I. Maruri Bilbao
Bizkaiko Foru Aldundiak Bilboko itsasadarraren ertzak lotuko dituen tunelaren obrak aprobetxatuko ditu Bilboko Metroaren lehen eta bigarren lineak ere lotzeko. Zerbitzua lau minutuero izango da, eta lau minutu iraungo du bidaiak. Horri esker, ertzez aldatu nahi duten Ezkerraldeko eta Uribe Kostako erabiltzaileek hogei bat minutu aurreztuko dituzte bidaian, ez direlako San Ignaziora (Bilbo) arte joan beharko linea aldatzeko. Ez dute zehaztu zenbat ordaindu beharko den lotura hori erabiltzeagatik.
Unai Rementeria ahaldun nagusiak iragarri zuen proiektua herenegun, eta Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak eman zituen xehetasunak atzo. “Ez da linea berri bat izango”, ohartarazi du Pradalesek: “Aireportuetan ikusten ditugun lotura tren horietako bat izango da, people mover delakoa; Madrilgo aireportuko T4 terminalean dagoenaren modukoa, esaterako”. 2,6 kilometroko luzera izango du ibilbideak, Sestaoko eta Areetako (Getxo) metro geltokien artean, eta horietatik hirurehun metro partekatuko ditu ibilgailuentzako egingo den tunelarekin; justu itsasadarren azpikoa. Tarte horretan, 14 metro zabal eta 15eko altuerako tunela izango da, beheko solairutik trena joateko, eta goikotik, ibilgailuak. Gainontzeko zatian, trena bakarrik joango da, 6×7 metroko tuneletik. Trenak ez du gidaririk izango.
Ehun metroko desnibela
Pradalesek aitortu du zailtasun tekniko handiak dituela. Izan ere, Areetako eta Sestaoko geltokien artean ehun metroko desnibela dago; hau da, %8,8ko aldapa. “Horregatik ezin izan dugu tunelaren ibilbidea osorik aprobetxatu tren loturarentzat”, zehaztu du. Sestaoko geltokiaren inguruan, bihurgune bat egin beharko dute, maldak behartuta. “Egon badaude halako malda igo dezaketen trenak, baina ez gureek ibili beharko duten maiztasunarekin ibil daitezkeenak”.
Lotura tren honek 5.000 erabiltzaileri emango die zerbitzua egunero. Gainera, horri esker, urtean 180.000 auto bidaia gutxiago egingo dira metropoliko errepideetan. “Kopuru apala iruditu arren, ibilgailu horiek egunean egiten dituzten 6.000 kilometroak eta haien emisioen ondorioa ere kenduko ditugu”.
Martitzeneko gobernu kontseiluan onartu zuen diputazioak Bizkaiko Garraio Partzuergoarekin lankidetza protokoloa adostea. Trenbide lotura honek 185 milioi euroko kostua izango du, eta diputazioak eta partzuergoak ordainduko dute. Beraz, bi azpiegituren obren kostua 600 milioi ingurukoa izango da guztira. 2024an hasiko dituzte lanak, eta espero dute 2028an erabiltzen hasteko prest izatea.