Altxor bat dute partekatzeko

Altxor bat dute partekatzeko

Ibai Maruri Bilbao

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek 2009an 16. Korrikaren bukaeran irakurritako mezua honela hasi zen: “Bada altxor bat mundu osoan euskaldunok bakarrik duguna. Ez da ezkutuan dagoen horietakoa, lurpean edo uharte bakarti batean gorderik dagoena, ez da filmetakoa ere. Altxor hori egiazkoa da, eta gu denona, denok elkarrekin partekatzeko modukoa. Partekatuz bakarrik hartzen du bere benetako balioa, gainera. Altxor hori ezpainetan dugu, beti prest, emateko eta jasotzeko, edo biak batera, akaso. Asmatu al duzu dagoeneko zer den?”. Durangoko Kurutziaga ikastolako ikasleek asmatu dute: euskara da. Eta altxor hori zaintzen eta ingurukoei ematen dabiltza egunotan. Adinagatik Euskaraldian parte hartzerik ez dutenez, altxorbizi izeneko figura sortzea erabaki dute. Gaur arte, ikastetxeko mila ikasle inguru izan dira altxorbizi.

Euskaraldiaren lehen aldia ere landu zuten ikastolan, baina ikasleek beti galdera bera egiten zietela gogoratu du Idoia Marin ikastolako Lehen Hezkuntzako arduradunak: “Guk zergatik ez? Gu zergatik ezin gara ahobizi edo belarriprest izan?”. Izan ere, Euskaraldian 16 urtetik gorakoek baino ezin dute parte hartu. Hala, Euskal Herriko milaka haur eta nerabe hizkuntza ohiturak aldatzeko saio kolektibo horretatik kanpo geratzen dira. Ikasleen kezka horretatik abiatuta, haientzat beren beregi rol berri bat sortzea pentsatu zuten Kurutziagako irakasleek. “Argi geneukan Euskaraldiarenak diren ahobizi eta belarriprest izenak ez zirela erabili behar, helduen ariketako figurak direlako. Gainera, gure ikasleek, zerbait izatekotan, ahobizi izan beharko lukete, eskolan dauden bitartean komunikaziorako hizkuntza euskara delako”. Gogoeta horretan zebiltzala, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek 16. Korrikan irakurri zuten mezu hura etorri zitzaien gogora, eta hala otu zitzaien altxorbizi izena euren ikasleen rol berriarentzat.

Eta pailazoek Gasteizen irakurri zuten mezu hura erabili dute Euskaraldirako sortu duten bideoa osatzeko ere: ikastolako hezkuntza komunitateko kideek esaldika edo berbaka irakurri dute, txandaka, eta euren ekarpena ere gehitu diote: “Altxorra den euskara inguratzen gaituzten guztiekin partekatuko dugu”. Hori da Euskaraldiak irauten duen bitartean bete beharko dituzten konpromisoetako bat. Bestea da ingurukoak Euskaraldian izena ematera animatzea. Haur Hezkuntzan hasi eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara bitartean Kurutziagako gela guztietako ikasleek sinatu dituzten konpromisoak dira. Euskaraldia hasi aurreko egunetan ipini dituzte ikasgela guztietako horman, eta aste bi hauetan asmo hori zorrotz betetzen ahalegindu dira. Azaroaren 16tik daroate txapa aldean.

Kurutziaga ikastola

Marinek nahi luke egitasmo honek ikasleen hizkuntza ohiturak aldatzeko balio izatea. Izan ere, zenbait ikerketaren arabera, jolastokian eta lagun artean erdarara jotzeko ohitura hartzen dute ikasleek, adinean gora doazen heinean. Eurenean ere hala dela aitortu du. Baina Euskaraldiarekin eta altxorbizi rolarekin horri buelta ematen ahaleginduko dira. Lortuko dutela espero du: “Igartzen da serio hartu dutela. ‘Gu altxorbizi gara’, esaten dute harrotasun puntu batekin”. Txapak banatu zituztenetik beti soinean daramatzatela esan du, arropan edo motxilan ipinita. Altxorbizi izateak sinbolikoki esangura handia du umeentzat, Marinen esanetan: “Figura berezi hori izateak beste xarma bat ematen die umeei: zerbaiten parte sentitzen dira; egiteko berezi eta garrantzitsu bat dutela ikusten dute”.

Etxekoen parte hartzea

Gurasoak eta ingurukoak euskaraz egitera animatzeari ere garrantzitsu iritzi dio. Pailazoen mezua ekarri du gogora berriro ere: “‘Ez pentsa ikastolara joatearekin nahikoa egiten duzula euskararen alde. Guk nahi dugu zuek egitea’, esaten du mezuak. Guraosei hori esan nahi diete. Izan ere, batzuetan euskara egiten da, soilik umeen hizkuntza delakoan. Eta guraso asko lasai geratzen dira umeak ikastolara bidalita, baina gero haiek ez dute euskararik egiten”.