Etxean bakarrik, bakarrik etxean

Ekaitz Herrera Azkarraga

Asteburua etxean eman dut hotzeriak jota. Eztula hemen, buruko mina han. Muki jarioa sudurrean, kalentura apur bat gorputzean. Nola esan… Macaulay Culkin sentitu naiz. Umetxo bat, Etxean bakarrik. Baina, tira, patxada hori guztia ondo etorri zait gauzak lasai hartzeko. Gorputzeko sistema immunologikoak buelta eman dio egoerari, eta etxean emandako denbora baliagarria izan da irakurri beharrekoen zerrenda amaigabea apurtxo bat murrizteko, eta txipiroi izena duen ditxosozko telesail horren tentakuluetan harrapatuta geratzeko. Bai. Denetarik egiteko astia izan dut. Baita etxetik irten barik bidaiatzekoa ere, Bizkaiko bazterretan barrena bidaiatu dudalako, Lonely Planet gidaliburuen pare.

Hara: esnatu eta beheko plazako txorrotxio apurrak entzun ditudanean, Urdaibai Bird Centerrera joan zait gogoa. Ez naiz han behin ere egon. Berehala egin dut ohar mentala: “Ioar ornitologoa da; Igor, berriz, pajaro xamarra. Egunen batean plana muntatuko dugu bertara joateko”. Dutxako ura ohi baino beroago ipini dudanean, Areatzako bainuetxera joan zait gomuta. Ez dut ezagutzen (Post-it mentala: deitu Joni eta egiozu bainuetxera elkarrekin joateko gonbita. Ziur primeran datorkigula bioi). Irentsi ditudan botikek eta auskalo-zer-zaporeko Cheetos litxarreriek Muskizko industrialde kimikora garraiatu dute nire pentsamendua (E-maila neure buruari: tira, petrolio findegira bidaia ez, baina han inguruko Serantes mendira edo Kobarongo zamatokira, bai). Kuadrillako batek Anestesiak Bilboko Kafe Antzokian joko duela esanez idatzi didanean, areto horretara bidaiatu dut oroimenean atzera eginda. Eta, noski, antzokia berriro ere zabalik dagoela-eta whatsapp bat bidali diot neure buruari: “Joan kontzertura kuadrillakoekin, eta egin gonbita Koldori eta Ainhoari”. Beharbada haiek ere joateko gogotsu daude.

Eta horrela aritu naiz asteburu osoan zehar, etxeko bazterrak eta etxeko ekintza bakoitza Bizkaiko leku eta egitasmo banarekin lotzen. Lonely Planet gidaliburuak potolo-potoloa irten dit. Baina hori harro egoteko modukoa barik, dudatan nago ez ote den kontrakoa. Hori guztia ez ote den nire etxea, herrialde dudan lurraldea, behar beste ezagutzen ez dudan adierazle. Seinale horrek alarma piztu dit sistema immunean. Bidaiatzen dudan aldiro, gertu sentitu izan ditut Thailandiako uharteak, Mosku, Esloveniako ibarrak, Dolomitak zein hiriburu baltikoak, baina badirudi Lanestosa, Oma, Santurtzi, Zeberio edo Gatika urruti ditudala. Eta, beharbada, horri buelta emateko aukera eskainiko digu aurretik datorkigunak. Distantziak murrizteak, tokikora bueltatzeak, eta, funtsean, makro gizartetik mikro gizartera itzultzeko aukerak zerumuga hori eskaintzen digu. Aparteko dirurik gastatu barik ere posible delako kapital kulturala lantzea. Eta deskubrimendu hori egitearekin bat, hara! Sistema immunea indartu egin da. Gorputzak atzean utzi du Macaulay Culkinen marranta eta E.T.-ri egin dio ongietorria: “Nire etxeaaaaa, Bizkaiaaaaa”.