Elkarrizketa eskatu du oposizioak, eta “autokritika falta” leportatu

I. Maruri Bilbao

Oposizioa kritiko agertu da foru gobernuak egindako pandemiaren kudeaketaz, eta baita ahaldun nagusiak egindako berbaldiaz ere. “Autokritika falta” egotzi diote. Hala ere, herrialdeak bizi duen egoeratik irteteko adostasunerako borondatea agertu dute, eta elkarrizketa eskatu diote diputazioari. Arantxa Urkaregi EH Bilduko batzarkidearen ustez, COVID-19ak “larritu” egin ditu Bizkaiak lehendik zeuzkan arazoak. “Gure lurraldean dena ez zegoela ondo erakutsi digu. Prekaritatean eta azpikontratazioan oinarritutako ereduari josturak ikusi zaizkio”, adierazi zuen asteleheneko saioan. Joskura horiek bereziki adinekoen zentroetan ikusi direla uste du koalizioak.

Urkaregik emandako datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, oro har, hil diren lau herritarretik bat Bizkaiko egoitzetako egoiliarra izan da. Azpimarratu duenez, “datu horrek ereduak behar dituen aldaketa sakonen gainean gogoeta egitera eroan behar gaitu”. Herritarrek “elkartuta behar egitea” eskatu arren, Urkaregiren berbetan, gobernuaren politika “arrabola eta arrabola” baino ez da. Udalekin eta gizarteko eragileekin batera aritzeko ordua dela esan dio Unai Rementeriari: “Bide horretan aurkituko gaituzu”.

Eneritz Madariaga Elkarrekin Bizkaia taldeko bozeramaileak egoitzetako zaintzaileek pandemian egin duten beharra eskertu nahi izan du. Haren ustez, “gobernuak ez du maila eman”: “Pandemiak bizitza larregi eroan ditu, eta prebentziozko neurriek eta kontrolek ez dute funtzionatu”. Bizkaia “bere historiako unerik txarrenetako bat pasatzen egon denean” ahaldun nagusia “desagertuta” egon izana kritikatu du. “Betiko errezetekin jarraitzen duzu, beste indar politikoen eta eragileen lankidetza bilatu barik”. Fiskalitate ereduari “oso atzerakoia” iritzi dio, “ez dio aberastasuna banatzeari eta gizarteko berdintasunari laguntzen”. Haren ustez, Bizkaiak “ez du aukera berdintasunik erakusten”.

EAJren eta PSEren eskaera

PPko Amaia Fernandezek ohartarazi du arazoak ez direla pandemiarekin hasi: “Denbora asko daroagu ahuleziak jasaten: industriak daukan gero eta pisu txikiagoa edo langabezia tasa altua”. Adierazi duenez, “aldunditik igaro diren gobernuek lidergoaren aldeko apustua egin izan balute, egoera hobean egongo ginateke. Konformismoa nagusitu da, eta urte asko daroagu ahuleziak pilatzen”. Bizkaiko ekonomia suspertzeko erreforma fiskal bat eskatu du, eta “zerga murrizketa selektiboa” proposatu.

Gobernuari eusten dioten bi taldeek diputazioaren lana goraipatu dute. Bai PSE-EEko Ekain Rico batzarkideak —astelehena izan zuen azken eguna karguan— bai Jesus Lekerikabeaskoa jeltzaleak “konponbide bakarra elkarlana” dela ohartarazi dute. Oposizioko taldeei “behar gehiago eta kritika gutxiago” egiteko eskatu die Lekerikabeaskoak.