Ibai Maruri Bilbao
J oan den asteko euriak salbatu ditu Berriatuan. “Aurreko bi asteetan oso estu ibili gara. Ura falta izan dugu, eta Ondarroako hargunetik bypass bat eginda ekarri dugu ura”, azaldu du Jon Arriola Berriatuko alkateak. Herritarrei ura arduraz kontsumitzeko eskatu diete, baina ez dute murrizketarik egin behar izan. Eskaera bera egin zien Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak uztailean Lea-Artibaiko herritarrei. Izan ere, euri faltaren ondorioz alerta egoeraren ateetan egon da eskualdea uda osoan. Eskualdeko baliabideetatik hornitzen dira, eta emari txikia izan dute harguneek. Horregatik, ur partzuergoak Artibai errekatik ere hartu du ura, “jakin arren haren emaria maila ekologotik behera egon dela”, Arriolaren arabera.
Berriatuko alkateak gogoratu du ez dela egoera horretan dauden lehen aldia. 2020ko udan ere, kontsumoa txikitzeko eskaera egin behar izan zuen partzuergoak eskualdean. Iaz, kale garbiketan erabiltzen duten ur kopurua gutxitzeko eskatu zien udalei, eta igerilekuak betetzeko debekua ezarri zuen. Baina oraingoa “ezohikoa” izan dela azpimarratu du alkateak. “Izan dugun arazoa ez nuke lotuko uraren kudeaketarekin, aurtengo sikatea apartekoa izan delako”.
Haren arabera, Artibai arroak ura falta du, eta iruditzen zaio ur partzuergoa badela horren erantzule. Partzuergoak ere ez du falta hori ukatu: ur hargune berrien bila dabiltza azken urteetan. “Bat topatu dute Berriatuan, baina handik ura hartu ahal izango denerako gutxienez hiru bat urte beharko dira”, azaldu du alkateak. Bizkaian sakonerarik handienean dagoen akuiferoa da hori: 450 metrora dago. Segundoko hamabost eta hogei litro arteko emaria izan dezake.
Orain, Markina-Xemeinen ari dira ur bila. 2020ko udan Ibazeta inguruko hargunea ipini zen martxan, udalerria hornitzen duen Iparragirreko sistemarako baliabide gehigarri moduan. Ura falta duen sasoian erabiliko lukete. “Zundaketan ikusi da segundoko sei litro inguru eman ditzakeela etengabe. Beraz, gehiago behar dugula ikusita, erabaki zen hornidura bermatzeko baliabide gehiagoren bila jarraitzea”, esan du Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak. Urberuagako bainuetxe zaharraren inguruan badakite segundoko bederatzi litroko emaria lor dezaketela. Beraz, han beste zundaketa bat egiteko eraikuntza proiektua idatzita du partzuergoak. Obrak aurki lizitatuko direla iragarri du, eta espero du datorren urtean zehar amaitu ahal izatea, sareari lotzeko.
Alberdik uste du partzuergoa “oso astiro” dabilela hargune berriak topatzen. “Energiarekin gertatzen den moduan, gure gizartean uraren kontsumoa ere gero eta handiagoa da. Egunerokoan lehen baino ur gehiago erabiltzen dugu, igerilekuak ditugu… Eta ur baliabideak ez dira neurri berean hazten”. Haien eskualdean ur asko kontsumitzen duen industria dutela ere gogoratu dute: arrain kontserbena. Dena den, ur harguneak bilatzea aldarrikatzen duen aldi berean, argi du hori ezin daitekeela konponbidea izan: “Azkenean ura agortuko dugu”, ohartarazi du.
