Mugikortasunaren aldeko apustua

Erregaiaren prezioen igoerak krisiaren aurkako neurriak hartzera eraman du Espainiako Gobernua. Era berean, Eusko Jaurlaritzak aldundiekin eta udalekin adostu du Espainiako Gobernuaren planari %20ko laguntza gehitzea, % 30 aurreztea aurreikusten baitu. Horrek esan nahi du irailaren 1etik aurrera bizkaitarrok % 50 gutxiago ordainduko dugula garraio publikoagatik. Izaera sozial eta ekologikoko neurri horiek sortuta, argi geratzen da borondate politikoa dagoenean herritarrei laguntzeko urratsak egin daitezkeela.

Bilbon, garraio publikoak bilakaera handia izan du azken urteotan, baina modu desorekatuan. Bilbobus lineen berregituraketa 1999tik egiteke dago. Dagoena ez da nahikoa herritarrentzat; adibidez, 58. linea beti gainezka baitago. Tranbiaren zerbitzua bide berriekin zabaldu da, baina oraindik ez da iritsi Olabeaga bezalako auzoetara. Metroaren 4. linearen sorreraren atzerapenak isolatuta uzten ditu hainbat auzotako bizilagunak, hala nola Errekalde eta Iralakoak.

Orain, inoiz baino beharrezkoagoa da Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak 2008ko azaroan aurkeztu zuen Garraioaren Liburu Zurian jasotako proposamenak ezartzea. Bertan, ibilgailu pribatuen aldean, komunikabide publikoei zirkulazioaren lehentasuna emateko, hirian oinez eta bizikletaz ibiltzea sustatzeko eta ibilgailu pribatuaren erabilera galarazteko neurriak aurkeztu ziren. Hau da, klima aldaketaren aurka urratsak egitea. Horretarako, ideia errealistak, praktikoak eta eraginkorrak aurkeztu zituzten, hala nola Bilbon bizi ez ziren pertsonentzako disuasio aparkalekuak sortzea, laneko joan-etorrietarako konponbideak aztertzea eta hirian autoa erabiltzeagatik neurri fiskalak eta zigortzaileak ezartzea.

Dokumentua eragile sozial eta sindikalekin lankidetzan sortu zen, eta honako hauek bildu zituen: garraioaren Agintaritza Bakarra sortzea, txartel bakarra, operadoreen artean adostutako tarifak, tarifak jatorriaren eta azken helmugaren arabera, garraiobide publikoen osagarritasuna bilatzea eta bitarteko bakoitza erabiltzea eraginkorragoa den lekuetan saturazioa arintzeko.

Bestalde, hainbat eragilek (Fekoor, Ekologistak Martxan, Bilboko Auzo Elkarteen Federazioa) bat egin dute Bilborako oinezkoentzako sare bat aurkezteko. Eusko Jaurlaritzaren azterlan baten arabera —2003 – 2007 – 2011 – 2016: EAEko biztanleen mugikortasunaren ezaugarri orokorrak—, Bilbon, oinezko joan-etorriak % 61etik % 65era igo dira 2006tik 2017ra. Beraien ustez, azken urteotan igoera hori handituz joan da mugikortasun iraunkorreko politiken garapenari eta hiri kalitatearen hobekuntzari esker, eta, egun, mugitzeko modurik garrantzitsuena da.

Ekimen honen helburua da auzoak elkarren artean eta Bilboko erdigunearekin lotzea, mugikortasun urriko pertsonentzako irisgarritasuna, hiri ekipamenduak (bankuak, argia, zuhaiztia) eta garraio publikorako irisgarritasuna kontuan hartzen dituzten ibilbideekin. Unea da proiektu horiek ezartzeko, energia krisia arintzeko eta oinezkoentzako hiri eredu baten aldeko urratsak egiteko, kutsadura atmosferikoa eta akustikoa murrizteko.