Ibai Maruri Bilbao
Urriko astelehenak Gernika-Lumon, azoka nagusia Markina-Xemeinen, Ganga eguna Zallan… Urte biko etenaren ondoren, urri pozgarria izan beharko luke Bizkaiko baserritarrentzat, salmenta egun nagusiak itzuli direlako. Eta bada, neurri batean, baina ez erabatekoa. Uzta eskasa dute aurten saltzeko, eta ekoizpen kostuak gero eta handiagoak dira. Ez bakarrik lehengaien eta energiaren garestitzeagatik. Sikateak eta beroaldiek are gehiago larritu dute nekazari eta abeltzainen egoera ekonomikoa.
Okelatarako behiak hazten ditu eta ortua lantzen du Zallako Ana Maria Llagunok bere baserrian. Gehienbat merkatuan saltzen ditu, eta salmenta zuzena ere egiten du etxean. “64 urte ditut, eta bizitza osoa egin dut lan honetan: sekula ez dut ikusi hain luzaro halako tenperatura alturik eta hainbeste denbora iraun duen sikaterik”. Udako balantzea egiten hasi, eta iluna atera zaio: “Normalean, zeruka bakoitzean bost edo zazpi indaba garau egoten dira, baina, aurten, hiruzpalau baino ez dira irten. Gainera, lore asko galdu zuten, 43 graduko egun asko harrapatu zituztelako, eta zeruka gutxiago egon da. Erdia baino gutxiago bildu dugu. Zallako tipula moreak ohiko neurriaren erdira baino ez dira hazi. Txorizotarako piperra ere gutxi bildu dugu: lehen loreak denak erre ziren, eta hurrengoetatik irtendako fruitua txiki geratu da”.
Llagunok esan du ureztatu izan balitu uzta galera “apur bat txikiagoa” izango zela agian, “baina ez askoz txikiagoa”. Ez du ez errekarik, ez putzurik; beraz, ureztatzekotan, txorrotik ureztatu beharko luke. “Garestiegiegia litzateke”. Gainera, lursail handiak dauzka landatuta, eta iruditzen zaio gehiegizkoa litzatekeela hura guztia ureztatzea: “Lau mila piper landare ditut, beste horrenbeste indaba; tipulak, antzeko. Horrek guztiak behar duen ura ezin dut ordaindu”.
Maite Intxaustik ureztatu ditu kiwi landareak, beti egiten duen legez. Arratzun ekoizten ditu; familiako enpresa dute. Baina alferrik izan da. “Arbola ur bonba baten modukoa da, eta emari batetik gora ezin du urik eroan. Eguazkialdi handia hartu badu, estresatu egiten da; nahiz eta zuk ur gehiago bota, ezin du gehiago hartu. Ez da hidratatzeko gai. Hostoak zimeldu egiten zaizkio”.
Busturialdean, gainera, ur falta izan dute txorroan ere. Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak arduraz kontsumitzeko agindu zien, alerta egoeraren atarian egon direlako uda osoan. Intxaustirenean Israelgo ureztatze sistema bat erabiltzen dute, gutxiago kontsumitzen duena eta eraginkorragoa dena. “Lainoztapen sistema bat da. Helburua da hezetasuna mantentzea. Ez da eguerdian ureztatzen, beroarekin lurrundu ez dadin eta ura alferrik galdu; goizean eta iluntzean ureztatzen da, aldiro hamabost bat minutuz”. Hala eta guztiz, ez dute bermatu kiwi landareek behar duten hezetasuna. “Egun batean aguantatu dezakete bero handia, baina bizpahiru egun jarraian 38 edo 40 gradutik gora daudela, ez”.
Zer ondorio izan du horrek? Kiwi txikiak bilduko dituztela, laster hasiko den uzta biltzeko sasoian. Kopurua oso aldakorra izaten da urte batetik bestera, baina hau alde horretatik ez da urte txarra izan, arbolak loratu zirenean oraindik ez zegoelako sikaterik. Maiatz-ekainean loratzen dira, eta eguraldia lagun izan zuten: lore asko sortu ziren, eta fruitu bihurtu ziren. Baina, geroko ur faltaren ondorioz, kiwiak ohi baino gutxiago handitu dira. “Normalean baino %30 txikiagoak dira”. Garaia kooperatibaren bidez merkaturatzen dituzte, eta zuzenean ere saltzen dituzte. Intxaustik azaldu duenez, tamainaren arabera sailkatzen dira, eta horrek markatzen du salmenta prezioa ere. “Gutxiago ordainduko digute, eta merkaturatzeko gutxieneko tamaina baino txikiagoak direnengatik guk ordaindu beharko ditugu merkaturatzeak sortzen dituen kostuak”. Ez dago batere baikor: “Behar bada, kostuak kubritzeko beste irabaziko dugu, baina ez nago seguru”.
