Ibai Maruri Bilbao
Obra handi bat ikusiko duzula pentsatuko duzu, baina ez da horrela”. Eskuekin hodiaren zabalera zelakoa den erakutsi du Aitor Agirre Urkidi Arrietako alkateak. Solluben dago, Erreka nagusi izeneko errekatxoan ura hartzen duten lekuan. Tarte horretan, porlanez bidea egina diote urari, eta erdialdera lubaki bat dago, hargunea. Ez da handia. Ez dute ur guztia hartzen: errekaren emari ekologikoa ere bermatu behar dute. Lubakiaren gainean parrilla batek eragozten du adarrak eta hostoak ere barrura sartzea. “Hor azpian dagoen hoditik doa ura txabola horretara; hori da biltegia”. Erreka nagusikoaz gain, beste lau hargune dituzte: Gurgutxe eta Azkonarzulo, Meñakarago, eta, Mape 1 eta Mape 2, Busturirago. Bakoitzak bere ur biltegia du. Bost hargune horietatik eta putzu batetik hornitzen da urez Arrieta.
“Sikatearen ondorioz, lurra mugitu egin da, eta hodietan normalean baino matxura gehiago izan ditugu. Baina, hornidura aldetik, ez dugu arazo larririk izan. Inguruko herriak zelan dabiltzan ikusita, batez ere Busturialdean, uda ondo joan da”, esan du alkateak. Udalak berak kudeatzen du prozesu osoa, ura harguneetatik hartzen dutenetik txorrotik irteten den arte. Ura euren kasa kudeatzen duten Bizkaiko hamahiru udalerrietako bat da: Ermua eta Mallabia Gipuzkoako partzuergoan daude; gainontzekoak, Bizkaikoan. Partzuergoen aldekoa da Agirre, baina urarenak ez du konbentzitzen. “Ez dakit etorkizunean zer pasatuko den, baina, oraingoz, ez gara sartu. Partzuergoan sartzeak ekarriko lukeen onura zein den kontuan hartuta, hobeto gaude honela, kanpoan”. Aitortu du diru laguntzak, gero eta gehiago, partzuergoko kide izateari lotuta daudela, baina jaso jasotzen dituzte. Batez ere, proiektuetarako izaten direla zehaztu du. Berbarako, orain, biltegietako eta etxeetako kontagailuetako datuak udaletxetik kontrolatzeko sistema ipini gura dute.
Juan Manuel Garai eta Javier Madariaga udal langileek egiten dituzte herriko mantentzelan guztiak, eta eurak arduratzen dira uraz ere. Alkateak azaldu duenez, bien artean egiten dituzte ahal dituzten konponketa guztiak; modu horretan, enpresa bat kontratatzen gastatu beharreko dirua aurrezten dute. Sarritan, asteburuetan edo jaiegunetan ere egin behar izaten dute lan. Garaik urte asko daramatza zeregin horretan, eta inork baino hobeto ezagutzen ditu Arrietako ur azpiegiturak. Apurka hoditeriaren mapa zehatz bat osatzen ari dira, hark erretiroa hartzen duenerako.
Ura tratatzeko planta
Sollubeko tontorretik hasi eta Butroe ibaiaren haranera arte doa udalerria; oro har, maldan behera, baina tartean gorabehera orografiko asko dituela. Bost hargune horietatik hartzen duten ura Urtaldeko ur edangarria tratatzeko plantara eroaten dute. “Orain hartzen ari garena nahiko garbi dago, baina euria kolpera egiten duenean lurra ere ekartzen du, zikin egoten da”. Hargune horietako bakoitzak duen biltegian ere garbitzen dute, baina Urtaldeko plantan bihurtzen dute edangarri. Kanpoko aldean hiru edukiontzi handi ditu, sedimentuak-eta kentzeko. Turbidimetro batek uhertasuna neurtzen du planta barruan. “Ur asko sartzen bada, baina ez oso zikin, ondo garbitzen du. Baina oso zikin sartzen bada, denbora gehiago behar du”. Han ematen diote tratamendu kimikoa, kloroarekin. “Makina honek egiten du. Pantailan ikusten da zenbat botatzen dion urari: 0,80 milioikotan mantentzea da helburua. Arazoren bat badago udal langileei mezu bat bidaltzen die. Haiek ere etortzen dira, eskuz neurtzera, makinak zuzen neurtzen duela baieztatzeko”, azaldu du. Horrez gainera, Arrietako Udalak kontratatutako enpresa batek eta Eusko Jaurlaritzak ere uraren kalitatea neurtzen dute.
