Parke eolikoaren aurkako mendi martxa egingo dute etzi Enkarterrin

Parke eolikoaren aurkako mendi martxa egingo dute etzi Enkarterrin

Ibai Maruri Bilbao

Mendiaren Nazioarteko Eguna izango da etzi, eta Enkarterrin jaia eta aldarrikapena uztartuko dituzte. Alen mendiaren tontorrerako martxa antolatu dute, eta gailurrean inguru hartan eraiki nahi den parke eolikoaren aurkako elkarretaratzea egingo dute. Izan ere, Euskal Haizie SL enpresak berrehun metro garai diren zortzi aerosorgailu ipini nahi ditu: Artzentalesko Torrelaseta, Sopuertako Alen, eta Galdames eta Muskiz arteko Mello mendietan egongo lirateke. “Ez gaude energia berriztagarrien aurka, baina bai megaproiektu honen kontra”, ohartarazi du Enkarterrin Parke Eolikorik Ez plataformako Josu Belmontek. “Badakigu trantsizio energetikoa egin behar dela, baina izan behar da demokratikoa: beste edozeren aurretik, inguruko biztanleen interesak egon behar dira, eta, kasu honetan, ez da horrela”. Plataformako kideak orain arte informazioa zabaltzen eta hitzaldiak egiten ibili dira, herriz herri. Etzikoa izango da, beraz, haien lehenengo protesta ekitaldi nagusia.

Proiektua oraindik hasiera fasean dago. Bizkaiko Hitza ahalegindu da enpresarekin hitz egiten, baina ez du lortu. Belmonteren esanetan, aspalditik dabil enpresa egitasmoa bultzatu guran, baina orain zehaztu dute, eta esan du kezka eragin duela eskualdean. Aerosorgailuetako bakoitzak 6,2 megawatteko potentzia izango du; hau da, 49,6 megawatt guztira. Osotara, hogei hektareako eremua okupatuko lukete. Errotek 83,5 metroko hiruna pala izango dituzte. Sortutako argindarra 2.500 metroko koadroko eremua beteko duen azpiestazio elektriko batera eroango litzateke, proiektuan jasotakoaren arabera.

Lau udalak ere aurka agertu dira, eta aurreproiektuaren berri izan ondoren, irailean, herritarren iritzia jakiteko prozesu parte hartzailea abiatu zuten. Proiektuaren aurkako txosten tekniko bat ere ondu dute. Edozelan ere, enpresak, orain, ingurumen baimen bateratua eskatu behar du, eta orduan izango dute udalek alegazioak aurkezteko aukera. Parkearen aurkako plataformak ere txosten zabal bat idatzi du, proiektuari ikusten dizkioten arazoak bilduta. Era berean, plataformak idatzitako mozioa onartzen ari dira udalok.

Ezer baino lehen, Belmontek moduak ipini ditu auzitan. Energia trantsizioa planifikatuta egin behar dela uste du. Eusko Legebiltzarra hasi zen energia berriztagarrien plan bat eztabaidatzen, baina une honetan etenda dago prozesua. “Ildo nagusi batzuk ezarri beharko lirateke, batez ere, lurraldea babesteko neurriak zehaztu”, azaldu du Belmontek. Ostera, salatu du Jaurlaritza baimenak ematen dabilela eskaerak egiten dituzten enpresei, “larrialdi energetikoaren aitzakian”. Gainera, ohartarazi du halako azpiegiturek legedia bete behar dutela, eta honek “maila guztietako administrazioek onartutako ingurumen legedien aurka” egiten duela. Horregatik, eskatu dute Legebiltzarrak bere plana onartu arte baimenik ez ematea. Hala ere, Jaurlaritzak baimenduko duen beldur dira, EAEko Ingurumen Administrazioaren Lege berria erabilita.

