Sagar berdeen, zitrikoen eta lore zurien usaina du

Sagar berdeen, zitrikoen eta lore zurien usaina du

I. Maruri Bilbao

Iaz, pandemia dela eta, bertan behera utzi behar izan zuten. Aurten ekitaldi xumeagoa egitea erabaki dute. Tradizioari eutsita, gaur eguerdian aurkeztuko dute Bakioko txakolin berria. Ezohikoa izango da: Txakolingunean egingo da, eta streaming bidez jarraitu ahal izango da. Bertara joateko aukera izango dutenek probatzeko aukera ere izango dute. “Pandemia gorabehera, naturak bere bidea jarraitu du, eta oso txakolin gozoa lortu dugu”, esan du Zabalaga txakolindegiko buru Iratxe Eguzkizagak. Aurtengoak dituen ezaugarriak aurreratu ditu: “Freskoa da. Zitrikoen usaina du, sagar berdearena ere bai. Lore zuriak ere nabaritzen dira”. Zuria eta gorria dagoeneko botilaratuta dituzte; beltza, oraindik ez. Gaurko ekitaldian zuria eroango dute probatzeko.

San Jose eguna berezia izaten da Bakion, eta ez soilik udaberriko jaietako egun handia delako. Herriko ekoizleak eta kontsumitzaileak elkarrekin egoteko egun berezia izaten da. Gehiago dira herrian txakolina ekoizten dutenak; hau da, mahastiak eduki eta etxeko kontsumorako edo lagunartean banatzeko txakolina egiten dutenak. Baina historikoki ardo mota horri hain estu lotuta egon den Bakion gaur egun Bizkaiko Txakolina jatorri izeneko hiru upategi baino ez dira geratzen: Abio, Zabala eta Doniene Gorrondona. Horiek dira Bakioko azken upategi profesionalak.

Gaurko ekitaldira Zabalako eta Donieneko ordezkariak joango dira. Abiokoek ez parte hartzea erabaki dute. Asier Alzibar-Aritxuluaga Abio da upategiko bi bazkideetako bat. Esan du ez zaiela egokia iruditu: “Gure txakolina han egongo da, eta ekitaldian eskainiko den bideoan ere parte hartu dugu. Baina gu ez gara joango; pandemia batean gaude, eta arriskutsua iruditzen zaigu horrelako zerbait antolatzea”. Urteroko ekitaldia “oso garrantzitsua” izaten dela aitortu du. Pozik dago 2020ko txakolinarekin, nahiz eta kopuru aldetik gutxiago ekoiztu duten. “Freskoa, ohi baino gradu gehiagoduna eta erraz edatekoa” atera zaiela esan du.

Saldu ezinik

Bai Zabalan, bai Abion, bietan “desastre” joan dira salmentak. Iaz pozik botilaratu zuten 2019ko txakolina, baina pandemia etorri eta kontsumitzailearengana iristeko zailtasunak erabatekoak izan dituzte. “Guk San Jose egunean ez dugu aurtengo txakolina aurkeztuko; zaharra izango dugu ekitaldian. Saldu barik dugu, eta berria aurkeztu aurretik hura saldu behar dugu”. Zabalakoek ere online salmentak eta upategian bertan egiten duten zuzenekoa indartu dituzte, baina ez da izan ostalaritzatik iritsi zaien beherakada orekatzeko nahikoa: “Gure bezero nagusiak tabernak dira. Udaberrian ez genuen ezer saldu, konfinamenduagatik. Uda hobeto joan zen. Eta udazken-neguan, tabernak itxi eta ireki ibili direnez, makal”.

Oro har, mahats bilketa normalean baino hamabost egun edo hiru aste lehenago iritsi zen Bakiora. “Inoiz baino lehenago hasi genuen bilketa, eta heldutasun puntua oso ona izan du mahatsak”, azaldu du Zabalak. Bilketa sasoia ere gogorra izan zela kontatu du. Udan koronabirusaren agerraldi handi batzuk izan ziren Herrialde Katalanetan fruta biltzen duten langileen artean, eta horrek kezka sortu zuela kontatu du. “Egunero PCR proba egin behar genuen, baina jendea ez dago prest. Beraz, lagunei eskatu behar izan genien laguntzeko”. Kezka dute aurtengo irailean ere zelan moldatuko diren. Aurretik, upategiak hustu gura dituzte; saldu.

Aurkezpena ikusteko, jo webgune honetara:

https://labur.eus/bakiosanjose2021