Maitane Sarralde: “Korapiloak askatzea bezala ulertzen dut biluztea”

Maitane Sarralde: “Korapiloak askatzea bezala ulertzen dut biluztea”

A. Igartua Aristondo

Penduluen antzeko elementuetatik zintzilik, erritmo lasaiarekin, doinuek lagunduta eta bere buruarekin elkarrizketan, korapilo sinbolikoak askatuz joango da Maitane Sarralde (Bilbo, 1991) Desªnuda emanaldian, metaforikoki biluztera heltzeraino, kapituluz kapitulu. Ezegonkorrak izango dira mugimenduetako batzuk, arintasuna iradokiko dute bestetzuk; oro har, askotariko gorpuztasunak islatuko ditu ikuskizunak. MusEkintzaren barruan egingo du, bihar, Bilboko Europa parkean, 13:00etan.

Izenburuan hitz joko bat dago, gaztelaniaz: desanuda (korapiloa askatu) eta desnuda (biluzik). Nola batzen dira bi aldeok?

Biluzten naiz korapiloak askatzen noan heinean; biluztea ulertzen dut korapiloen askatze baten gisa. Emate bat da, agertzea, arroztea, gardentasuna: horra heldu arteko prozesu bat da. Topatzen ditugun korapiloen ingurukoa da ikuskizuna: horiei nola egiten diegun aurre, edo saihesten ditugun, baztertu, asumitu…

Eta hori dena nola islatzen da dantzan?

Hainbat eszena daude biluzik egotera heldu arte, eta elementu batekin hartu-eman bat dago: sokez osatutako pendulu bat da, eta beti dago mugimenduan. Izan daiteke dueto bat, nolabait esateko. Eta, gainera, nik badut neure buruarekin elkarrizketa bat, ez dudana helarazi nahi, barruko pauta batzuk baitira, egoera emozionalak, interpretatiboak. Penduluak beste ezaugarri fisiko batzuk ere ematen dizkit, bestelako mugimenduak, eta musika ere badago.

Gorpuztasun ugarien inguruko hausnarketa bat ere bada emanaldia. Zertan datza hori?

Dantzak hainbat testura izan ditzake, lan egiteko modu asko daude, geruza askotatik egin daiteke behar. Gorpuztasun ugarien kontuak izan dezake irakurketa poetikoago bat, erreferentzia egiten baitio hainbat egoeratatik pasatzeari, eta hori gorputzean ere islatzen da. Ikertzen dudanean, sortzeko orduan, hainbat pauta fisiko ditut, zeintzuekin heltzen naizen egoera fisiko batzuetara, edo mugimendu estilo batzuetara. Badago arintasuna, tentsioa, eta lan egiten dut askatzearekin, bultzatzearekin, tentsio hori sortzen; eta, desoreka bat dagoenez, lotailuak hausten doazenez, hautsi egiten da dantza, hegakorragoa den zerbait lortzen da, inertzia bat duen zerbait.

Emanaldia Europa parkean egingo duzu, aire zabalean, leku oso handi batean. Tokiak nola eragiten dizu dantzatzean?

Ikuskizun hau egin daiteke hala aretoetan nola kalean. Hasieran, ideia zen aretoetan egitea, ikuskizun poetikoago bat delako, intimista nolabait; testuinguru tradizionalago bat ematen nion, zehatzagoa, jendea gogo jakin batekin baitoa; kontrol handiagoa dago, nolabait esatearren. Baina, hain justu, piezak hizpide du kontrol nahi horretatik irtetea. Beraz, behin ikuskizuna eginda eta aukerak ikusita, kalera atera nuen, eta nahiko ondo funtzionatu du, egia esan. Beste egoera bat da, ez hobea ezta okerragoa ere.

Zer ezaugarri ditu kaleak, areto batek ez dituenak?

Kalea oso bizirik dago, derrigortzen zaitu partekatzera, eta publikoaren eta interpretearen arteko muga urtu egiten da: entzuten dituzu jendearen komentarioak, ikusten dituzu haien mugimenduak eta erreakzioak, bestelako usainak daude, haizea ere egon liteke… Noski, eragiten du. Eta espazioari dagokionez ere, desberdina da: aretoan, publikoa 180 graduko perspektiban dago, eta kalean 360 gradukoan, edo zirkuluerdi batean. Era berean, lehen aldia da saioa egunez egingo dudala; aurrekoetan argiztapena eduki dut, eta oraingoan, ez. Gauza batzuk ez dira egongo, eta beste batzuk sortuko dira.