Plataforma kezkatzen du, esaterako, aerosorgailuak biziguneetatik oso gertu egongo direla. Riskero, Rebollar, La Toba, Santa Cruz, San Miguel, Montellano, El Sel, Olabarrieta Goikoa, Alen, Las Muñecas eta Obekuri auzoak izango lirateke kaltetuenak. Dorre horiek zarata handia sortzen dute, eta bizilagunek kutsadura akustiko “itzela” sufritu beharko luketela esan du Belmontek. Gainera, eraikitzen diren bitartean kamioien joan-etorria ere handia izango dela iragarri du.

Ura, flora eta fauna

Uste dute parkeak ingurunean ere kalte egingo duela. Besteak beste, han bizi dira sai zuria, sai arrea, erroia, miru beltza, miru gorria, belatxinga mokogorria eta ferra saguzarra, denek dute lege babesa, eta aerosorgailuen hegalek harrapatuta hiltzeko arriskua izango dute, Belmonteren esanetan. EAEko Babestutako Espezien Katalogoan daude inguruotan hainbat landare ere. Aerosorgailuak jartzeko eta haietara joateko pistak eta zementuzko bideak eraikitzeko lur asko mugituko lukete: 109.335 metro kubo, aurreproiektuaren arabera. “Mendi hauek karstikoak dira, eta lur mugimendu horiekin ur filtrazio guztiak desagertuko dira; iturriak agortuko dira”, adierazi du Belmontek. Hamar bat iturburutan eragingo duela uste dute, eta horietatik edaten dute, esaterako, Artzentalesko, Turtziozko eta Sopuertako bizilagunek.

Ondare naturalaz gain, historikoa ere arriskuan ikusten dute. Adibidez, Alen inguruan meatzaritzari lotutako leku historikoak daude, eta aztarna horiek guztiak galduko diren beldur dira. Alen-Arribaltzaga gune megalitikoko aztarnak ere arriskuan egongo direla ohartarazi dute.

Proiektuak ekonomiari kalte egingo diola ohartarazi du Belmontek: “Enkarterri da Bizkaiko eskualdeetan gehien pobretua. Lehen sektorea da gure baliabide nagusia: nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza. Baina proiektu honek hori ere arriskuan jarriko du”. Turismoari lotutako proiektu garrantzitsuak ere badituzte eskualdean; bereziki, paisaia dute elementurik erakargarriena. “Pentsa: dorre hauekin paisaia eder hori erabat aldatuko da; ez du antzik izango gaur egun dugu paisaia bukolikoarekin”. Horrekin lotuta, lurrak balioa galtzeaz ere ohartarazi du: “Etxebizitzak dorre hauetatik zenbat eta hurbilago, haien salneurria, prezioa, txikiagoa”.

Parke horrez gain, Kantabrian (Espainia) beste bat egitekotan dabiltza, Maya aldean, Bizkaiko mugatik gertu. Hain zuzen ere, alkateek uste dute Enkarterriko parkea Kantabriakoaren jarraipena izan daitekeela. Aerosorgailuak mugaren beste aldean egongo dira, baina Bizkaikoan hari lotutako azpiegitura batzuk sortzea ere aurreikusita dago; besteak beste, Muskizen eta Gueñesen. Eta horrek kezka handia sortu du udaletan. Muskizen, gainera, iruditzen zaie udalerrian aurretik ere industria eta energia azpiegitura asko dituztela; esaterako, Petronorren findegia. Kantabriako Gobernua eta hango udalak Mayako parkearen aurka agertu da, baina Espainiako Gobernuak baimendu du, eta lurrak desjabetu dizkie Kantabriako udalei.

Belmontek salatu du parkean sortuko lukeen energia ez litzatekeela eskualdean kontsumituko. “Esportatu egingo lukete, autopista elektrikoarekin bat egin eta Frantzia aldera bidaliko lukete”. Iruditzen zaio haien eskualdea beste batzuentzako energia sortzeko erabili gura dutela. Ostera, eredua beste bat izan beharko litzatekeela esan du: tokian tokiko energia beharrei erantzungo diena. Udaletan aurkeztutako mozioan jaso dutenez, erakundeek komunitate energetikoak sustatzea nahi dute, energia alternatiboa sortu eta buruaskiak izateko.