Amaia Igartua Aristondo
Santiago katedrala, San Anton eta San Nikolas elizak, Gizakunde komentua eta Atxuriko ospitalea. Bilboko Zazpikaleak multzo historiko-artistiko izendatu zituzten 1972ko urriaren 27an, eta, Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratutako dekretuan, adibide horiek zerrendatu zituzten, besteak beste, gunearen “balioaren” erakusgarri. Berrikuntzetatik babestu behar ziren Zazpikaleak, dekretuaren arabera, eta babes hori eman zien izendapenak, orain dela 50 urte.
Ondare artistikoaren adibideak aipatzen ditu dekretuak, gehienbat, alde artistikoari erreparatzen baitzion huts-hutsik, Alberto Santana historialariak azaldu duenez. “Garai hartan ohikoa zen bezala, monumentuak soilik hartu zituen aintzat dekretuak, eta horiek baino ez zituen defendatzen”. Alde horretatik, uste du “hanka sartu” zela Zazpikaleen balioak identifikatzeko orduan: eraikin “ederrak” daudela onartu du, baina, dioenez, ezin dira alderatu Euskal Herriko beste eremu batzuetan gorde direnekin. “Ez da egia, dekretuak esaten duen bezala, jauregi asko dituela. Bizkaiko beste hiribildu batzuekin konparatuta, Bilbok ez du ia ezer; Erdi Aroko arrasto gutxi ditu. Urduñak eta Lekeitiok Bilbok baino monumentu gehiago dituzte”.
Halere, Santanak balioetsi egin du Bilboko alde zaharra. Lehenik eta behin, kokapenagatik. “Zentralitate goreneko tokia okupatzen du: bertute oso garrantzitsua da, eta horrek eman die Bilbori eta Zazpikaleei izaera”. Barrurago dagoen eremu batean sortu zen Bilbo, baina garraiorako lehorreko ibilbideek —astunak eta geldoak— eta itsasokoek —azkarrak— bat egiten dute han. “Balio handirik ez zuten, baina bolumen edota pisu handia zuten materialak atera zitezkeen Bilbotik, hala nola artilea eta burdina”.
Era berean, ondare kulturalaren ikuspegitik ere, historialariari esanguratsua iruditzen zaio alde zaharra. “Kantauri aldeko hiri nukleorik interesgarrienetako bat da”. Eta irizpide aldaketa azpimarratu du, bestelako ezaugarriak biltzen baititu orain ondare hitzak. “Gaur egun, kontzeptu sozialagoa eta integratuagoa da. Gehiago interesatzen zaigu hirigintza, gizarte eskala, gunearen bizitasuna, merkataritza, auzokideen integrazioa…”.
Horretan gailentzen da Bilboko alde zaharra, preseski. “Dekretuak esaten duen lehenengo gauza da Zazpikaleek jatorrizko antolaketari eusten diola; kaleenari, plazenari…”. Bilbo sortu zenean, 1300. urtean, zazpi kale paralelo egitea erabaki zen; gero, XV. mendearen bukaeran, Areatza aldera zabaldu zen. “Multzo monumentalak iraun du: planifikazioari dagokionez, XIV. mendetik; eta, eraikinei dagokienez, osoki eraberritu zen XVI. mendeko sute handiaren eta uholdeen ondorioz, baina, ordutik, bere hartan dirau”.
Era berean, gune “bizia” dela nabarmendu du, eta hori estuki lotuta dago garapen motarekin. Azaldu duenez, XIV. eta XV. mendeak oso onak izan ziren Bilborentzat, alde zaharra inguratzen zuten hiru elizateak (Abando, Begoña eta Deustu) atxikiak zituelako. XVI. mendean, ordea, auzoak independente bihurtu ziren; Abando eta Begoña XIX. mendean batuko ziren ostera ere, eta, Deustu, 1920ko urteetan. Bilbo “mikroskopiko” bilakatu zen: Atxuritik udaletxerainoko eremua hartzen zuen.
Gainera, inguruko elizateek mugatzen zutenez, ezin izan zen hedatu. “Gainontzeko hiriek handitzeko aukera izan zuten, baina Bilbo asfixiatuta zegoen”. Hori hala, gorantz garatu behar izan zuen 10.000 biztanle ingururi tokia egiteko. “Bizkaiko beste udalerriekin konparatuta, Bilbo hiri oso garaia bihurtu zen”. Bitxikeria bat da, Santanaren azalpenei erreparatuta: XVI. mendetik aurrera, erraz ugaritu ziren hiru solairuko eraikinak, eta bostekoak ere bazeuden XVIII. mendean.
“Alde zaharra barrurantz handitu zen, kanporantz egin ordez; gorantz hazi izanak egiten du berezi, baina dekretuak ez zuen hori jaso”. Egoera horrek aktibo iraunarazi zuen, Santanaren esanetan. Auzokideak eta merkataritza han errotu ziren, zabalgunera jo ordez. Eta, orobat, bizitasun hori du gaur egun ere. “Beste hiri batzuetako alde zaharrak —adibidez, Gasteizkoa eta Baionakoa— jendez ia hustuta daude, ez dute ia merkataritzarik”.
Modernizazioa, mehatxu
Santanaren hitzetan, dekretua “zaharkitua” geratu zen indarrean sartu eta gutxira. Hala ere, bere garaian babesa eman zion guneari. “1960ko eta 1970eko urteak espekulazio hutsa izan ziren”, adierazi du historialariak. Izan ere, petrolioaren krisiaren aurreko urteetan (1973), auzoak etengabe handitzen ari ziren, eta hirietako alde zaharrak modernizatzeko joera izan zen nagusi, kaleak zabaldu eta ibilgailuei tokia egiteko. “Hiri handi askotan, harresiak eta etxadi osoak bota zituzten; adibidez, Parisen eta Bartzelonan”. Bilbon ere antzera jokatzeko mehatxua zegoen, Secundino Zuazo arkitekto eta hirigileak eraberritze plan bat proposatu baitzuen, Zazpikaleetako eraikin batzuk bota, eta autoentzako eta tranbiarentzako tokia egiteko. Baina dekretuak oztopatu egin zuen asmoa.
Zenbait urte geroago, 1983ko uholdeak mugarria izan ziren Bilbon, baita ondare kulturala babesteari dagokionez ere. 1972ko dekretua indarrean zegoen orduko hartan, baina, monumentuak baino ez zituenez babesten, hondamendiaren ondorioz beste urrats bat egitea erabaki zuen Bilboko Udalak. Berehala, Surbisa sortu zuten, hiribilduko eraikinen eraberritzea kudeatzen duen enpresa publikoa, eta bestelako irizpideak ezarri ziren, Santanak xehatu duenez. “Dena babestera joan ziren: auzokoen etxeak, tabernak, dendak, barruko patioak, eskailerak, atariak… Babesaren beste esanahi batera salto egin zen”. Gainera, bizitasunak lagundu zien Zazpikaleei lehengoratzen, Alberto Santanaren iritziz. “Ezohiko pultsu ekonomiko eta komertziala zuen”.
Gaur egun, Bilboko alde zaharra bestelako bide batzuetatik zaintzen da; orain, duela 50 urte baino babes handiagoa du: Euskal Autonomia Erkidegoko Euskal Kultura Ondarearen Legean dago jasota, hain justu.