Baliabideak hobeto kudeatu behar direla uste du Alberdik. Esaterako, ibarreko herriak hornitzen dituzten sistemak independenteak direla esan du. “Ondarroako harguneko ura Ondarroa hornitzeko erabiltzen da, Berriatukoa, gure herria hornitzeko; horrela da sistema guztietan. Guk eskatzen duguna da sistema guztiak elkarri lotuta egotea. Adibidez, ur biltegi bat egotea arro osorako. Horrela, herrietako batean ura falta denean, besteetatik hartuko genuke ura”. Horixe egin duten orain, baina behin-behinean, eurenera ura Ondarroatik ekarri dutenean.
Ur partzuergoak esan du ekainean ontzat jotako 2022-2025eko Inbertsio Programan zera onartu dutela: Ondarroako eta Berriatuko sistemen baliabideak ur edangarria tratatzeko planta bakarrean bateratzea aztertuko dutela; hau da, Ondarroako Gorozikakoan. “Bi hornidura sistemen egoera larria da, eta bateratuta Ondarroa eta Berriatua hornituko lirateke”. Hala, Monteganeko plantako baliabideak Gorozikakora bideratzeko eraikuntza proiektua idazten hasi ziren udan, Berriatuko azken zundaketan lortutako emaria barne.
Artibai arrorako aipatutako obrez gain, Lea arroan ere lanak egingo dituela iragarri du ur partzuergoak. Han ere, herri bakoitzak bere ur harguneak ditu, baina ura tratatzeko planta bi dituzte arroan: Lekeitiokoa eta Amorotokoa. Lekeitiokotik Amorotokora ura eroan ahal izateko obra egingo dute, eta Amorotoko plantak ura tratatzeari utziko dio. Aurten esleituko dute proiektua, eta datorren urtean hasiko dira beharrean. Partzuergoak 1,3 milioi euroko inbertsioa egingo du.
Partzuergoan, “behartuta”
“Gure ur baliabideak zelan kudeatu Bilbon erabakitzen da”, penatu da Arriola. Eskualdeko herrien artean, Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoan sartzen azkena izan zen Berriatua, duela hamar urte. “Nik uste dut tristea dela. Bertoko baliabidea da, bertorako dena, eta erabaki ahalmena kanpoan geratu da. Zergatik? Diputazioak egindako estrategia baten ondorio da”. Salatu du aldundiak “behartu” egiten dituela ur partzuergora sartzen: “Azpiegiturak egiteko diru laguntza guztia partzuergoari ematen dio. Obra handiak dira, diru laguntzak partzuergorako dira, eta obrak guk egitea ezinezkoa da. Beraz, Bizkaiko herri gehienak kide gara”. Urteko batzar orokorrean urteko aurrekontua onartzen dute. Biztanleriaren araberako pisua dute herriek. “Bizkaian ordezkaritzarik handiena duen alderdiak gehiengo osoa du, eta haientzat larriagoa da Bilbo inguruan herri bat ur barik geratzea, Berriatua geratzea baino. Horregatik, Lea-Artibain inbertsio gutxiago egiten dira”.
Berriatuko alkateak esan du urak asko kezkatzen dituela; batez ere, klima aldaketak izan ditzakeen ondorioengatik. Uste du luze gabe sikateak gogorragoak eta beroaldiak sarriagoak izango direla. Egokitzeko neurriak hartu beharko direla ohartarazi du. Hasteko, kontsumoa txikitu: “Hori denon esku dago; ez da bakarrik ur partzuergoaren kontua”. Esaterako, txarretsi du asko ugaritu izana igerileku pribatuak.
Baso politikari ere aparteko garrantzia eman dio Arriolak. Eskualdean igarri dute eukalipto landaketek ur baliabideak urritzea ekarri dutela. Baina landatzen diren espezieak besteko larria iritzi dio basoaren kudeaketa ereduari ere: “Pinuaren gaixotasunak matarrasa asko ekarri du. Lur asko apurtu da, eta horrek eragin handia izan du ur harguneetan”. Berriatuan basogintza estrategia bat finkatu dutela kontatu du, eta, besteak beste, haren helburuetako bat da ur baliabide gehiago lortu ahal izatea.