatzeko, eta, ordutik, inguruko lurraldeetara 100.000 tona eroaten ari dira urtean. Beste herrialdeekin duen mendekotasun hori txikitzeko, Eusko Jaurlaritzak hondakindegi batzuk handitzeko eta beste batzuk berriz irekitzeko asmoa du. Bizkaian daude gehienak: Igorrekoa, Lemoakoa eta Mallabikoa handituko dituzte, eta Artxandan, Bilboko Udal Zabortegi zaharraren zati bat berriz zabalduko dute, eremua handituta. Udalek haserrea agertu dute proiektuei buruzko informaziorik ez dutelako. Bilbon, Artxandan metropoliko parkea eraikitzearen aldeko plataformakoek kezka agertu dute: zabortegia martxan jarrita parkearen proiektua arriskuan egon daiteekela iruditzen zaie, eta inguruan lindanoa dagoela ohartarazi dute.
Irailean inauguratu zuten BAT dorrea, Bilbon: Bizkaia Acelerator Tower. Bizkaia dorreko ekintzailetza zentroari ipini dioten izena da. Euskal Herrian aurretik errotutako 30 enpresa eta 40 start-up dira ekintzailetza zentroaren lehen maizterrak. 2023an egokituko dituzte beste lau solairuak. Abanton, amaitu dute Energy Intelligence Center eraikitzen, eta asteotan irekiko dute.