Biktima eta erasotzailea, elkarrekin konfinatuta

Biktima eta erasotzailea, elkarrekin konfinatuta

Udaberriko etxeratze agindua bukatu zenean eman zituzten datuak. Bikotekideak eraso egin dien emakumeen kasuei dagokienez, martxoan 160 zenbatu zituen Ertzaintzak Bizkaian —180, berriz, iazko martxoan—. Eta 129 apirilean; iaz baino 42 gutxiago. Maiatzean, konfinamendua arintzen hasi zen, eta aurreko hilabeteek ezkutuan gorde zutena agerian geratu zen: ekainean, %31 hazi ziren genero indarkeriagatik ipinitako salaketak herrialde historikoan: iazko ekainean 231 izan ziren, eta aurtengoan, 303. Bereziki etxe barruan gertatutako indarkeria salaketek izan zuten gorakada: %43,48 hazi ziren ekainean; %60, uztailean. Datuek argi erakusten dute: erasotzaileek eta biktimek elkarrekin igaro zuten konfinamendua etxean isolatuta.

“Martxoan, apirilean eta maiatzean, andreek ahal izan zuten moduan eutsi zioten etxean bizi zuten egoera gogorrari. Kalera irten ahal izan direnean, salaketa jartzeko ausardia izan dute. Uste dut konfinamenduak gauzak aldatu dituela kasu askotan”, esan zuen Teresa Laespada Bizkaiko Enplegu, Inklusio eta Berdintasun diputatuak, datuak emateko egin zuen agerraldian.

Hala ere, emakume askok pandemia aurretik baino zailtasun handiagoak dituzte erasotzailea salatzeko. “Oso kezkatuta gaude emakumeek pandemiaren ondorioz duten egoera ekonomiko, laboral eta sozialagatik. Langabezia eta pobrezia datu dramatikoak ditugu. Zoritxarrez, hori da joera, eta hori ez da batere lagungarria indarkeria matxista pairatzen duten emakumeentzat”, ohartarazi du Argitan Barakaldoko emakumeentzako aholku etxeko Mireia Saizek. Haren ustez, datuek berresten dute euren salaketa: osasun krisia talde zaurgarrienak gogorrago kaltetzen dituen krisi sozial eta ekonomiko ere bihurtu dela. “Andre askok bizi dituzten prekaritatearen eta pobreziaren ondorioz, gehienek ezin dute ihes egin sufritzen duten indarkeria egoeratik. Ez dute aukerarik euren kabuz bizirik irauteko, eta baliabide faltak indarkeria jasatera kondenatzen ditu”.

Mugimendu feministak uste du indarkeriari aurre egiteko zerbitzu publikoak indartu behar direla, eta esan du pandemiak agerian utzi dituela azken urteetako murrizketen ondorioak. Hori aldarrikatu dute Azaroaren 25ean.