Euskararen herriaren isla

Hainbat herrik ostalaritzan euskararen presentzia areagotzeko kanpainak egin dituzte. Uemak euskarazko esamoldeak dituzten mahai gainekoak banatu ditu. Getxon, 'Kaishop' kanpaina darabilte.

Natalia Salazar Orbe

Uda azkenak ematen ari da, eta, agur horrekin batera, gutxitu egingo dira Bizkaiko kale eta herrietara iritsi diren Euskal Herritik kanpoko bisitarien joan-etorriak. Eustatek emandako datuen arabera, uztailean 123.356 turista iritsi ziren Bizkaira. Gazteleraz, frantsesez, ingelesez eta bestelako erdarez busti dituzte kaleak horiek guztiek. Bisitariok erakartzeko asmoz, hainbat merkatari eta ostalarik haien hizkuntzak jasotzen dituzte karteletan eta ahozko harremanetan; askotan, euskara erabat baztertuta. Hori ikusita, zenbait herritan egitasmoak abiatu dituzte zerbitzuen sektorean euskararen presentzia areagotzeko. Besteak beste, Uemaren Bertatik bertara kanpaina.

Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak ekainaren erdialdean abiatu zuen egitasmoak irailaren erdialdera arte iraungo du. Helburua da bisitariak eta bisitariekin harremana duten zerbitzuen sektoreko arduradunak eta langileak euskara aintzat hartzera gonbidatzea. Horretarako, besteak beste, tabernetan eta jatetxeetan erabiltzeko mahai gainekoak, sentsibilizazio bideoak eta bisitariek sakelakoan erabiltzeko hiztegiak eskaini dituzte.

Mahai gainekoetan, agurtzeko erak, kafe bat zer-nola eskatu eta eskerrik asko nola esan jaso dute, hainbat hizkuntzatan. Lehenengo, adierazpenok euskaraz ageri dira, eta, gero, gazteleraz, katalanez, galegoz, frantsesez eta ingelesez.

Gari Berasaluze Uemako kideak azaldu duenez, udal euskaldunen mankomunitateko kide diren Bizkaiko 28 udalek parte hartu dute Bertatik bertara kanpainan: Ajangiz, Amoroto, Arantzazu, Areatza, Arteaga, Atxondo, Aulesti, Bakio, Bermeo, Berriatua, Busturia, Dima, Ea, Gatika, Gizaburuaga, Igorre, Izurtza, Larrabetzu, Lekeitio, Mallabia, MaƱaria, Markina-Xemein, Munitibar, Muxika, Ondarroa, Orozko, Otxandio eta Ziortza-Bolibarkoak. “Horien artean, 50.000 mahai gaineko banatu ditugu tabernetarako eta jatetxeetarako, gure herrietatik zein kanpotik zetozen bisitariei euskararen garrantzia nabarmentzeko, eseri orduko”, adierazi du Berasaluzek.

Bestalde, merkatari eta ostalariei diptiko bat helarazi zieten ekainean. Eskuorri horren aurrealdea denda edo tabernaren sarrerako atean edo erakusleihoan jartzeko diseinatuta dago. QR kode bat du. Hura eskaneatuta, bisitariek Uemak argitaratutako 52 orriko Ongi etorri euskararen herrira hiztegia deskarga dezakete. Hartan, agurrak, denbora adierazteko berbak, norabidea edo lekuak adierazten dituzten hitzak eta esamoldeak, garraioari edo familia eta lagun harremanei lotutakoak, janari eta edariak izendatzekoak eta egun, hilabete eta zenbakiei dagozkienak aurkituko dituzte.

Arrakastarik handiena izan duen baliabidea mahai gainekoa da. Aurten, Uemak ostalariengan eragin nahi izan du bereziki. Berasaluzeren esanetan, “ostalariek gustura hartu dute mahai gainekoa. Batetik, gure nortasunaren berri ematen duelako. Eta, bestetik, bisitariei euskaraz aritzeko oinarrizko laguntza eskaintzen dielako. Hori guztia erraz eta diseinu erakargarriarekin egiten du”.

