(Iritzia) Edozer gerta daiteke

Ramon Basaldua

Heldu da eguna. Athleticeko bazkideek klubeko presidente berria aukeratuko dute gaur, kanpaina luze baten ostean. Barkalak, Aretxabaletak zein Uriartek gidatutako hautagaitzek proiektu sendoak aurkeztu dituzte, eta garbi geratu da lan handia egin dutela. Egia esateko, ez dut faborito garbirik ikusten, eta hiruretako edozeinek irabaz ditzake hauteskundeak. Ez dugu ahaztu behar Aitor Elizegiren garaipena ezusteko itzela izan zela. Edozer gerta daiteke. Izan ere, politika mailako hauteskundeetan jokoan sartzen ez diren beste faktore batzuek eragina dute.

Hasieran Jon Uriarte faborito agertzen bazen ere —hura izan zen bazkideen babes gehien aurkeztu zituen hautagaia—, klubeko kirol zuzendari nagusia izateko aukeratutako Carlos Aviñarekin egindako hanka sartze larriak kalte handia egin diezaioke. Edo ez. Uriartek maniobra zikinak salatu ditu kanpainan zehar, eta Aviñarekin gertatutakoak —mexikarrak duela hamar urte egindako txio arrazistak eta homofoboak Uriartek bere kirol proiektua aurkezteagaz batera zabaldu ziren sare sozialetan—, joko zikinaren biktima legez kokatu dezake.

Kanpainaren hasieran uste nuen gizonen lehen taldea zuzentzeko entrenatzailearen izena erabakigarria izango zela. Orain, ostera, hautagaitza bakoitzak bere kartak aurkeztu ostean, ez dut uste hain erabakigarria izango denik. Ernesto Valverde edo Marcelo Bielsa jesarriko da San Mameseko aulkian datorren denboraldian; biak ala biak, goi mailakoak. Beraz, beste faktore batzuk eramango dute bazkidearen botoa alde batera edo bestera. Gainera, ez dugu ahaztu behar bazkideen erdiak etxean geratzen direla botoa emon barik.

Eta hauteskunde kanpainak argi utzi digun beste kontu bat: irabazten duenak irabazten duela, euskarak ez du merezi duen garrantzia izango. Gure hizkuntza bigarren mailako kontu bat da gure klubean. Euskara kalean gero eta gutxiago erabiltzen den sasoi kezkagarri honetan, garrantzi sinbolikoa baino ez dauka Athleticen. Tristea da, baina horrela da.