Natalia Salazar Orbe
XIX. mendearen amaieran eraiki zuten Balmaseda eta La Robla (Leon, Espainia) lotzen dituen trenbidea. Bertan lan egiten zuten beharginek hotz handia pasatzen zuten neguan, eta, bidaia luze haietan behar bezalako otorduak egiteko nahiak bultzatuta, putxeren sukaldaritza sistema bururatu zitzaien. Trenak mugiarazteko ikatza baliatuta, otorduak prestatu eta tren barruko giroa epeltzeko balio zuten lapiko berezi haiek. Behar bati erantzuteko sortu zen ohitura hura lehiaketara eraman zuten 1971n. Txapelketak iaz bete zuen 50. urteurrena ospatzeko lehiaketa berezia antolatu dute biharko: “Nolabaiteko Txapeldunen Liga bat”, azaldu du Jokin Salaberri Balmasedako putxeren kofradiako kideak.
“Putxera sukaldaririk onenak” elkartuko dituzte bihar, Horcasitas jauregian. Salaberrik esan duenez, 30 sukaldari batuko dituzte, denak txapelketaren bateko irabazleak izandakoak: “Balmasedakoak, Bakion egin ohi den Bizkaiko txapelketakoak; Loiun lehiatzen den Euskal Herriko txapelketakoak, eta bestelako lehiaketa ospetsuetako txapeldun izandakoak”.
25 epaile ariko dira sukaldari horien lana puntuatzen. Lan horretarako ere ez dituzte aukeratu edonolako adituak. Michelin izarrak dituzten zenbait jatetxetako sukaldariak ariko dira, besteak beste.
Jardunaldiak lehiaketa gastronomiko bat baino askoz gehiago izango dira. “Helburua da jendeak ulertzea zer diren putxerak. Omenaldia ere egin nahi diegu lehiakideei eta lehiaketei eurei”, adierazi du. “Gurera datozen bisitariei erakutsi nahi diegu zer den putxera lehiaketa bat; zer-nola kozinatzen duten putxera sukaldariek”. Horretarako bisita gidatuak antolatu dituzte. “Horietan, Balmasedako ondarea —historikoa zein monumentala— aztertuko dugu. Horcasitas jauregian sartuko dira, bertan egingo baitira jarduera guztiak”.
Goiza biribiltzeko, kofradiak bere ibilbidean aurkitu dituen eragileen lana ere erakutsiko du. Besteak beste, Jakitea izeneko elkartea eramango dute herrira: Gipuzkoan sukaldaritza tradizionala sustatzeko sortu duten proiektua da. “Lumagorriak erreko dituzte brasetan; izokina moztuko dute; basatxerrien urdaiazpikoa ere bai; ostrak ere egongo dira. Jai gastronomiko bat prestatu dugu”, esan du Salaberrik. Horrez gain, zanpantzarrak, trikitilariak eta jai giroa izango dira.
Arratsaldean lehiaketako sari banaketa egingo dute. Eta aitortza egingo diete Osakidetzari, “pandemian egin duen lanagatik”, eta EiTBri, “bere 50. urteurrena delako”. Horrez gain, putxera lehiaketetan aritu izandako 96 urteko emakume bat ere omenduko dute. Hura ere kozinatzen ariko da.
Lehiaketen garrantzia
XX. mendearen hasierara arte erabili zituzten putxerak, kozinatzeko. “Gero, argindarra, gasa eta bestelakoak iritsi ziren trenetara, eta putxerak ez zituzten behar janaria prestatzeko. Ondorioz, Europa osoan galdu egin ziren, hemen izan ezik”. Salaberriren esanetan, txapelketei esker iraun dute gaur egunera arte: “Kulturalki gure DNAn sartu dira. Txapelketei esker mantendu dira putxerak”.
1971n ekin zioten Balmasedan putxera lehiaketei. Ordutik 50 urte pasatu direla ospatuko dute biharko jarduerekin, Putxera Sukaldari Nagusiarekin. Hala ere, datorren hilean egingo dute 50. putxera lehiaketa, urriaren 23an, San Severino egunean, ohi bezala. “50. aldi hori 2020an ospatu behar zen. Ez genuen orduan egin, pandemiaren ondorioz; ezta iaz ere. Aurten egingo dugu; hori izango da 50. aldia. Hala ere, 50. urteurrenarekin ekitaldi berezi bat egin nahi genuen”. Hori da bihar egingo dutena.
Biharko lehiaketa eta bestelako jarduerak antolatu dituen putxeren kofradia askoz gazteagoa da. “2017an hasi ginen lanean. Jaio ginen, batez ere, Balmasedan eta Enkarterrin, oro har, baina baita beste hainbat txokotan ere, hainbat eragile zeudelako putxerekin lotuta, eta ez zelako ezer denak dinamizatu edo lotzen zituena. Baziren sukaldariak, putxerak artisau eran egiten zituztenak, liburuak idazten zituzten historialariak… Horiek guztiak loturarik gabe zebiltzan, ordea”. Duela bospasei urte kofradia sortu eta gero, putxeren garrantzia azpimarratzeko ekitaldiak egiten hasi ziren.
Gaur egun berrehun kofradek osatzen dute kofradia. Enkarterrikoak eta Bizkaiko beste eremu batzuetakoak dira gehienak. Baita Espainiako Estatukoak ere. Emakumezkoak eta gizonezkoak daude, eta, kide nagusiez gain, gazteak ere badituzte.