Tratamendu plantak biltegia du ondoan. Handik bi lekutara eroaten dute ura. Urtalde baino gorago auzuneak daude, beraz, haiek hornitzeko, gorago, Otsagarain dagoen biltegira ponpatzen dute. Baina gehiena Perrisko muinoan dagoen beste biltegira handira bajatzen dute; herrigune gainean dago. Bidean, Agirre eta Gereka auzoak ere hornitzen dituzte. Perristik zabaltzen dute ura gainontzeko auzo gehienetan dauden biltegi txikiagoetara.
Bost hargune horiek ia lehortuta egon dira udan. Iraileko euriekin leheneratu dira. “Hau altu dago, eta arin sikatzen da, baina arin hasten da ura ematen ere”. Sollubeko iturburuetan ur gutxiago dagoenean, lurpeko akuifero batetik hartzen dute gehiago. Urtaldetik datorren ura eta putzukoa Perrisen biltzen dira. Han ere kalitatea neurtzen dute; dagokion kloro maila duen, esaterako. Putzua laurogei metro sakon dago. Lurrazalean ponpa bien arketak ikusten dira, besterik ez, eta sistema elektrikoa kontrolatzeko etxolatxoa du ondoan. Energiaren Euskal Erakundearen laguntzari esker topatu zuten aspaldi. Uztailean, abuztuan eta irailean, Sollubeko harguneetatik oso ur gutxi iritsi zaie Perrisera, eta akuifero honek bermatu du hornidura Arrietan. Izan dute arazorik, baina herritarren gehiegizko kontsumoagatik izan da. Horregatik, igerilekuak betetzea, lorategiak eta ortuak ureztatzea eta autoak garbitzea debekatu zuen udalak uztailean.
“Bospasei piper landare eta beste horrenbeste tomate ureztatzeagatik ez da ezer gertatzen. Baina batzuek lorategiko belarra ureztatzen dute gau osoan. Auzoetako ur biltegiak 24 orduz ura bermatzeko dira: egunez gastatzen dugu eta gauez betetzen dira. Baina gauez lorategia ureztatzeko sistema martxan jartzen baduzu, biltegia husten jarraitzen dugu”, zehaztu du Agirrek. Pare bat egunetan biltegiren bat hutsik geratu zitzaien, eta debekuak ezartzea erabaki zuten. “Edangarri bihurtzeko tratamendua jaso duen ura ezin dugu alferrik galdu horretan”.
Erreketako ura hartzeagatik Arrietako Udalak kanon bat ordaindu behar izaten dio Uraren Euskal Agentziari. Agirreren arabera, normalean, Urari ordaindutakoa baino gutxiago kontsumitzen dute, baina uda honetan, sikateagatik, horren gainetik ibili dira. Zenbat eta euri gutxiago, baserritarrek gehiago kontsumitzen dute, adibidez.
Hoditeria berritzen
Dena den, arrietar guztiek ez dute ur hori edaten. Behean, haranean, Olatxu eta Olabarri inguruan, auzokoek euren iturburua zuten garai batean, beste auzo batzuetan bezala. Baina, duela urte batzuk, hauek hoditeria Errigoitiko Udalaren esku utzi zuten, eta, arrietarrak izan arren, Errigoitiko ura edaten dute ordutik. Errigoitiko beste baserri batzuei, ostera, Arrietak ematen die ura. Udal bien arteko akordio bat adosten ari dira, egoera horrek sor ditzakeen trabak saihesteko.
Nork bere ura kudeatzeak arazo askori aurre egin behar izatea dakar. Oraintsu sistematik legez kanpo ura hartzen zituzten kasu batzuk atzeman dituzte, eta ez da erreza halakoak topatzea. Hoditeria berritzeko beharra ere badute, alkateak esan duenez, zaharra delako. Iazko datuak dira: Perristik irtendako 57.405 metro kuboetatik 20.405 galdu egin ziren. Badabiltza lanean. Udalari lan gehien ematen dion arloetako bat den arren, Agirreri ura kudeatzeko modu hori gustatzen zaio; uste du arrietarrak ere gustura daudela.
103,5: Bermeora eroandako litroak, milioitan
Busturialdeko ur faltagatik, Bermeora ura itsasontziz eroaten hasi zen abuztuan. Egoera normalduta, asteon bukatu dute: 26 joan-etorritan, 103,5 milioi litro eroan dituzte. Lea-Artibain ere kendu dute alerta.