Bea Fernandez: “Nahikoa al da hogei minutu izatea egoiliar bat artatzeko?”

Bea Fernandez: “Nahikoa al da hogei minutu izatea egoiliar bat artatzeko?”

N. S. O.

Lehenengo olatuak bete-betean harrapatu zuen Bea Fernandez Vilak (Santurtzi, 1981) lan egiten duen Bilboko zaharren egoitza. Langileak “abandonatuta” sentitu direla esan du.

Iaz, martxoan, koronabirusa iritsi zen. Zer-nola bizi izan zenuten egoera hura egoitzetan?

Egoitzan foku bat izan genuenean, larritasun handiz bizi genuen: desinformazioa, desesperazioa eta beldurra izan genituen. Egoera ezezaguna zen; inork ez zekien zer egin, zer-nola antolatu. Gaur egun ere larritasun handiz bizi dugu. Gobernuak bisitak kendu arte ez gara libratuko. Birusa berriro sartuz gero, ez dugu era berean biziko, orain badakigulako zer-nola egin behar ditugun gauzak eta zer-nola antolatu behar garen. Baina berriz ere garai batean aritu ginen bezala lan egin beharko dugula pentsatze hutsak negargura ematen digu.

Lan baldintzak hobetu dira?

Aldundiaren arabera, nahikoa langile gaude; ratioen arabera, ondo gaude. Baina ez diezadatela esan egoiliar bakoitza artatzeko ezartzen diguten denbora nahikoa denik. Nahikoa al da batez beste hogei minutu izatea egoiliar bakoitza artatzeko? Kontuan izan mendekotasun handia dutela askok, eta arreta handia behar dutela. Gaur egungo ratioak irrigarriak dira. Nahiko nuke arduradunetako bat egoitza batera joatea, eta egoiliar baten lekuan jarri eta ikustea dituzten beharrizanak asetzeko nahikoa ote den bakoitzarentzako dugun denbora. Gaur egun egoitzetan dagoen langile kopurua ez da nahikoa. Gainkarga izugarria dute egoitzetako erizain laguntzaileek.

Aldundiak iradoki zuen balitekeela langileek sartu izana birusa egoitza batean, nahiz eta gero adierazpenok zuzendu.

Guk badakigu non ari garen lanean, eta gehien zaintzen garenak gara. Hori esaten duenak, bere bulegoan, mahai baten atzean, egoera oso ondo bizi duela esango nuke. Kalera atera beharko litzateke, eta egoitza batean ikusi zer bizi dugun. Oso erraza da ezjakintasunetik hitz egitea. Komentario horiek min ematen digute. Gehien zaintzen garenak gara, kontziente baikara non ari garen lanean. Ezin digute errua bota zuk zeuk zabaltzen dizkiozunean ateak birusari. Bisitak kentzen ez dituzten artean birusa sartzeko arriskua egongo da; ez familiek nahi dutelako, baina ate gehiago zabaltzen dituzu. Guretzako oso gogorra izan da; abandonatuta sentitu gara, eta oso txarto tratatuak. Psikologikoki oso nekatuta gaude. Birusa etxera eramateko beldur ere izan gara. Egoitzak dituzte ahotan denek, baina langileok familiak ditugu. Etxera joan eta birusa eraman nezakeen, nahiz eta kontu handiz ibili. Nire alabak autismoa du; ni iristean, etorri eta besarkatu nahi ninduen. Ez hurbiltzeko esan behar nion, dutxan ur eta xaboiz igurtzi eta igurtzi arte. Ezinegon hori egun ere bizi dugu.