Zetazeoen erakusleihoa

Zetazeoen erakusleihoa

Olatz Enzunza Mallona

Santurtziko jarduera ekonomikorik garrantzitsuenetarikoa izan zen arrantza, XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran. Meatzaritza atzean utzita, auzotar askok erabaki zuten itsasoratzea, eta, garai hartan, sardina itsasontziak herriaren sinbolo bihurtu ziren. Egun, sardinak ez, zetazeoak dira herriaren ikur. Hamahiru urte igaro dira Santurtziko Baleak proiektua martxan jarri zutela, eta, urterik urtera, gero eta herritar gehiagok parte hartzen dute zetazeoak ikusteko irteeretan. Aurten, gainera, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) PIE Plentziako Itsas Estazioarekin lankidetzan ariko dira, lehenengoz.

Besteak beste, izurdeak, baleak eta askotariko itsas hegaztiak ikusi ahal izango dira irteera horietako bakoitzean. Baina animalia horiek ikusteaz gainera, txangoek “helburu didaktikoak” ere badituztela kontatu du Gorka Ocio Santurtziko Baleak proiektuko kide eta ornitologoak: “Irteera egin baino egun bat lehenago, ordubeteko hitzaldiak eskaintzen ditugu, zetazeoei buruzko informazioa emateko. Baina, batez ere, ingurumenarekiko errespetuan jartzen dugu arreta nagusia: itsasoan dagoen plastiko kopuru handiari buruz kontzientzia hartzea nahi dugu, besteak beste”.

Aurreko urteekin alderatuta, berrikuntza bat ere izango du aurtengo jardunak: lehenengo aldiz, lankidetzan ariko dira Santurtziko Baleak taldea eta EHUren Plentziako Itsas Estazioa. Berriki egindako espedizioetako batean aurkitutako kaxalote baten larruazalaren zati batzuk ikertuko ditu PIEak, eta horren azterketa genetikoa egingo dute bertako adituek. “Itsas ikerkuntza bultzatzeko modu bat da hitzarmena”, nabarmendu du Ociok. Aurrera begira, gainera, zetazeoekin lotutako beste lagin batzuk jasotzeko asmoa ere badutela aurreratu dute.

PIEarekin egindakoa, baina, ez da elkarlan bakarra izango: joan den urtean bezala, AZTI Tecnalia fundazioarekin elkarlanean jarraituko dute aurten, Evalrenat proiektuaren barruan. “Balio ekologiko handiko habitatak eta espezieak identifikatzea da proiektu horren asmoa; gure kasuan, zetazeoetan arreta jarriz”, esan du Ociok.

Kalitatezko turismoaren alde egitea ere bada proiektuaren helburuetako bat: “Kalitatea da gure konpromiso nagusietako bat”. Eta horixe islatzen du beste urte batez eskuratu duten Kalitatearen eta Bikaintasunaren ziurtagiriak. World Cetacean Alliance erakundearen eskutik jaso dute.

Santurtziko Baleak proiektua erreferente bihurtu da nazioartean, eta horren adierazgarri da azken urteotan etortzen ari den bisitari kopurua ere. Aurten, kasurako, ia beteta daude erreserba guztiak. Ocioren hitzetan, baina, bisita horietako bakoitzean ezin daiteke bermatu zetazeoren bat ikusiko duten ala ez: “Gerta daiteke itsasora joan eta zetazeorik ez ikustea, baina, dugun behatzaile taldea profesionalari esker, ez da ohikoa hori gertatzea”.

Ontzi bakoitzean 86 bidaiarirentzako lekua dago, baina aurreko aldietan bezala, edukieraren %70 baino ezingo da bete, “bidaiariak erosoago joan daitezen”. Bidaia horiez gainera, Pro deituriko irteerak ere egingo dituzte. Zortzi lagunentzako ontziak izango dira horiek, “esklusiboagoak”. Hala ere, ontzi batean zein bestean bidaiatu, prezioak berberak izango dira. “Edonork gozatzeko esperientzia bat izatea nahi dugu”, adierazi du Gorka Ociok. Guztira, zortzi ordutik hamarera arteko txangoak izaten dira. 14 urtetik beherakoek 65 euro ordaindu beharko dute bidaiagatik, eta, gainerakoek, 69.

Santurtziko baleak

Karbono neurketak

Ingurumenarekiko errespetua bermatzeko, berriz, hainbat neurri hartu dituzte Santurtziko Baleak taldeko kideek. Irteeretako bakoitza itsasoan dauden plastiko zati handiak biltzeko baliatzen dute. Baina, horrez gainera, bidaia bakoitzean sortzen duten karbono aztarna ere ezabatzen ahalegintzen dira, neurri batean. “Denboraldi amaieran, guztira zenbat tona erregai gastatu dugun galdetzen diogu patroiari. Hark kalkuluak egiten ditu, eta Lurgaia fundaziora joaten gara laguntza eske”, azaldu du Ociok. Erregaia kontsumituta egindako karbono dioxido isuriak konpentsatzen dituzte Lurgaia fundazioaren bitartez: zuhaitzak landatzen dituzte Urdaibaiko Biosfera Erreserban. Landatzen diren ekosistemekin bat datozen espezieetako zuhaitzak eta zuhaixkak landatzen dituzte baso horietan, hazien tokiko jatorria errespetatuz, eta ingurunera egokituz.

Oraingoz, 156 hektarea landatu ditu Santurtziko Baleak taldeak bertako espezie autoktonoekin. Gainera, irteeretan parte hartzen duen edonork du zuhaitzak landatuz joateko aukera.