Andrea Muniain: “‘Photocall’-a erabili nuen lana eta ikusleak hurbiltzeko”

Andrea Muniain: “‘Photocall’-a erabili nuen lana eta ikusleak hurbiltzeko”

Maialen Arteaga

Andrea Muniain arkitektoa eta artista da (Tutera, Nafarroa, 1994). Bi ildoak uztartuz, gorputzek espazioetan duten eginkizuna lantzen du argazkilaritza eta edizio digitalaren bidez. Getxophoton ikusgai izango da Fotollamada izena duen lana. Ikusleen parte hartzearekin osatzen da.

Getxophotoren oinarria argazkilaritza da. Baina diziplina horren ulerkera aldatuz joan da urteetan. Ildo horretatik, zein artista mota da Andrea Muniain?

Agian, ondo diozun bezala, argazkilaritza hitza, pixkanaka, argazki kamera baten bidez argazkiak egitetik banantzen joan da, eta badirudi irudi eraikuntzarekin lotura handiagoa duela orain. Eraikuntza horretan hartzen du zentzurik handiena nire lanak. Arkitekto gisa prestatu nintzenetik, beti izan dut interes berezia ulertzeko nola eragiten duen espazio digitalak politikoki, sozialki eta kulturalki. Eta, noski, irudia, funtsean, digitalizazioa eraikitzen duena da. Nire praktikak testuinguru immaterial horretan agertzen diren harreman berriak eraiki nahi ditu, ukigarri bihurtu, non gorputza agente gisa eratzen den, eta horretara zuzentzen dira ateratako argazki gehienak. Pantaila iristean, norberaren gorputzaren pertzepzio aldaketa bat agertzen da, eta hori ikertzea eta garatzea oso garrantzitsua dela uste dut.

Zure lanak Fotollamada du izena. Zergatik?

Fotollamada, funtsean, lanaren formatua definitzen duen hitzaren zuzeneko itzulpena da, photocall bat. Inoiz ez naiz erabat originala izan zerbaiti izena emateko; beraz, itzultzea modu erraza izan zen, alde batetik, izenburuen joera anglosaxoia ezabatzeko, eta, bestetik, hitzaren beraren esanahiaren sinpletasuna argitzeko. Azken finean, photocall batek argazkia ateratzen den unean bakarrik hartzen du zentzua. Lana ikusteaz soilik izena ulertzen dela esango nuke; edo hori izan zen asmoa, behintzat. Herritarrentzat ulerterraza eta hurbila den formatu bat aukeratu nahi nuen. Jolas parke batera joaterakoan cowboyen photocall-ak ikusteko ohitura dugun bezalaxe… Fotollamada horretan oinarritzen da, photocall-aren aukeran, beste baten gorputza bilakatzearen aukeran.

Hotel bateko gela bat eta gimnasio bat ikus daitezke. Zer harreman dago bi espazio horien artean? Eta zer eginkizun dute gorputzek bi espazio horietan?

Fotollamada-n gimnasio bat agertzen da, batetik, eta hoteleko gela bat, bestetik. Sexuaren eta gorputzaren kultuaren bidez gorputza lantzeko dinamikak sustatzen dituzten espazioak dira biak. Gainazal batek bi aurpegi ditu, eta erraza da kontrakoetan jolastea, A aurpegi bat eta B aurpegi bat agertzen direnean. Kasu horretan, hoteleko gela baten intimoa eta ia ikusezina den gorputzen sexualitatea dago, eta gimnasiokoan, berriz, muskuluen baitan hiperikusgarritasunean dauden gorputzekin egiten dute talka. Bi espazioetan hormak eta sabaiak ispiluekin estali ohi dituzte, bertan gertatzen diren ekintzak bizi diren aldi berean hauteman beharko balira bezala. Momentuan bertan hautemandakoak eta argazki bilakatuak, ispilua baita funtsean autorretratua bultzatzen duen objektua. Fotollamada-k begiradaren, ekintza gauzatzen duen gorputzaren eta argazkiaren arteko harremanak lotzen ditu.

Espazio horietan dauden gorputzak ukituta edo deformatuta daude. Zergatik? Zer da parte hartzen dutenengan eragin nahi duzuna?

Ikusleak eta lana hurbiltzeko erabili nuen photocall formatua. Ikuspuntu horretatik, hoteleko eta gimnasioko irudiek erakusten dutena analizatzen badugu, oraindik ere aski ezagunak eta hurbilak diren espazioak direla konturatuko gara. Hoteleko ohiko gela bat, eta oraindik arruntagoa den gimnasio bat. Denon buruan dauden irudiak dira, irudi horiek ez dute inor harritzen berez. Arruntasun horretan sartzen dira gorputz arraroak, kanpotik datozenak, baina ezagutzen dugun horretan txertatzen direnak. Konbinazio horretan ezagutzen dugunaren gainetik aukera berri bat agertzen da. Puntu horretan pasatzen da nire lana photocall komertzial bat izatetik, harritzen edo, behintzat, espero ez genuen zerbait izatera. Ustez elkartu ezin diren bi munduren harremana ikus daiteke.

Zer garrantzi du ikusleak zure lanean? Ikusleak funtsezkoak badira lanaren osotasunerako, ikusle dira?

Nire ustez, horrelako instalazioek hurbilketa artistikoa espazialagoa edo biziagoa ahalbidetzen dute. Beste espazio mota batzuen sorkuntza berrietan ikertzen jarraitzeak askatasun berezi bat ematen dit, formatu arkitektoniko konbentzionaletan agertzen ez den askatasun bat. Baina, jakina, obraren garapenean planteatutako ikusleen hurbiltasunak, burua Fotollamada-n sartu ahal izateak, horrek berebiziko garrantzia du. Sinetsi nahi dut obra gorputz bakoitzak ateratzen duen argazkiaren araberakoa dela. Gorputz adina obra daude, biderkatu egiten da.