Flamenkoa beste estilo batzuekin nahastuta, Bilboko jaialdi batean

Flamenkoa beste estilo batzuekin nahastuta, Bilboko jaialdi batean

I. Maruri Bilbao

Hamaseigarren urtez, Una ría con duende jaialdiak musika flamenkoa ekarriko du Bilboko Ibaiondo barrutira. Bihar hasi eta hiru zapatuz jarraian, kontzertu bana eskainiko dute. Bidebarrieta udal liburutegiko auditoriumean izango da lehen saioa, bihar, 19:00etan. Euskal flamenko emanaldia aukeratu dute aurtengo zikloa hasteko. Aitor Escobar musikariak Iturri berria izeneko errezitala eskainiko du. Lan horretan, flamenkoaren tradizioa eta modernitatea uztartzen ditu.

Gasteiztarra da Escobar. Ibilbide luzea egin du dantza konpainietan gitarra jotzaile modura. Euskal Herrian eta atzerrian ibili da musikari. Biharko emanaldian ez da bakarrik egongo Bidebarrietako oholtza gainean. Harekin batera, Jonatan Jimanez El trinitario flamenko kantaria, Alberto Maldonado El raton perkusio jotzailea, Vanessa Triviño txalo jotzailea eta Isabel Fernandez txalo jotzailea ariko dira.

Hurrengo zapatuan, Atxuriko Gizakundearen elizara joango da jaialdia. Euskal Herrian herriz herri dabilen ikuskizun bat iritsiko da Bilbora, bertsolaritza eta flamenkoa uztartzen dituena: Gorria. Askoa Etxebarrieta La pulga flamenko dantzariaren eta Miren Amuriza bertsolariaren arteko elkarrizketa artistikoa da. Ikuskizunean, artista bakoitza bere hizkuntzan mintzatu eta dantzatzen da, eta kode partekatuak eraikitzen dituzte koplen bidez. Hari gidaria kolore gorria da; hau da, bizitza eta heriotza, arriskuak eta debekuak, karga ideologikoa, lotsa, desioa… Gatazka indibidual eta kolektiboei buruz hitz egiten dute biek Gorria-n.

Chico Perezek Bilborock aretoan aurkeztuko du Gruserías, hilaren 20an. Kontzertu flamenkoa da, baina solas egiten du beste adierazpide batzuekin, dela jazzarekin dela musika klasikoarekin. Pianoan ariko da Perez; harekin egongo dira Belen Vega kantaria, Carlos Bueno baxu jotzailea, Guillermo Hernansaiz bateria jotzailea eta Antonio El tabanco flamenko dantzaria. Lehen kontzertu biak doakoak izango diren arren, gonbidapena eskuratu behar da Bilbaokultura.eus webgunean. Han daude salgai azken kontzertuko sarrerak ere.

Hilaren 10etik 20ra, San Frantziskoko liburutegian, flamenkoari lotutako materialen erakusketa egongo da. Horrez gainera, flamenkoari buruzko liburuak, CDak eta DVDak hartu ahal izango dira maileguan.