Olatz Enzunza Mallona
Asko aldatu da nekazarien bizimoldea azken urteotan Euskal Herrian. Garai batean bizibide zena jarduera osagarri bilakatu da askorentzat, eta gero eta gutxiago dira lan horietan jarraitzen duten ustiategiak. Egun, gazteek beste sektore batzuetan ikusten dute etorkizuna, eta erretiroa hartuta erreleborik izan ez duten nekazariek utzi egin diote lurrak lantzeari. Egoerari buelta emateko asmoz, Haztegia programa abiarazi du Durangaldeko landa garapenerako Urkiola elkarteak. Ortugintza ekologikoa irakastea izango da haren asmoa, eta sektorean lanean hasi gura duten Durangaldeko edozein herritarrek izango du aukera hautagaitza aurkezteko. Gerora, bi pertsona aukeratuko dituzte, eta ortuariak ekoizteko eta merkaturatzeko aukera izango dute horiek.
Urkiola elkarteak aurten abiatu du lehenengoz Haztegia programa. “Gaur egun, arazo handi bat dago lehenengo sektorean: asko zahartu da, eta belaunaldien arteko erreleboa ez dago bermatuta inondik inora ere”. Eta horixe izan da, hain zuzen, programa martxan jartzeko abiapuntu nagusia, Ibon Goitia Urkiola elkarteko teknikariaren arabera: “Arazoa ikusita sortu dugu programa, baina baita ortugintza ekologikoa bultzatzeko eta nekazaritza ekoizle berriak aurkitzeko helburuarekin ere”.
Egitasmoa aurrera eramateko, hektarea bateko lursail bat atondu dute Berrizen. “Programaren onuradunentzako test gune bat izango da lursail hori, eta hiru urteko epea izango dute sektoretik bizi gura duten ala ez erabakitzeko”, azaldu du Goitiak. Lursailaz gainera, beharrezkoak diren azpiegitura guztiak ere eskainiko dituzte: “Laguntza integrala eskainiko dugu”. Besteak beste, bost berotegi, askotariko makinak, erremintentzako txabola bat eta biltegia. Horrez gainera, ekintzaileek nekazaritza ekologikoan aditua den norbaiten aholkularitza zerbitzua izango dute eskura une oro, baita formakuntza saioak ere.
“Ekoizten den guztia guztiz ekologikoa izango da”, aurreratu du Goitiak. Nekazaritza jasangarria sustatzea izango du helburu egitasmoak, eta tokiko ekoizpenari eta ekoizpen ekologikoari bultzada bat ematea, besteak beste.
Probarako aukera
Sektorerako laneratze prozesua erraztea izango da, finean, programaren helburu nagusia: “Ortugintzan lanean hasi gura duen gazte batek dena erosi behar du, hutsetik hasi behar du, eta, programaren bitartez, herritar bik euren enpresa plana garatzeko aukera paregabea izango dute”. Hiru urteko epea igaro ondoren, sektorean jarraitu ala ez erabakiko dute nekazari berriek.
Egun, Durangaldean ez dira asko nekazaritzatik bizi diren herritarrak, eta hori indartzea izango da datozen urteetako erronka nagusietako bat: “Durangaldeko egoera ez da horren txarra, baina hobetu daiteke. Nekazari berriak nahi ditugu eskualdean”.
Datuen arabera, hamar urte barru ustiategien %40 galtzeko arriskua dago eskualdean. Besteak beste, ez dagoelako belaunaldien arteko transmisiorik: “Gainbeheran dago lehen sektorea, baina ez Durangaldean bakarrik; lurraldeko gainerako eskualdeetan ere halakoa da egoera”. Goitiak argi dauka Haztegia egitasmoak onurak dituela: “Gazteek ez diote erakargarri irizten lehen sektoreari, baina, egitasmo honen bitartez, erakutsi gura dugu posible dela nekazaritzatik bizitzea, eta ondo bizi daitekeela, gainera”.
Izen ematea, zabalik
Jada zabalik dago izena emateko epea, Landa garapenerako Urkiola elkartearen webgunean. Baina, horrez gainera, posible da elkarteko telefono zenbakira deitzea edo mezu elektroniko bat idaztea ere: 946-20 36 11 zenbakira deituz edo landagarapena@landagarapena.eus e-postara idatziz.
Izena ematen duten guztien artean, bi baino ez dira izango onuradunak: sektoreko profesionalen aholkularitzapean egingo dute lan, etengabeko formakuntza jasota. “Gustatuko litzaiguke bi pertsona horiek proiektua elkarlanean garatzea, lankidetzan aritzea, baina ez da derrigorrezkoa izango: aukera egongo da bakoitzak bere kabuz lan egiteko”, adierazi du Goitiak.
Lursailean askotariko barazkiak ekoitzi ahal izango dituzte, eta, gerora, merkaturatzeko aukera ere izango dute, salerosketak egiteko beharrezko lege babesarekin eta Gizarte Segurantzan izena emanda, hain justu. Enpresa proiektu hori hiru urtez garatu ahal izango da, gehienez. “Lehenengo urteko esperientziak esango digu bide onetik goazen ala ez”.