Maiatzean, lau etxe kaleratze Bilbon

Maiatzean, lau etxe kaleratze Bilbon

Peru Azpillaga Diez

“Auzo bakar batean lan egiten duen sindikatu batek, hilabete batean, etxetik kaleratzeko arriskuan dauden lau kide ditu. Hori oso adierazgarria da. Argi uzten du ez dela soilik Bilboko arazo bat; Euskal Herrian eta [Espainiako] estatuan egoera nolakoa izango den aurreikusteko aukera ematen du”, salatu dute Iker Gonzalez eta Jare Arregi AZET etxebizitza sindikatuko kideak. Ez dituzte beren benetako izen-abizenak eman. Izan ere, apirilaren 17an beste espazio bat okupatu zuten auzoan, eta, geroztik, jasaten ari diren “jazarpen poliziala” dela eta, nahiago izan dute anonimotasunari eutsi.

“Lau horietako bat datorren eguaztenean izango da [maiatzaren 5ean], eta horrek frogatzen du [pandemiagatik ezarritako] alarma egoerak iraun bitartean kaleratzerik egongo ez zelako ideia ez dela guztiz benetakoa”, erantsi du Gonzalezek. Azaldu duenez, Espainiako Gobernuaren dekretuak eskatzen duen “zaurgarritasun irizpideak” bete arren, epaileak ez du etxegabetzea bertan behera utzi. “Lotsagarria da. Atzeratzea lortu dugun kasuetan ere, alarma egoera amaitu eta lau edo bost egunera luzatu dituzte”. Hortaz, Gonzalezek argi du dekretuaren helburua ez dela langileen etxebizitza eskubidea bermatzea, “baizik eta jabeen errentak babestea”.

Era berean, kaleratze arriskuaren aurrean maizterrek duten “babesgabetasuna” ere nabarmendu dute. “Ez da batere erraza halako prozesuei aurre egitea. Hasteko jakintza judizial minimo bat behar da. Gainera, etxebizitzarekin arazoak dituzten maizterren profila ez da maizter klasikoarena”. Kontatu duenez, kaleratze arriskuan dauden asko migranteak dira, gehienak emakumeak eta baliabide bakoak. “Hizkuntza jakin gabe, sistema ezagutu gabe… erabat salduta geratzen dira; heldu zaizkigun kasu gehienetan bide judiziala agortuta egon da”, esan du Gonzalezek.

Dioenez, etxebizitzaren arazoa “prekaritate egoera orokorrari” lotuta dago; horietako asko egoera irregularrean dagoen jendea da, eta, maiz, haien egoera “zaurgarriaz” baliatzen diren etxe jabeen “mehatxupean” daude. Arregik ere hala uste du: “Etxebizitza beste gauza askoren ondorio bat izaten da: jendeak alokairua ordaintzeari uzten dio hori ordaindu edo jatekoa izatearen artean erabaki behar duenean”. Nabarmendu duenez, “ez da kasualitatea” subjektu nagusia emakume arrazializatuak izatea: “Gure lau kasuetan, ez dago gizon zuri bakar bat ere”.

Hicham eta haren familia

Martzana kaleko 5. zenbakian bizi da Hicham, familiarekin, eta maiatzaren 5ean kaleratua izateko arriskua dago. Hura babesteko, ez dute abizenik eman. AZETek elkarretaratzera deitu du egun horretarako, 10:30ean.

“Hichamek akordio bat zuen bere etxeko jabearekin. Etxea oso egoera txarrean dago, eta, bertan egiten zituen konponketen truke, jabeak alokairuaren prezioa jaisten zion”, dio Arregik. “Jabea hil egin zen, eta haren alabak ez dio akordioari eutsi nahi izan”. Alokairua ez ordaintzeagatik salatu zuen Hicham. Hizkuntza ondo menperatu gabe, prozesu judizialean “galduta” ibili zela salatu du; heldu zitzaienerako, kasua “galduta” zegoen. “Asko aldatzen da kasua kolektiboki lantzeko aukera izaten dugunean. Bide burokratikoak traba handiak jartzen ditu, baina, kolektiboaren babesarekin, aurrera egiteko aukerak daude”, esan du Agirrek.

Bide beretik, “kezkaz” bizi dute duela gutxi Abadiñon etxe kaleratze bat egiteko Desokuparen moduko talde ultraeskuindar bat baliatu izana. “Oraingoan Abadiño izan da, baina duela hilabete batzuk, Enekuriko kasuan, Desokupa izan ez bazen ere, jabeek antzeko metodoak erabiltzen zituen talde bat erabili zuten”, kontatu du Gonzalezek. Dioenez, Desokupa “faxismoa kapitalaren tresna bat dela dioen maxima horren beste adierazpen bat” da. “Mehatxuak, harropuzkeria…; legez kanpoko metodoak erabiltzen dituzte, legea haien interesen arabera eginda dagoelako. Kalean egin behar zaiela aurre”.

Urte bateko ibilbidea

AZET etxebizitza sindikatua duela urtebete jaio zen, pandemia betean. “Borroka eredu integral bat osatu nahi genuen, kapitalismoaren barruko zapalkuntzak lotuta daudelako. Garai hartan etxebizitzak hartutako zentralitatea ikusita, horren inguruan hausnartzen hasi, eta martxan jarri ginen”, gogoratu du Arregik.

“Pozik” daude orain arte egindako lanarekin. Beren borroka eredua gainontzeko tokietara hedatu gura dute. “Auzo mailan egitea oso garrantzitsua izan da guretzat, bakartuta dagoen komunitate hori klase elkartasunez batzeko. Auzo boterean sinesten dugu, horri esker sistemari arrakala egin ahal diogulako”.