Ibai Maruri Bilbao
Azken hiru hamarkadetan Bizkaian izandako suterik handiena piztu zen Balmasedan urriaren 23an. Carlos Uriagereka foru aldundiko Baso Zerbitzuko buruak azaldu zuen haren larritasuna, handik astebetera balantzea egiteko kazetariekin elkartu zenean: “Sute leherkorra izan da, aurrekaririk gabea gurean”. Herria San Severino jaietako egun handia ospatzeko prest zegoen, baina hego haize zakarrak eta keak putxera lehiaketaren 50. aldia bertan behera uztera behartu zuten udala. Hiruzpalau egun behar izan zituzten sutea osorik itzaltzeko. Zallara, Gordexolara, Artziniegara (Araba) eta Valle de Menara (Burgos, Gaztela eta Leon, Espainia) ere hedatu zen. Guztira, Bizkaian 411 baso hektarea erre ziren. Ikerketaren arabera, haizearen ondorioz apurtutako arbola baten adarra argindar sarera erori zenean isiotu zen sutea.
Uriagerekaren esanetan, batez ere, haizearen indarrak lagundu zion suteari hedatzen, eta, aldi berean, suhiltzaile, basozain eta diputazioko beharginei itzaltzea oztopatu zien: batez beste, orduko 120 kilometroko abiaduran jo zuen, eta, tarteka, zakarrago. Biharamunean Espainiako Gobernuaren ur hegazkinak etorri behar izan ziren Bizkaira, laguntzera. Baita urriaren 28an ere, Berangon, Trapagaranen eta Loiun piztutako suteak itzaltzera. Loiukoa laster kontrolatu zuten suhiltzaileek, baina beste biek kezka eragin zuten. Edozelan ere, goizaldean piztu eta arratsalderako kontrolpean izan zituzten. Guztira, 70 hektarea erre ziren.
Haizea zakar ibili zen urriko egun haietan, eta sargori egiten zuen. Horrez gainera, basoak lehor zeuden. Bizkaiak ezohiko sikate egoera bizi izan du udan. Maiatzetik urrira, euria eskas egin du, ekain bukaerako eta irail bukaerako prezipitazioa kenduta. Ekainean, uztailean eta abuztuan normalean neurtu ohi diren litroen erdiak bildu dituzte, batez beste, Bizkaiko estazio meteorologikoek. Ekainean, egin ohi duen euriaren %50 eta %90 artean egin zuen, eskualdearen arabera. Uztailean, %20tik behera. Abuztuan, ohikoaren erdia baino ez.
Ura eskas txorrotetan
Sikatearen ondorioz, basoetara ohi baino goizago iritsi zen udazkena. Baina udan ere lehor egon ziren larre eta baratzeak. Uzta eskasa bildu dute baserritarrek, eta abeltzainek ez dute izan abereak bazkatzera eroateko belardirik. Ibai eta erreketako emariak oso txikiak izan dira. Ondorioz, neurriak hartu behar izan dituzte Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak eta hainbat udalek.
Busturialdean eta Lea-Artibain alerta egoeraren atarian egon dira uztailetik urrira. Ura “ganoraz” erabiltzeko eskatu zuen Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak. Baita Karrantzan ere udalak. Busturialdeko udalerrientzat lehen uda izan da Bizkaiko partzuergoan, urtarrilaren 1ean desegin baitzen Busturialdeko Ur Partzuergoa. Eskualdean ohikoa da uda sasoian ur falta. Azken urteetan ere hainbat neurri hartu behar izan dituzte. Arazoetako bat ur hornidurak sareak dituen galerak dira; %40tik gorakoak leku batzuetan. Bizkaiko partzuergoak esan du urte hasieratik ibili zela horiek konpontzen. Baina ezohiko sikateak ezohiko neurriak hartzera bultzatu zuen, eta abuztutik urrira bitartean Dutch Spirit itsasontziak 103,5 milioi litro ur edangarri eroan ditu Santurtziko portutik Bermeokora, eta handik hedatu dira Busturialde osora.
Erabakia polemikoa izan da. EH Bilduk eskualdean dituen alkateak Busturialdeko partzuergoa desegin eta Bizkaikora sartzearen aurka egon ziren, eta orain ere Bizkaikoak hartu dituen neurriekiko kritikoak izan dira. Besteak beste, ura itsasontziz eroatea “propaganda” iruditu zaie. Uste dute eskualdeak behar beste ur duela dituzten premiei erantzuteko, eta beste neurri batzuk har daitezkeela ohartarazi dute: esaterako, ur galerak konpondu, Oizko hargunearen emaria osorik aprobetxatzeko hodia aldatu, eta Gernikako akuiferoko ur kutsatuak erabili kaleak garbitzeko. Bizkaiko partzuergoak Busturialdea Zadorrako sistemara lotu nahi du. Horretarako, hodi bat eraikiko du Bermeotik Mungiara, Solluben barrena. EH Bilduk uste du eskualderako dagoen proiektu sozioekonomikoarekin dagoela lotuta proiektua: Guggenheimen egoitza berriak irekitzen direnetik aurrera, turismoa izango bada Urdaibai biosfera erreserbako ekonomiaren motorra, Busturialdeak ur gehiago beharko du.
Karrantzan, ostera, lehen sektorea da ur gehien behar duena. Bizkaiko behien %80 hango ustiategietan bizi dira. Argañeda eta Cerrojako urtegiek 440.000 metro kubo ur bil ditzakete, baina Argañedakoak eraikitzean egindako akatsak ditu eta %43an baino ezin da bete. Sikatearen ondorioz, irailean edukieraren %13an eta %32an egon ziren.
Udalak ikusi zuen beste hilabeterako ura baino ez zuela, eta, esan zuenez, diputaziora eta Bizkaiko partzuergora jo zuen laguntza eske. Diputazioaren arabera, partzuergora bideratu zituzten, hak duelako eskumena. Partzuergoak esan zuen ez zuela laguntza eskaerarik jaso. Karrantza ez da kide, uste duelako partzuergoko tarifekin abeltzaintza arriskuan legokeela. Azkenean, Kantabriatik (Espainia) ekarri zuten ura kamioietan. Bi astez ibili ziren egunero 200.000 litro garraiatzen. Irail bukaerako euriak konpondu zuen arazoa.