“Osasun mentala askoz era zabalagoan ulertzen dugu”

“Osasun mentala askoz era zabalagoan ulertzen dugu”

Peru Azpillaga Diez

1979an jarri zen martxan Gurutzetako modulu psikosoziala, Barakaldon. Hasieran, familian alkoholismo arazoak zituzten emakume batzuek abiatu zuten zerbitzua; denbora igaro ahala, terapia psikosozialera bideratutako modulu bilakatu da. Maiatzaren 31tik, ordea, itxita ditu ateak. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren finantzazioa galdu zuen moduluak 2019an, eta, azken bi urteetan arlo sozialeko diru laguntzekin aurrera jarraitzen saiatu diren arren, azkenean, bertan behera utzi behar izan dute zerbitzua. Jose Ignacio Ibañez (Durango, 1954) moduluko psikiatra da aspalditik, eta, jada jubilatuta egoteko adina badu ere, modulua irekita mantentzeko lanean ibili da orain arte. Kexu da Osasun Sailak laguntzak emateari utzi diolako, eta, espero du, etorkizunean, modulua berriz irekitzeko abagunea izatea, oraindik ere “beharrezkoa” den zerbitzu bat dela defendatzen duelako.

Zein da, gaur-gaurkoz, Gurutzetako modulu psikosozialaren egoera?

Urte askotan hitzarmen bat izan dugu Osasun Sailarekin. 2012an, hitzarmena amaitu zenean, ez zuten berritu nahi izan. Osakidetzako Buru Osasuneko Zentroen eskaintzarekin nahikoa zela argudiatu zuten, eta gurea bezalako moduluak Gurutzetakoaz gain, Bilbon ere hiru modulu daude itxi egingo zituztela jakinarazi ziguten. Mahai gainean, ordea, Gurutzetakoaren itxiera baino ez zegoen.

Zuen jarduna, ordea, aurtengo maiatzaren 31n geratu da bertan behera. Nola luzatu duzue hainbeste?

Hainbat mobilizazio egin genituen, eta negoziazio bat abiatu genuen. Hala, 2014an, Osasun Sailarekin bost urteko kontratu bat sinatzea lortu genuen. Bi urte horietan (2012-2014), Barakaldoko Udalaren eta arlo sozialeko diru laguntzekin halamoduz lortu genuen zerbitzua mantentzea. Behin akordioa lortuta, arazoa jada konponduta zegoela pentsatu genuen. Baina 2019an, akordioa berritzeko unea iristean, berriro ere ez genuela laguntzarik jasoko jakinarazi ziguten.

Zergatik?

Bost urte lehenago emandako arrazoi berak aipatu zituzten: gurea bezalako zentroak itxi egingo zituztela. Errealitatea, ordea, bestelakoa da, gurea baino ez dute itxiko. Barakaldon, hainbat moldaketa egin dituzte, eta, horien bidez, guk egiten genuen lana beharrezkoa ez dela argudiatzen dute, haien esanetan lehen mailako arretak artatu ditzakeelako gure modulura datozen paziente guztiak.

Hala ere, orain arte lanean jarraitzea lortu duzue?

Gurea modulu psikosoziala da. Beraz, urte hauetan guztietan arlo sozialetik zein osasun arlotik jasotako laguntzak uztartu ditugu gure lana egiteko. Azken bi urteetan, aurretik egin bezala, laguntza sozialen bidez mantentzea lortu dugu, baina ez da bideragarria horrela jarraitzea. Hemen osatze prozesu guztia lantzen dugu. Arreta integrala eskaintzen dugu, baita mota askotako laguntza ere; prozesu guztian zehar arreta moldatuz eta pazientearen beharrizanei egokituz. Hori ez da beste tokietan egiten. Guk buruko osasuna askoz era zabalagoan ulertzen dugu; ez pilula bat errezetatu eta kito.

Zuen zerbitzua oraindik ere beharrezkoa dela defendatzen duzue, beraz.

