Elikagaiak xahutzea saihesteko egitasmoa martxan da Bilbon

Elikagaiak xahutzea saihesteko egitasmoa martxan da Bilbon

Mikel Garcia Martikorena

Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako biztanle bakoitzak batez beste 142 kilo elikagai xahutzen ditu urtean, Eusko Jaurlaritzaren arabera. Beraz, urtero, 311.000 tona baino gehiago. Gobernuaren esanetan, elikagaien xahuketa “munduko arazorik larrienetako bat” da; hori dela eta, 2018an Euskadiko Itun Berdea egitasmoa sortu zuten, hiru lurraldeotan horren aurka egiteko estrategia bat eratzeko asmoz. Bilboko merkataritzan eta ostalaritzan probatuko dute orain estrategia hori.

Elika fundazioarekin, Oreka enpresarekin eta Bilbo Dendak elkartearekin elkarlanean arituko da Jaurlaritza hamabi astean, xahuketa murrizteko probarekin. Gaur zortzi azaldu zuten, Bilbon egindako agerraldi batean. Ekinbidea aste honetan jarri dute martxan, eta Bilboko bederatzi merkataritza eta ostalaritza enpresa ari dira parte hartzen: Don Manuel gozotegia, Gaminiz jatetxea eta La Moderna urdaitegia, besteak beste. Helburua da orain arte elikagai soberakinak izan direnei balio berria ematea. Horretarako, egun erabiltzen den eredua aldatu beharko dute.

Planak, hiru fase

Planak hiru fase ditu. Lehenengo, parte hartuko duten merkataritza eta ostalaritza enpresen azterketa kuantitatibo eta kualitatiboa egingo dute, zenbat elikagai xahutzen duten eta zergatik xahutzen duten jakiteko. Bigarrenik, izaten dituzten soberakin horiek dohaintzan ematea zelan bideragarri egin diseinatuko dute. Azkenik, proiektua martxan jarriko dute. Prozesua bukatzerakoan, enpresek xahuketa murrizteko eta soberakinak kudeatzeko plana izatea dute helburu. Bilbo Dendak elkarteko presidente Rafael Gardeazabalek esan du hamabi aste horiek bukatzean eta “proba ondo ateraz gero” gainontzeko enpresetara ere zabalduko luketela egitasmoa.

Izan ere, aurreikusia dago 2023an xahuketaren inguruko neurri legalak ezartzea. Orain, lege proiektua Espainiako Diputatuen Kongresuan dago. Hori dela eta, datorren urtetik aurrera elikagai enpresa guztiek elikagaien soberakinak kudeatzeko plana izan beharko dute. Hala ere, ez da prozesu erraza izango. Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politiketako sailburuordearen arabera, Jaurlaritzak bultzatutako proiektua “[Espainiako] Estatuko aurrenekoa” da. Horregatik, egitasmo “erakargarria” den arren, eraikuntza prozesuan daude oraindik. Prozesua “azkar” egin behar dela gaineratu du Orozek.

Enpresek hiru arazo nagusi dituztela esan du Gardeazabalek. Lehenik, enpresek, eta hiritarrek oro har, “behar dutena baino gehiago” erosten dutela dio Bilbo Dendak elkarteko buruak. Bigarrenik, ingurumenari eragindako kaltea dago. Gardeazabalek azaldu duenez, elikagaiak xahutzen direnean ez da janaria “soilik” botatzen: “Elikagaiak xahutzean, horiek ekoizteko behar diren energia eta ura ere xahutzen dira. Gainera, karbono aztarna handitu egiten da, arrazoirik gabe”. Azkenik, eralgitze horrek eragiten duen “arazo morala” aipatu du: “Beste norbaitek behar dezakeen janariak zakarrontzian bukatzen du”.

Estrategia probatzeko merkataritza eta ostalaritza aukeratu izana ez da erabaki hutsala. Izan ere, hotelek, jatetxeek eta tabernek osatzen duten sektoreak alferrik galtzen diren elikagaien %9,5 xahutzen dituzten; elikagaiak sektore horretara banatzean, berriz, beste %20 galtzen da. Datu horiek Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Itun Berdearen barruan eginiko azterketan jasotakoak dira. Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Orozek azterlanaren garrantzia azpimarratu du, Europako Batasunean gaia horren inguruan egiten den “aurrenekoa” dela baieztatuz.

Europako Batasuneko politikak arautzen duen den gaia da elikagaiena. Jaurlaritzak egindako ikerketa aitzindaria izan arren, Orozek azaldu du EBko kide denak “berdin jarduteko” gida bat onartu dela. Izan ere, Elika fundazioak emandako datuen arabera, ekoiztutako hamar elikagaitatik bik zakarrontzian bukatzen dute Europan.

Ekiteko garaia

Gardeazabalen ustez, ikerketaren emaitzak “ikaragarriak” dira. Hortaz, Bilbo Dendak-etik “horren aurka egiteko betebehar morala” dutela baieztatu du. Sailburuordea ere horren alde agertu da, eta ikerketaren balioa nabarmendu duen arren, uste du ekintzarako garaia dela: “Ikerketarekin soilik ez dugu ezer aurreratzen. Ekiteko garaia heldu zaigu, benetan eragina izan dezaketen mekanismoak eratzeko”. Horregatik, “arazo bat aukera bihurtzeko” plana martxan jarri dute, Gardeazabalen aburuz.

Jaurlaritzaren ikerketak adierazten duenaren arabera, ostalaritza eta merkataritza ez dira aldatu behar diren bakarrak. Izan ere, xahutzen diren elikagaien %44,7 etxeetan xahutzen dira. Horregatik, Elikak sentsibilizazio orokorra lortzeko Janaria ez da botatzen kanpaina berreskuratu du, datozen Gabonetan familiek janaririk xahutu ez dezaten.