Bertsolari gazteak, plazara

Bertsolari gazteak, plazara

Olatz Enzunza Mallona

Saioa hasi aurretik, urduritasuna nabaria zen gaztetxoenen artean. Horietako batzuk doinuak errepasatzen ari ziren elkarren artean, eta beste batzuk azken orduko zalantzak argitzen ari ziren oholtzara igo aurretik. Taldeka neurtu zituzten indarrak joan den astelehenean Uribe Kosta eta Lea-Artibai eskualdeetako hamabi bertsolarik, Bertsolari Gazteen BBK Sariketako finalean. Bilboko BBK aretoan jokatu zuten finala, eta, bi puntuko aldearekin, Uribe Kostak irabazi du 29. aldia.

Arratsaldeko seiak igarotakoan, Igor Menika gai jartzaileak agertokira igotzeko deia egin zien bertsolari gazteei, eta 18 urtetik beherako bertsolariek bete zituzten ordura arte hutsik zeuden eserlekuak. Izan ere, bi mailatan banatu zuten saioa: lehenengo zatian, 18 urtetik beherakoak aritu ziren kantuan, eta, bigarrengoan, berriz, 19 eta 26 urte bitartekoak. Eskualde bakoitzeko hiru lagun igo ziren oholtzara txanda bakoitzean. Uribe Kostatik, Maialen Lago, Peio Lago eta June Diaz aritu ziren kantuan lehenengo, eta Lea-Artibaitik, Amaiur Galdos, Ariane Sololuze eta Ziara Larrinaga.

Agurrekin indartsu abiatu zuten saioa Uribe Kostako ordezkariek. Hiru bertsolariek rap doinuak erabiliz abiatu zuten bertsoaldia, eta, gerora, boladan dagoen Ateo abestiaren moldaketa egin zuten. Bertsoaldia Boga-boga abestiaren moldaketa eginez amaitu zuten.

Agurren ondoren, talde bakoitzeko kide bat gerturatu zen mikrofono aurrera. Oinak emanda bertso bana osatu behar izan zuten Maialen Lagok eta Amaiur Galdosek, eta, ondoren, ofizioka bi bertso kantatu behar izan zituzten zortziko txikian.

Peio Lagok eta Ariane Sololuzek ere bertso bana osatu behar izan zuten, oinak emanda, baina horiek zortziko nagusian egin behar izan zuten ofizioka. Umoretik jo zuten biek. Ikasketak uzteko erabakia hartu zuen Lagok, eta hala esan zion Sololuzeri: “Ez duzu entzun oraindik, bada / Tik Tok dela etorkizuna?”. Etxekoei eta lagunei kasu egiteko gomendioa eman zion Sololuzek, baina Lagok berean jarraitu zuen, tinko.

Lehenengo txandari amaiera emateko, June Diazek eta Ziara Larrinagak kartzelako gaiari erantzun behar izan zioten: “Jantokiko begiralea zara. Gaur ere janari asko sobratu dela ohartu zara”. Gogoetarako baliatu zuten bi gazteek bertsoaldia, eta ale politak utzi zituzten.

Haren ondotik abiatu zen bigarren txanda. Garazi Navarro, Naia Ibarzabal eta Aissa Intxausti aritu ziren Lea Artibaitik, eta Uribe Kostatik, berriz, Oihan Diaz, Mikel Arrate eta Peru Irastorza.

Neba-arreben larruan jarri zituzten Navarro eta Diaz. Eskola jazarpena jasaten zuen Diazek, baina ez zen ausartzen gurasoei ezer esatera. Laguntza eskatzeko adorea izateko eskatu zion Navarrok Diazi. Eta halaxe amaitu zuen bigarren bertsoaldia: “Esan amari beldurrik gabe: / egin didate bullying-a. / Ta indar ere bihur daiteke/ barruan daukazun mina”.

Naia Ibarzabal eta Mikel Arrateren arteko bertsoaldiak ere barre algara ugari eragin zuen publikoaren artean. Bikotea ziren bi bertsolariak, eta, elkarrekin hiru hilabete igaro ondoren, muxuetatik haratago joateko gogoa zuela esan zion Arratek. Haren ohea deserosoa zela bota zion Ibarzabalek, eta hala amaitu zuen bertsoaldia: “Ni ez nago ostera / zu legez erreta / satisfyer-ak ondo / asetzen nau eta”.

Kartzelakoarekin amaitu zituzten lanak bertsolariek. Gaia: “Irakaslea zara. Gaur, ikasleen lanak zuzentzen ari zarela, matxismoa defendatzen duen lan bat irakurri duzu”. Aissa Intxaustik eta Peru Ibarzabalek ere gogoetatik jo zuten bi bertsoaldietan, eta halako lanak onartezinak direla ondorioztatu zuten.

Beñat Romerok, Leire Etxebarriak eta Miriam Juaristik osatu zuten epaimahaia. Eta, finalistei garaikurrak eman ondoren, kantaera onenaren saria ere banatu zuten, iaz bezala. Aurten, Uribe Butroe eskualdeko Jokin Arriolak eskuratu du saria.

BBK Sariketa

Urrian abiatutako sariketa

Urrian abiatu zen Bizkaiko Bertsolari Gazteen 29. BBK sariketa, Bizkaiko zortzi eskualdeetako 50 bertsolari ingururekin. Aurtengo aldian, Arratia, Busturialdea, Durangaldea, Enkarterri, Hego Uribe, Uribe Butroe, Uribe Kosta eta Lea-Artibai eskualdeetako gazteek parte hartu dute, eta bertsolari gazteak jendaurrean kantatzera ohitzea izan da ariketaren helburu nagusia.