Sergio Vadillo: “Saiatu behar dugu hitzarmen hau beste enpresetara zabaltzen”

Sergio Vadillo: “Saiatu behar dugu hitzarmen hau beste enpresetara zabaltzen”

P. Azpillaga Diez

Hemezortzi urtez Euskal Herriko supermerkatu kate oso garrantzitsu batentzat banatzaile lanetan ibili ostean, egun batetik bestera kalean geratzeko arriskuan ikusi zuen bere burua Sergio Vadillok (Barakaldo, 1974). Supermerkatuen banaketa zerbitzu gehienak azpikontraten bidez jarduten diren enpresen esku daudela salatu du, eta horrek langileen baldintzak “oso prekarioak” izatea ekarri duela deritzo. Horregatik, pozik azaldu da sektorean sinatu duten lehenbiziko lan hitzarmenarekin. Dena den, argi du lan baldintza duinen aldeko “lehen pausoa” baino ez dela izan.

Sektoreko lan hitzarmena supermerkatuko banatzaileek egindako borroka baten ostean lortu da. Zergatik erabaki zenuten halako aldarrikapen bati eustea?

Konturatu ginen hitzarmen baten falta genuela. Baina bagenekien hitzarmen hori ezin zela enpresakoa izan; sektoreko akordio bat behar genuen, batez ere, subrogazioa lortu ahal izateko. Azken finean, oso baldintza prekarioak daude gure sektorean, hobetu egin behar dira, baina subrogazioa da lanean segurtasuna lortzeko modu bakarra, enpresa aldatu arren lanean jarraitu dezakegu eta.

Nolakoa da supermerkatuko banatzaileen sektorea?

Bakan batzuek izan ezik, supermerkatu gehienek azpikontraten esku uzten dute elikagaien banaketa. Horien artean, lau izan dira hitzarmena adostu dutenak; hemengo bi supermerkaturentzat lan egiten dute, eta grebara jotzeko mehatxuaren ostean lortu genuen negoziazioa abiatzea. Hortik kanpo, ordea, denetatik dago, hitzarmen desberdinak aplikatzen dira, autonomo moduan diharduen jendea ere badago, eta baita kontraturik gabe aritzen direnak ere. Horregatik saiatu behar dugu orain hitzarmen hau beste enpresetara zabaltzen.

Zenbat langileri eragiten die itunak?

Orain 150 inguru gara hitzarmenaren barruan lan egingo dugunak. Hala ere, badakigu sektorea zabalagoa dela. Bizkaian soilik 400 bat langile ariko dira sektorean, eta, esan bezala, asko oso baldintza eskasekin. Horregatik, orain, gure helburua da haiekin harremanetan jarri eta hitzarmena enpresa gehienetan ezartzea.

Zeintzuk dira hitzarmeneko puntu nagusiak?

Oraindik ere soldata apala badugu ere, igo egin da; segurtasuna ematen digun subrogazioa lortu dugu; azken lan erreformak ez aplikatzeko klausulak ezarri dira; eta hemendik hiru urtera, hitzarmena iraungitzen denean, hurrengoa negoziatu arte indarrean egongo den hitzarmenaren aurrerako eragina aplikatu da. Badakigu ez dela sekulako hitzarmena, baina hogei urtean izan dugun lehendabizikoa da.

Zein da hobekuntzarik handiena, zure ustez?

Orain dela hiru urte, egun batetik bestera, likidezia prozesu baten ondorioz, kalean geratzeko arriskuan geratu ginen ehun langiletik gora; orain, hori gertatzekotan, badakigu gure lana mantentzeko aukera dugula. Subrogazioak bestelako berme bat ematen digu, eta hori pozgarria da.

Zer garrantzi dauka enpresaren barruan antolatzeak?

Funtsezkoa da. Jendea ez bada informatzen eta antolatzen, beti egingo da enpresak dioena, eta haren interesak langileon gainetik egongo dira. Gu ez bagara antolatzen, eta onartzen badugu datorren guztia onartu beharko dugula, badakigu zer gertatuko zaigun. Horregatik, ezinbestekoa da antolatzea eta lan baldintza duin batzuen alde borrokatzea.