Badiraute bizirik

Badiraute bizirik

Olatz Enzunza Mallona

Euskal Herrian bizi diren hegaztien artean, galtzeko arrisku handiena duen hegazti espeziea da sai zuria. Egoerarekin kezkatuta, kudeaketa proiektu espezifiko bat abiatu zuen Bizkaiko Foru Aldundiak 2000. urtean, eta, pixkanaka, ari dira ereindako uzta batzen: hamabi urtean Bizkaian hirukoiztu egin da hegan egitea lortu duen txita kopurua. Aurten, denera, hamabost txita zenbatu dituzte.

Azken urteotan “aurrerapen handiak” lortu dituztela kontatu du Iñigo Zuberogoitia proiektuaren arduradun teknikoak. 2008, 2009 eta 2010 bitartean, programa abian jarri aurretik, sei eta zortzi txita bitartekoa zen arrakastaz hegan egitea lortzen zuten sai zurien txita kopurua, baina kopuru hori hirukoiztu egin zen 2020. urtean: hogei txita izatera iritsi ziren.

Gaur egun, etzaleku komun bat ere badago Bizkaian, eta sai zuriaren 106 ale bildu dira bertara uda honetan. Horietatik 22 bikote osatu dira, baina hamabost txita baino ez dira onik atera azkenean.

Aurreko bi urteekin alderatuz gero, txita gutxiago jaio dira aurten. Zehazki, iaz baino hiru gutxiago. Beherakada horrek, ordea, meteorologiarekin zerikusia izan duela kontatu du Zuberogoitiak: “Uda honetan sarritan izan dugu 40 gradutik gorako tenperatura, eta bero kolpe horien ondorioz, ito egin dira habietako txita batzuk”.

Hala ere, erregistratutako datuen arabera, hobera egiten ari da espeziaren egoera lurraldean, eta, oro har, emaitzak “positiboak” dira. “Pixkanaka bada ere, emaitza onak lortzen ari gara”, nabarmendu du Zuberogoitiak. Bide horretan, gainera, etzalekuek “garrantzi handia” dutela azpimarratu du: “Etzalekuak bikoteak eratzeko guneak dira, eta, etorkizunera begira, espezieak bizirauteko zutabe nagusietako bat dira”.

Urte luzeko jarraipena

2000. urtean abiatu zuen Bizkaiko Foru Aldundiak sai zuriaren epe luzerako jarraipena egiteko kudeaketa proiektu espezifikoa. Garai hartan, Bizkaian, hemeretzi bikote ugaltzaile zeuden, eta horien guztien jarraipena egin zuen 30 pertsonako talde batek. Aurreneko hamar urteetan hegaztiaren jarraipen zehatza egiten ibili ziren, eta, hala, pixkanaka-pixkanaka espeziea bera ezagutzen ere hasi ziren.

Urterik urtera, egiten ari ziren jarraipen lanei beste jarduera batzuk gehitzen hasi ziren; batez ere, habia egiten duten eremuen inguruko giza jarduerak arautu zituzten. Izan ere, sai zuriek “habia kuttun bat” izaten dute, eta, normalean, urtero egiten dute habia leku berean. Baina egon badaude salbuespenak: “Edozein eragozpenek edo gertakarik eragiten du sai zuria beste eremu batera lekualdatzea”. Hori saihesteko, hainbat neurri hartzen ari dira. Esate baterako, debekatu egin dute eremu jakin batzuetan eskalatzea, baita baso jarduerak edota obrak egitea ere. Horrekin batera, autonomia erkidegoko sai zuriak kudeatzeko, baterako plana onartu zen 2015. urtean.

Prozesu berbera

Otsailaren hasieran iristen dira aurreneko sai zuriak Euskal Herrira, eta aurretik hasten da aditu taldea habiak babesteko eremuak mugatzen. Kilometro bateko erradioa hartzen dute, eta bertako jarduerak aldi baterako mugatzen dituzte. Besteak beste, arrautzen edo txiten heriotza eragin dezaketen era guztietako jarduerak.

Gutxi gorabehera, martxoaren hasieran hasten dira lehen errunaldiak, eta orduantxe hasten dira hegaztiak pixkanaka detektatzen. Martxoan eta apirilean areagotu egiten dituzte jarraipenak, eta maiatzean eta ekainean habia guztiak berrikusten dituzte. Kasu askotan, habiaren barrualdea ezin daiteke urrutitik atzeman; beraz, bertan bizi diren hegaztien jokaeraren arabera ebaluatzen da habia bakoitzaren egoera. Azkenik, ekainaren amaieran abiatzen da txitei eraztuna jartzeko protokoloa.

Sai zuriak “nahiko ikaratiak” dira, Zuberogoitiaren hitzetan: “Gutxi behar dute ihes egiteko”. Tamaina ertaineko hegaztia da, eta helduetatik desberdintzen duen ezaugarria kolorea da. Luma zuriak ditu, eta aurpegi horia. Afrikan eta paleoartiko eskualdeko hegoaldean bizi ohi da, eta, Euskal Herrian, inguru menditsuenetan topa daiteke.