Heriotzak berpiztuta

Balmasedako La Encartada fabrika-museoko makinak konpondu, eta bisitariei lanean erakusten ari zaizkie. Aldundiak esan du Europa osoan “harribitxia” dela.

Natalia Salazar Orbe

Kadagua ibaiaren ertzean ireki zuten La Encartada lantegia, 1892an, Balmasedan. Burdingintza industriaren tradiziotik aldendu, eta ehungintza lantzeko ireki zituen ateak, han ohikoa ez bazen ere. Bizkaian ezaguna zuten ur saltoen indarra baliatzeko teknikari jarraituta, artilea hartu, eta manta, bufanda edo txapel bilakatuta merkaturatzen zuten. Prozesu osoa egiten zuten bertan. Orain, makina horiek eta aspaldiko lan egiteko moduak ezagutarazteaz gain, ekoizpen prozesu osoa zer-nolakoa zen erakutsiko dute La Encartada fabrika-museoan. Makinen funtzionaltasuna berreskuratzen ari dira, alegia, jatorrizko prozesu osoa. Etorkizunean produkturen bat ekoiztea ere nahiko lukete.

Mende bateko ibilbidearen ondoren, 1992an itxi zuten lantegia, eta 2007an museo bihurtu zuten. Makinak berritu ez izanak eta produktu bakarra ekoizteak ekarri zioten heriotza. Heriotza horrek eman dio bizia museoari. Asier Madarieta Bizkaiko Foru Aldundiko museoen arduradunak azaldu duenez, makina guztiak bere horretan mantendu direlako da berezia: “Fabrika honek 100 urtean ez zuen berritu makineria. Guretzako hori da zortea, makina horiek guztiak gordetzen ditugulako. 100 urtean ez zen produkzioa berritu”.

Ehungintza alorreko bospasei produktu ekoizten hasi zen lantegia. Amaiera aldera, ordea, ekoizpen osoa txapelaren mundura bideratu zuten. “1992an lantegia itxi zutenean, XX. mendearen amaiera hartan, txapela ez zen jada asko erabiltzen”, esan du Madarietak. Modernizazio faltak eta ekoizpena jada oso gutxi saltzen zen produktu batera eramateak ekarri zion gainbehera lantegiari. “Hori guretzako zortea izan da gero: modernitate falta horri esker, oso ondare ederra kontserbatu dugu. Baina enpresa mundurako kaltea izan zen”.

LA ENCARTADA FABRIKA MUSEOA

Funtzionaltasuna itzuli

Madarietak adierazi du orain arte makina solte batzuk ikus zitezkeela martxan. Orain, “funtzionaltasuna” eman diete: “Fabrikako ardatza, esaterako, martxan ikusten genuen, baina ez zituen mugitzen makinak”. Konpondu egin dute, eta orain betetzen du fabrika martxan zegoenean egiten zuen lana. Gauza bera gertatu da batuarrarekin, batanekin eta zentrifugatzailearekin, asmoa argia baita: “Orain arte ahalegindu gara makinak kontserbatzen eta mantentzen. Orain, beste pauso bat ematen ari gara makina horiek martxan ipintzeko. Oso garrantzitsua da. Gure industria ondarearen barruan, Encartada Europan bakarra izan da. Harribitxi bat da”.

Makina guztiak berreskuratu nahi dituzte, baina jakin badakite anbizio handiko helburua dela hori. Konponketak egiteko orduan ere erronka jarri dute: “Berreskuratze lanak ez ditugu egingo edozelan, baizik eta prozedurak eurak bermatuz. Lehenago makinak martxan egon zirenean erabiltzen ziren prozedura berberak erabiltzen ari gara”. Hala, fabrikako tailer mekanikoan konpontzen dituzte piezak, lantegia martxan zegoenean egingo zuten bezala.

Lan horretan trebatua den teknikari artisau bat ari da behar horretan. Baina harentzako ere zaila zen prozedura ezagutzea. Horregatik, Bizkaiko Labe Garaietan ibilitako hiru teknikari ohiren laguntza izan dute.

LA ENCARTADA FABRIKA MUSEOA

Zailtasun asko

Denetariko zailtasunak aurkitu dituzte: “Makina bakoitzak bere kasuistika dauka; materialak jada ez daude. Ezagutza ere erdi galduta dago. Zortea izan dugu Labe Garaietako hiru teknikari hauekin, baina gerta dakiguke beste momentu batean makina jakin baten gainean inork ez jakitea”. Fabrikako bertako langile ohiren baten laguntza ere izan dute, baina jada adinekoak dira. “Gaur egun martxan ez dagoen eta eredurik ez dagoen gauza batekin ari zarenean, materialak, teknikak, erremintak, ezagutza‚Ķ, gauza horiek guztiak zailtasun bihur daitezke”, azaldu du Madarietak.

Esan du Europa osoan dagoen era horretako eredu bakarra dela La Encartada: “Ez dago Europan jatorrizko makineria gordetzen duen halako fabrikarik”. Artilea sartzen zenetik oihala egin eta produktu bihurtzerainoko prozesu guztia egiten dute bertako makinek: “Eta dena dugu jatorrizko lekuan. Ez dugu sortu behar izan aparteko museorik. Ez, fabrika bera da museoa. Jatorrizko makineria oso zaharra du, eta, gainera, prozedura guztia erakusten du. Ezaugarri horiek egiten dute eredu bakar”.

Oraingoz, fabrikaren ardatza eta beste bost makina berreskuratu dituzte, eta horiek martxan ikus daitezke Balmasedako bisitetan. Etorkizunera begira, prozesu guztiko makinak lanean erakusteko helburua daukate.

herio3