“Pandemia gainditzeko Bizkaia” diseinatu du

“Pandemia gainditzeko Bizkaia” diseinatu du

Ibai Maruri Bilbao

COVID-19aren pandemiak nagusiak jo zituen lehenengo eta gogorren, birusa erraz sartu baitzen adinekoen zentroetan. Eta hala aitortu du Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak ere. “Adineko pertsonak izan dira eta dira zaurgarrienak, kalteberenak. Oso ondo dakigu zein gogorra izan den eta izaten ari den haientzat eta haien familientzat. Badakigu beldurra, familiarekiko distantzia eta ziurgabetasuna izugarriak direla”. Horregatik, adinekoen zaintzari begira berritasunak iragarri ditu urtero Bizkaiko Batzar Nagusietan egiten duen berbaldi printzipalean: etxeko zaintza indartu nahi du eta adinekoen zentroen eredua aldatu. Astelehenean egin zuten legegintzaldiko politika orokorreko lehen osoko bilkura, Gernika-Lumoko Batzar Etxean. Aitortu du herrialdearen egoera ez dela erraza, baina, hala ere, baikor agertu da: “Bizkaiaren ezaugarria da eraldatzeko gaitasun historikoa, dinamismoa eta arazoak gainditzeko gaitasuna”.

ADINEKOAK

Rementeriak nabarmedu du zer erronka duen diputazioak nagusien zaintzari dagokionez: “Pertsona bakoitzak nahi duen lekuan, bere etxean, duintasunez zahartzea”. Horretarako, Etxetic proiektua babestu du. Urtarrilean hasi ziren hiriburuko Indautxu auzoan probatzen. Etxeko laguntza eta zaintza sistema da, etengabeko monitorizazioarekin eta etxetik hurbil dagoen erreferentziazko zentro baten zerbitzu espezializatuekin. “Etxetic Bilbon ezarri behar da, eta antzeko zentroen sare bat sustatu behar da eskualde guztietan. Prebentzio jarduera ahalbidetuko du, arrisku goiztiarrak detektatuko dira eta egoera bakoitzerako zerbitzu egokiak abiaraziko dira”. Halako berrogei zentro nahi ditu.

Dena den, badira zaintza handiagoa edo espezializatuagoa behar duten adinekoak. Eta, horientzat, adinekoen egoitza eredua aldatu nahi du. Hor egon da eta dago eztabaida pil-pilean azken urteetan, bereziki adinekoen zentroetako langileak greban egon zirenetik, eta gehiago pandemia iritsi zenetik. Diputazioak egungo sarearen “espezializazioa” bultzatu gura du, eta zentroen tipologiak ezartzetik hasiko litzateke. Batetik, komunitateari irekitako egoitzak egongo lirateke: “Pertsonentzako bizilekuak izango dira, medikalizatu gabekoak, tamaina txikiko bizikidetza unitateetan antolatuak (15-20 pertsona), batez ere hiri inguruneetan, eta elkarrekintza komunitarioa dutenak, belaunaldien arteko bizikidetza espazioak eta guzti”. Eskualde mailan, erreferentziazko egoitza bat izendatzea litzateke bigarren pausoa, laguntza espezializatuak eman ditzan, “zainketa konplexuagoetan, osasun maila eta espezializazio maila handiagoarekin”. Esate baterako, ospitaleko egonaldien osteko errehabilitazioa egiteko ere balioko lukete egoitza horiek.

Rementeriaren arabera, pandemia honek zera irakatsi dio diputazioari: “Prestakuntza handiagoak ahalbidetuko digu zainketa hobeak izatea”. Gizarte Ekintza Saila eta Berdintasun eta Enplegu Saila elkarlanean ari dira Lanbiderekin batera prestakuntza programa bat diseinatzen, arretarako protokoloak etengabe hobetzeko eta zaintzaileei garapen profesionala eskaintzeko.

EKONOMIA

Pertsonak ez ezik, birusak ekonomia ere kutsatu du, eta sintoma oso larriekin, gainera. Rementeriak eman ditu datuak: BPGa %9,5 jaitsi da Bizkaian. Industria Produkzioaren Indizeak %28,6 egin du behera bigarren seihilekoan. 2019arekin alderatuz, zerga bilketa %10,5 apalduko dela uste du. 81.641 bizkaitar daude Lanbiden erregistratuta; %11,9ko langabezia tasa du herrialdeak, duela urtebete baino puntu bat gehiago. Ostalaritzan, hurbileko lau saltokitik batek itxiko du aurten. Bizkaiko 8.000 taberna eta jatetxeetatik % 10 zarratuko dituzte, eta sektoreko 25.000 langileen erdiak inguru aldi baterako erregulazioan daude. “Badakigu zeintzuk diren eskariaren geldialdiak gogor jo dituen industria sektoreak”: eraikuntzak %40 baino gehiago egin du behera, ibilgailuen matrikulazioak %46, eta energia produktuen esportazioak % 41,8. Horri aurre egiteko neurriak hasieratik hartu dituztela esan du: besteak beste, 13,1 milioi inbertitu dituzte udaberritik hona, eta 218,4 milioi euroren zerga kobratzea atzeratu dute. Baina ez da nahikoa.