Gu beti izan gara zerbitzu osagarri bat. Maiz osasun publikotik deitu egin gaituzte, haiek jasotako kasuak helarazteko. Izan ere, haiek arlo psikiatrikoa landu dezakete soilik, baina ez dute soziala lantzeko baliabiderik. Azkenean Osakidetzan arreta trastorno psikiatrikoetara baino ez dago bideratuta, eta antsietatea, depresioa eta bestelako gaitz batzuk kanpoan geratzen dira. Guk denekin egiten dugu lan, beste laguntza mota bat sustatuz.

Zer esan nahi du horrek?

Esan bezala, gure arreta integrala da eta prozesu bezala ulertzen dugu. Arreta sozialetik, laguntza terapeutikoa eta sostengu psikologikoa ematen dugu, baina gero osasun arreta edo arreta farmakologikoarekin uztartzen dugu. Talde bat gara: astero egiten ditugu bilerak, eta bakoitzak bere esku-artze arlotik duen ikuspuntua ematen du. Horrela ikuspuntu askoz zabalagoa dugu kasu bakoitzeko, eta errazagoa da sendatze prozesuarekin asmatzea. Arazoa da, arlo sozialetik laguntzak jaso arren, osasun arlotik ez dutela hitzarmena luzatu nahi.

Zenbat paziente izan ditu moduluak itxi behar izan duen egunera arte?

2019an, kolaborazioa eten egin zenean, 800 eta 900 paziente inguru genituen. Azken bi urteetan 600ekin mantendu gara, paziente horiek ez zutelako arretaz aldatu nahi. Orain, Gurutzetako osasun arretara bidali dituzte guztiak; ikusiko da ea artatzeko gaitasunik duten.

Zergatik erabaki duzue azkenean ixtea?

Guk maiatzaren 31n itxi genuen, ezin genuelako arreta apropos bat eskaini. Luzatu genitzakeen arlo sozialeko laguntzak, baina osasun arloan akordiorik lortu ezean, zerbitzua hankamotz geratzen zela ulertzen genuen.

Orain dela gutxi Osasun Sailarekin biltzea lortu zenuten. Nolakoa izan zen bilera?

Guk akordio batera heltzea espero genuen. Baina ez zen hala izan. Baiezkoa emango zigutela uste genuen, eta dena genuen prest zerbitzua berriz ere martxan jarzeko, laguntza ekonomiko bat jasotzen baldin bagenuen.

Zer argudio eman zituen Osasun Sailak?

Orain arte emandako arrazoi berberak baino ez zituzten aipatu. Gure zerbitzua ez omen da beharrezkoa Osasun Sailak bere gain hartu dezakeelako. Bilbon berdina gertatzen denean, beste hiru zentroak itxiko dituztela argudiatu ziguten. Ezin sinetsita geratu ginen hori entzutean.

Zergatik?

Ez duelako zentzurik. Benetan uste al dute gaur-gaurkoz Bilbon Barakaldon baino baliabide gutxiago daudela? Gure aurpegira barre egitea da hori. Estatistikak begiratzea baino ez dago. Lutxanako auzoan, emakumeen bizi itxaropena Bizkaiko baxuena da, eta Barakaldon Bizkaia osoan pobrezia eta bazterketa mailarik altuena duten lau auzo ditugu. Testuinguru horretan esatea gure herria arlo psikosozialean Bilboren aurretik dagoela… Hitzik gabe geratzen naiz.

Aurrera begira, zer asmo duzue?

Momentuz, ixtea erabaki dugu, baina gure asmoa berriz ere martxan jartzea da. Aurrerago ikusiko dugu zer aterabide topatzen dugun, baina eskaintzen dugun zerbitzua beharrezkoa dela uste dugu. Momentuz, urte bateko tartea hartuko dugu, eta, gure gaitasunaren arabera, aurrerantzean zer motatako zerbitzua eskaini ahal dugun baloratzea da asmoa. Azken batean, moduluko langileek ere jan egin behar dute, eta, ezin baditugu soldatak ziurtatu, ezin dugu zabalik jarraitu.