Ondarearen arrantzan

Ondarearen arrantzan

Iraia Vieira Gil

Desde Santurce a Bilbao, vengo por toda la orilla, con la falda remangada, luciendo la pantorrilla“. Horrela abesten zuten Santurtziko sardinerek Bilborako bidean. Hamabi kiloko otzara buruan zeramatela, hamazazpi kilometro egiten zituzten oinez, gizonek arrantzatu berri zituztenak saltzeko asmoz. Garai hartan, arrantzaleen bizitza ez zen erraza: egunsentia baino lehen jaikitzen ziren, eta itsasontzietan egun edota hilabeteak ematen zituzten.

Santurtziko Agurtza museoak marinel horien bizibidea ezagutarazi nahi du. “Agurtza Lekeitioko itsasontzi bat zen, eta baxurako eta alturako arrantzan ibiltzen zen”, azaldu du Gaizka Medina museoaren arduradunak. Aurretik begiratuta, barkuak harritu egiten du. Itxuraz, hiru metro baino gehiagoko altuera du brankak. Kroskoaren behealdea gorriz margoturik dago; goialdea, urdinez. Estruktura egurrezkoa da. “Egun, itsasontzi guztiak txapazkoak dira, baina Agurtza ez. Agurtza egurrezkoa da. Horrelakorik ez da geratzen”, adierazi du Medinak.

Lekeitioko Murelaga Ontziolan armatu zuten Agurtza, 1968an, eta 1990eko hamarkadara arte aritu zen arrantzan. Erabiltzeari utzi ziotenean, itsasontzia desegiteko erabakia hartu zuten. “Orduan erosi zuen Santurtziko Udalak Agurtza“, esan du Medinak. Egun, Bizkai osoan bisitatu daitekeen egurrezko ontzi bakarra da, bai eta hegaluzea arrantzatzeko eta kontserbatzeko metodo tradizionalak erakusten dituen bakarrenetakoa ere.

Arrantza mota bakoitzari buruzko azalpenak ere ematen ditu bisitetan museoko arduradunak. Izan, baxurako eta alturako arrantzek desberdintasun handiak dauzkatelako, biei buruzko xehetasunak ematen ditu Medinak. Baxurakoa egun bakarreko arrantza da, eta alturakoan, berriz, arrantzaleek hilabete ematen dute itsasoan. Gainera, baxurako arrantzan harrapatzen diren arrainak kostatik hurbilekoak dira: berdelak, antxoak, txitxarroak… Alturako arrantzan, ez. Alturako arrantzan hegaluzea izan ohi da harrapakin nagusia.

Hala eta guztiz ere, Santurtzin, arrantzaren garrantzia ez da antzinakoa bezain handia; horrela azaldu du, behintzat, Medinak: “Bizkaian, Bermeokoa da porturik garrantzitsuena. Santurtzin, ekonomikoki, ez da hain handia arrantza”. Izan ere, egun, Santurtzin, zazpi ontzik jarraitzen dute soilik baxurako arrantzaren tradizioa; eta ez dago alturako arrantza egiten duenik. Medinak dioenez, Bilboko portuak eskuratu du botere ekonomiko nagusia. “Hala ere, Santurtziko bihotza arrantza portua da oraindik”.

Baita turismo gehien erakartzen duena ere. Agurtza museoa ikustera leku askotariko turistak bertaratzen dira: Madrilgoak eta Bartzelonakoak dira gehienak, baina urrunagotik ere iristen dira, Hego Amerikatik. Itsaso tradizioa ezagutu nahiak erakartzen ditu turista gehienak. “Santurtzi ezaguna da abestiagatik, eta arrainagatik”. Izan ere, urte askotan arrain enkanteak egin izan dira arrantza portuan. Aspalditik ez dira egiten, baina Medinak gogora ekarri du nola itsasontziak goizean goiz bueltatzen ziren portura arrainak fresko saltzearren: “Egunekoa, oso kalitate onekoa”.

Santurtziko ‘Agurtza’ itsasontzi museoaren kroskoa

Kategoria kontua

Arrantzaleen soldata, hain zuzen, saldutakoaren araberakoa zen beti, inoiz ez zen arrantzatutakoaren araberakoa. Agurtza ez zen horretan desberdina. Patroiak lortzen zuen beti diru gehien: saldutako guztiaren %40 eta %50 bitartean. “Patroiak irabazten zuena ez zen bakarrik berarentzako, enpresarentzako ere bazen. Mantentze lanak, gasolina, gainerako arrantzaleen janaria… ordaindu behar zituen”, esan du Medinak.

Gainerako arrantzaleen kasuan, postuaren arabera banatzen zituzten irabaziak. Kategoria baxuena txoa zen. Txoa 11 urte inguruko mutiko bat zen, senitartekoren batek lagunduta itsasontzian lan egiten hasten zena. Baina, hain gaztea izanik, txoak ezin zuen arrantzatu. Beraz, hura zen garbitzearen edota janaria banatzearen arduraduna. Piramidearen goialdean, kapitaina edo patroia zegoen, itsasontziaren jabea. Tartean, azpipatroia, arrantzale nagusia eta gainerako marinelak. Azpipatroia kapitainaren bigarrena zen, eta, ondorioz, kamarotea arrantzale nagusiarekin partekatzeko eskubidea zuen. Patroiak bakarrik egiten zuen lo.

Agurtza-n, hamazortzi marinel sartzen ziren guztira, baina, egunaren arabera, gutxiago joaten ziren arrantza egitera. “Baxurako arrantza egiten zutenean, hamahiru edo hamalau joaten ziren soilik”, azaldu du Medinak. Horiek osasun arazoak zituztenean, itsasontziko botika kutxa erabiltzen zuen kapitainak, irratia erabiliz, medikuaren aholkuak entzun ostean. Izan ere, askotan, portura itzultzea ezinezkoa zitzaien. Beste hainbatetan, diru kontua zen: “Arrain gutxiago, diru gutxiago”. Dena den, “itsasoan gertatzen zena itsasoan geratzen zen gehienetan”.