Euren lekua nahi dute

Euren lekua nahi dute

Olatz Enzunza Mallona

Itzulbaltzeta auzoko Nagusien Etxeak zutik dirau oraindik, Getxon. Baina, joan den abuztuaren 17tik, isiltasuna da nagusi eraikinean. Ertzaintzaren Brigada Mugikorreko eta Getxoko Udaltzaingoko langileak gunea hustera joan ziren egun hartan, eta eraikin osoa metalezko xafla batzuekin hesitu zuten. Ordutik daude Nagusien Etxera sartu ezinda gune horren erabiltzaileak, eta, egoera “bidegabe” hori salatzeko asmoz, hainbat mobilizaziotara deitu dute datozen asteotarako.

Ez dira berriak eremua husteko asmoak, Paco Rama Ibar Nagusien Etxeko presidenteak gogora ekarri duenez: “Azken hilabeteotan behin eta berriro atera da gune hori eraisteko planaren gaia mahai gainera”.

Udalak 2018an aldatu zituen lekuz bertan eskaintzen zituen zerbitzuak RKE Romo Kultur Etxera. Erabiltzaileetako asko, baina, ez zeuden ados hartutako erabakiarekin, eta galdeketa bat egin zuten: %84k aldaketaren aurka bozkatu zuten, eta ordura arteko eraikinean jarraitzeko hautua egin zuten, zerbitzu guztiak autogestio bidez kudeatuz. Izan ere, ordura arte Ibar Nagusien Etxean eskaintzen ziren zerbitzu guztiak ere lekualdatu zituen udalak kultur etxeko lokalera. Besteak beste, fisioterapeuta, podologoa eta ile apaintzailea. Hainbat itxialdi egin dituzte Lope de Vega kaleko Ibar Nagusien Etxean, protesta gisa.

Getxoko Udalaren jokaera ikusita, Nagusien Etxeko erabiltzaileek eraistearen aurkako prozedura judiziala abiatu zuten joan den maiatzean. Bilboko Administrazioarekiko 3. Auzitegiak Nagusien Etxea ez eraisteko agindua eman zion Getxoko Udalari, epaileak halakorik esan arte behintzat, baina horrekin ez da aski izan. “Auzitegiak eraikina ez eraisteko agindua eman zuen, baina ez zuen geldiarazi huste prozesua”, azaldu du Ramak.

Ziurgabetasuna

Gaur-gaurkoz, beraz, egoera “txarra” dela kontatu du hark, eta, aurrera begira ere, “ziurgabetasuna” da nagusi: “Teorian, eraikineko ondasun guztiak biltegi batean gordeko dituzte, eta sei hilabeteko epea izango dugu horien bila joateko. Baina, oraingoz, kale gorrian gaude”. Izan ere, RKEko gunera lekualdatzea ez da alternatiba bat haientzat: “Hirugarren solairu batean dago, eta lekua ere askoz txikiagoa da; ez ginateke sartuko”.

Egoera salatzeko, dozenaka protesta egiten ari dira azken hilabeteotan eraikinaren atarian. Azkena joan den barikuan egin zuten. Halakoetan “adinekoak, helduak zein gazteak” elkartzen direla nabarmendu du Ibar Nagusien Etxeko presidenteak, eta lapikoekin, zartaginekin eta txalokariekin “ahalik eta zarata gehien” egiten ahalegintzen direla kontatu du. Aurrerantzean ere, ez dute protestak eteteko asmorik: “Egoera bidegabe honen aurka mobilizazioak egiten jarraituko dugu”.

Eraikina eraitsi, eta, horren trukean, belaunaldien arteko zentro bat eraikitzea da Getxoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren asmoa. Guztira, bost solairu izango ditu, eta adinekoentzako ehun ohe eta 35 urtetik beherako gazteek alokatzeko berrogei apartamentu izango ditu. Bertako erabiltzaileek, ordea, eutsi egin nahi diote euren ereduari, eta egoera horrek tentsio ugari eragin ditu.

Nagusien Etxeko manifestazioa

Proiektuaren ezaugarriak

Espazio zabalak, irisgarriak, barruko patioak, terrazak, aretoak eta hiri baratzeak izango ditu, besteak beste, 8.854 metro koadro eraiki izango dituen eremuak. Gune horietako batzuk elkarren artean bereizita egongo dira, eta, beste batzuetan, egoiliar guztiak elkartzeko erabilera komuneko espazioak kokatuko dituzte. Denera, hamahiru milioi euroko inbertsioa egingo dute erakunde publikoek; eta horietatik sei milioi euro Europako Batasunak ipiniko ditu, COVID-19aren pandemiak eragindako krisiari aurre egiteko sortu zuen Next Generation funtsaren bidez

Herritar, bizilagun eta gune hori erabiltzen duten erretiratu askok eta askok behin baino gehiagotan eskatu dute eraikina ez eraisteko, “historikotzat eta auzorako beharrezkotzat” jotzen dutelako. Sasoi batean mojen komentu eta ikastetxe izandakoa zen eraikina, baina, dagoeneko, 30 urtetik gora daramatzate bertan udalerriko adineko eta erretiratuek.

Hala ere, argi utzi nahi dute beraiek, berez, ez daudela proiektuaren aurka, leku horretan egitearen aurka baizik: “Udalerrian badaude zentro hori eraikitzeko beste hainbat aukera, baina tematuta daude hau eraitsi eta hemen eraiki nahi dutela”. Horregatik, Getxoko Udalari eta Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu diete eraikina eraitsi ostean egin asmo duten belaunaldi desberdinen arteko gune hori beste leku batean eraikitzeko.