Herriei dagokienez, bisitari gehien hartzen dituzten eta turismo eskaintza errotuta duten herrietan sumatu dute interesik handiena, eta baliabide gehien ere horietan eskatu diete: Bermeon, Lekeition, Bakion… Hala esan du Berasaluzek.

Kanpainak bi hartzaile dituela azaldu du Uemako kideak: zerbitzuen sektoreko arduradunak eta langileak, batetik, eta bisitariak, bestetik. “Kanpaina honekin, ostalariei eta merkatariei gogorarazi nahi diegu bertako hizkuntza ere kalitatea eta hurbiltasuna erakusteko ezinbesteko osagaia dela. Izan ere, askotan, bertako hizkuntza alde batera uzten dute bisitariei arreta erdaraz eskainita”. Berasaluzek uste du hautu horrek ez duela zentzurik: “Inkestek eta ikerketek argi erakusten dute bisitari asko berariaz etortzen dela udalerri euskaldunetara, eta euskara ikustea eta entzutea gustuko dutela. Gainera, bisitari horietako asko euskal herritarrak dira, badakite euskaraz, eta bertako hizkuntzarekin askoz gusturago sentitzen dira”.

Hala, eskainitako baliabideak eskertu dituzten bisitarien mezuak iritsi zaizkio Uemari: “Tabernaren edo jatetxeren batean mahai gainekoa ikusi, eta ekinaldia gustatu zaien kanpoko bisitariak izaten dira gehienak. Oro har, Herrialde Katalanetakoak. Haien hizkuntza ere kontuan hartu dugula ikusita, eskerrak eman dizkigute, eta aipatu digute euskara nabarmentzeko ahalegina eredugarria dela”.

Egitasmoak, herriz herri

Uemak martxan duen kanpainaz gain, zenbait herrik euren kabuz antolatu dituzte merkatari eta ostalarien artean euskara sustatzeko egitasmoak. Basaurin, Euskaraz erosi, euskaraz bizi izeneko kanpaina abian jarri zuten ekainean, euskararen presentzia eta erabilera handitzeko. Besteak beste, ikastaroak eta kartelak maketatzeko zerbitzua eskaini ditu udalak. Kanpainarekin bat egin duten establezimenduetako mahaietan pegatinak jarri dituzte, euskarazko esaldi eta elkarrizketa laburrekin. Herriak Bizkaia osoan martxan egon den Kaishop kanpainarekin ere bat egin du. Merkatari eta ostalariei 2.000 poltsa banatu dizkiete, euskaraz aritzen diren bezeroei oparitzeko.

Getxoko Udalak hainbat jarduera egin ditu urte osoan Kaishop! Zer gura duzu? Erosi euskaraz Getxon kanpainaren barruan. Besteak beste, gazteentzako tik-tok lehiaketak, kanpainaren oihalezko poltsak oparitu dizkiete erosketak euskaraz egin dituztenei, eta ginkana digitala ere antolatu dute. Irantzu Uriarte Euskara zinegotziak uste du beharrezkoak direla era horretako egitasmoak: “Euskara gure artean egotea gura badugu eta helburua egunean-egunean erabiltzea bada, guztiz beharrezkoa da dendetan eta ostalaritzan euskara ikustea, entzutea eta erabiltzea”.

Hala ere, Uriartek beharrezkotzat jo ditu bestelako neurriak ere. “Noizean behin egiten diren kanpainakaz bakarrik ez da nahikoa. Urte guztian inurri lana egin behar da, lokalak bisitatu eta gure programetan parte hartzera bultzatu. Getxon, esaterako, dendari eta ostalariei euren hizkuntza paisaia euskalduna izan dadin laguntzen diegu: diru laguntzak daude, itzulpen zerbitzua, maketazioa, materialak, aholkularitza eta ikastaroak”.