Intxaustiri kiwiak biltzea baino ez zaio falta. Baina Llagunok oraindik lan asko du egiteko. Arestian aipatutakoak udako uztaren fruituak dira. Neguko ortua prestatzeko sasoia du orain. Eta berandu dabil, sikatearen eraginez. “Ekain-uztailetan landatzen dira goizetiko porruak, azak, azaloreak… Baina ezin izan genuen ezer egin! Irailean landatu behar genituen bigarren txandakoak, udaberrian salduko diren porru, aza eta azaloreak. Eta, orain ere, ezer ez! Zer salduko dugu sasoia heltzen denean?”. Esan du ureztatu ahal dutenek izango dutela saltzeko, baina gutxi egongo dela eta horrek dendetan prezioak asko igotzea ekarriko duela.
Zallako tipula morearen landarea etxean lortzen du. Llagunoren arabera, “ezinbestekoa” da urak behera direnean ereitea; irailean, ahal bada. Baina lurra arrakalatuta egon zen egun haietan, euri faltagatik. Gero, euria egin zuen, eta prestatu du lurra. Baina urriko ilbetea pasatu arte itxaron behar izan du. Domekan izan zen. Beraz, asteon erein behar izan ditu. “Hilabete berandu nabil”.
Dena den, Zallako baserritarraren esanetan, sikatearekin, ortuak baino larriago ibili dira belardiak. Dagoeneko sartu ditu behiak kortara, kanpoan ez dagoelako zer janik. Irail bukaerako euriak lagundu du, baina ez asko. Negurako egindako belar fardelak ematen hasi dira dagoeneko. Etxean egiten dituzte, eta ez dute erosi behar. Garagarra eta ogi sikua ere ematen diete jateko. Eta horiek bai, asko garestitu dira. Ogiaren adibidea ipini du: “Udan, kanpoan egon direnean, egunero, ogi sikuaren zaku bat botatzen nien. Hasieran, hiru euro eta erdi edo lau euro ordaintzen nuen zakua; azkenak sei euroan erosi ditut”.
Iturburuak lehortuta
Mungiako Itturbaltza ganadutegiko ekoizleek ere etxean egiten dituzte belar bolak, uda aurrean. Irailean, hamar egunez eman zizkieten, “denbora irabazteko”, Unai Beitia ganaduzainak azaldu duenez. Izan ere, maneiu berezi bat erabiltzen dute haienean: abeltzaintza birsortzailea. “Bost hektarea dituen edozein baserritan, denean egoten dira bost behiak urte osoan. Guk egiten duguna da sailkatu lau edo zortzi edo hamar partzelatan, eta batean dauden bitartean beste partzelak atsedenean daude. Horrek ematen dio gaitasuna belarrari indarra hartzeko eta birsortzeko. Horri esker, sikateak ere gutxiago eragiten digu guri”.
Mungia eta Gamiz artean dituzte belardiak, eta Solluben Bizkaiko Foru Aldundiak errentan utzitako sail batzuetara ere igotzen dute ganadua. 25 zaldi eta behor, ehun ardi inguru, eta ia beste horrenbeste txahal eta behi dituzte. Haragi ekologikoa saltzen dute. Uztail hasieran igarri zituzten sikatearen lehen zantzuak Solluben, errekatxoak eta iturburuak lehortu zirenean. Behera jaitsi behar izan zituzten goian zeuden zaldiak, ez zutelako urik edateko. Joan den astean igo zen Beitia egoera ikustera. Gorengoko iturburua, 600 bat metrora dagoena, berpiztu da, irail bukaerako euriekin, baina besteak, ez. Oraindik ez du ur askorik, eta laster euria ganoraz egin ezean berriro sikatuko den beldur da. Hortaz, ez du pentsatu ere egin ganadua gora igotzea: “Batetik bestera eroatea lan handia da, berehala berriro behera ekarri behar izateko”.
Haienean, batez ere, uraren fakturan igarri dute sikatea. Zenbat eta bero handiagoa, ur gehiago kontsumitzen dute abeltzaintzan. “Behi batek, uda bero batean, egunean hirurogei litro edan ahal du, edo laurogei, txahala hazten badabil. Ur hori etxeko uraren prezioan ordaintzen da”.
Itturbaltzan ez diete pentsurik ematen; beraz, haien prezio igoerak ez ditu kezkatzen. Baina Beitiak hitz egin du beste abeltzain batzuekin, eta hainbatek esan diote negozioa uztea pentsatzen ari direla. “Egoera uste baino okerragoa da. Agian, ez da kontatzen herritarrak ez kezkatzeagatik, baina elikagai falta izateko arriskua dago”. Kostuen garestitzeak eragindako krisia larritu egin du sikateak, eta ez dirudi eguraldia laguntzeko asmotan dabilenik. Baserritarrek diote udazkena hasi denetik oso euri gutxi egiten ari dela naturak une hauetan duen premiarako.