Foru dekretu arauemaile bat prestatzen dabiltza, autonomo guztiak hirugarren hiruhilekoaren zatikako ordainketatik salbuesteko. Sozietateen gaineko zergaren itzulketa aurreratuko diete 901 mikroenpresa eta enpresa txikiri. Eta, hala ere, ekonomiak laguntza gehiago beharko du, eta horregatik uste du “inoiz baino garrantzitsuagoa” dela aurrekontuak onartzea. Gehiengo osoarekin, erraz edukiko du. Kontua izango da zenbat diru izango duten. Aitortu du Europatik etorriko diren funtsez “ezer gutxi” dakiela. Rementeriak egin du iragarpena: “Defizit eta zorpetze muga propioak izango ditu Bizkaiak. Zorpetzeko tarte hori ezarri ostean, erabakiak hartu beharko ditugu, datuetan oinarrituta”. Eguaztenean finkatu zen: EAEko BGParen %0,9 aurten, hiru diputazioen artean banatzeko —Bizkaiak, 300 milioi inguru—, eta 2021ean, %0,8.

Dena den, baikortasunetik ere begiratu dio ekonomiari. Industria elektrikoa, farmazeutikoa, eta enpresa teknologikoak, berbarako, une onean daudela esan du. Autogintzak, adibidez, hobera egin du ekainetik: “Ekoizpen gaitasunaren %90etik gora daude dagoeneko, eta ibilgailu enpresa askok datozen egunetan erretiratuko dituzte aldi baterako erregulazio txostenak”. Baina Rementeriaren berbaldiaren biharamunean etorri zen ezustekoa: Gestamp multinazionalak iragarri Zamudion planta bi itxiko eta 230 langile kaleratuko dituela.

Bizkaiko Foru Aldundiaren apustu ekonomiko nagusia, dena den, Bizkaia dorrean egongo den Nazioarteko Ekintzailetza Zentro polemikoa izango da. Joan den barikuan esleitu zioten kudeaketa PwC Bilbao aholkularitza agentziari. 2022ko lehen hiruhilekorako egongo da prest.

Halaber, teknologiari lotuta, banda zabala landa eremu osora zabaltzeko konpromisoa hartu du. Gutxieneko gaitasuna 300 megakoa izango da, simetrikoa. 2023ko ekainerako, Bizkaiko etxeen %97,3k izango dute. Besteek, 5G teknologia iristean.

MUGIKORTASUNA

Bizkaiko errepide sarea “desorekatua” dagoela esan du ahaldun nagusiak, “azpiegitura batzuk gehiegi erabiltzen direlako, eta beste batzuk, gutxiegi”. Uste du oreka lortzeko itsasadarraren azpiko tunela eta hegoaldeko saihesbidearen eta AP-68 arteko lotura lagungarriak izango direla. Baina ez dira nahikoa izango. Horregatik, bizikletari garrantzia eman gura dio. Urtebete barru, Bike Intelligence Center sortuko dute, Bizkaiko bizikleta bidezko mugikortasuna bultzatzeko erreferentziazko zentroa. Eta bidegorri ardatz edo bizipistak eraikitzen hasiko dira: dagoeneko iragarrita dagoen Zornotza eta Durango artekoa; Getxo eta Bilbo artekoa, itsasadar ertzetik; eta, beharbada, Galdakao eta Basauri arteko N-634 errepidean bizikletari laguntzeko neurriak.

ZERGAK ETA FINANTZAK

“Proposamen berritzaile bat dakargu, munduan aitzindaria, lurraldearekiko, ingurumenarekiko eta aurrerapenarekiko beste konpromiso bat. Maiatzetik lanean dihardugu Mariana Mazzucato irakaslearekin eta University College Londonekin, NBEaren Garapen Iraunkorrerako Helburuak betetzen lagunduko digun zerga proposamena egiteko”. Bizkaiarentzat estrategikoak diren hiru arlotako erronkei erantzun gura diete: demografia, klima aldaketa eta garapen ekonomikoa.

Udalen finantzaketari dagokionez, aldaketa premia ikusi du. Toki Ogasunei Buruzko Foru Araudi berria onartu gura du. Urtea amaitu aurretik Eudelekin lantalde bat osatuko dute, diagnostikoa eta banaketa irizpideak zehazteko. Eredu berrirako udalen eta sentsibilitate politikoen arteko adostasuna eskatu du. “Akordioaren oinarriak izango dira udal autonomia errespetatzea, arrisku partekatuaren printzipioa eta indarrean dauden legeek aitortutako eskumenak”.