Ibai Maruri Bilbao
Bizkaian urtero bi mila emakumek baino gehiagok sufritzen dute indarkeria matxistaren bat. Iaz, esaterako, 2.307k ipini zuten salaketa. 2.908 eraso salatu ziren. Beraz, andre batzuek eraso bat baino gehiago sufritu zituzten urte berean. Gaur zortzi izango da Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna, eta Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak urteroko kanpaina abiatu du. Lor dezagun aurtengoa azken A25a izatea. Bat gehiago ere ez da aukeratu duten leloa. Martitzenean aurkeztu zuen Teresa Laespada foru diputatuak, Bilboko Emilio Campuzano Lanbide Heziketa zentroan, hango ikasleekin batera egindako agerraldian.
Diputatuak Conchi Gonzalez gogoratu zuen: iaz senarrak hil zuen, Sestaon; 56 urte zituen. Haren arabera, Bizkaian “indarkeria matxistak hildako azken emakumea” da Gonzalez. Aurten, 90 urteko andre bat hil da Barakaldon; Ertzaintzak semea atxilotu zuen hark eragindako kolpeengatik hil zelakoan. “Tratu txarrak eta hilketak arazoaren zati bat baino ez dira. Arazoa da gizartea emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasunean oinarrituta daukagula. Horregatik, esan nahi dugu nazkatuta gaudela, eta aske bizi nahi dugula”.
Bereziki gazteentzat izan da Laespadaren mezua. Esan die etorkizunean gizartea gidatuko dutenak direla, eta oraindik ikasi behar dutela indarkeriak ezin duela lekurik izan gizartean. “Adi egon. Begiratu zuen ingurura, sufritzen ari den emakume bat baino gehiago izango duzue-eta alboan”, ohartarazi die. Izan ere, hiru ordutik behin eraso bat gertatzen da Bizkaian. Bereziki deigarria izan da azken bost urteetan sexu askatasunaren aurkako indarkeriak zer gorakada izan duen: 2016tik 2021era bikoiztu egin da: salatutako 122 kasuetatik 224ra igo da, Ertzaintzak eta udaltzainek emandako datuen arabera.
Erakundeen arteko lana
Bizkaiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak 2015ean hasi zituen Azaroaren 25eko kanpainak. Aurten, Eusko Jaurlaritzak, EAEko hiru foru aldundiek eta Eudelek kanpaina bateratu eta bakarra jartzea erabaki dute: Solik bai da baietz da leloa. Baina, hala ere, Bizkaiko Diputazioak bereari ere eutsi dio. Biktimei arreta modu integratuan eskaintzearen garrantziaz ohartarazi du Elgarrestak, astelehenean kanpaina aurkezteko egin zuten arregaldian. Esan du erakundeen arteko koordinazioa “ezinbestekoa” dela.
Laespadak eman ditu Bizkaiak biktimei ematen dien arretari dagozkion datuak. Iaz, 228 pertsona artatu zituzten berehalako harrera zentroan: 131 emakume, 96 seme-alaba eta mendeko pertsona heldu bat. Egonaldi ertain eta luzeko zentroan, berriz, 51 andre artatu zituzten, eta 43 seme-alaba. Datorren urtean sexu erasoen biktimei laguntzeko zentro berri bat ipiniko dute martxan Bizkaian. Laguntza psikologikoa, juridikoa eta soziala emango die biktimei.