Zorrotzako irrien asteburua

Zorrotzako irrien asteburua

M.A.

Arrigorriagan ez ezik, Bilboko Zorrotza auzoan ere clown jaialdia egingo dute asteburu honetan. Auzo honetan ere maiatzeko lehen asteburuan ospatu ohi dute, baina egoera korapilatsuaren ondorioz irailera atzeratu behar izan zuten.

Aurten 11. jaialdia izango da Zorrotzan. Gaur arratsaldean hasiko da, eta bihar arte iraungo du; bina ikuskizun antolatu dituzte egun bakoitzerako. Orotara, lau ikuskizun izango dira: hiru Euskal Herrikoak, eta bat Galiziakoa, eta denak Zorrotzako azoka parkean egingo dituzte.

Gaur 18:30ean hasiko da, Maite Guevararen ¡Qué buen día! antzezlanarekin. Martina izeneko pertsonaia da ikuskizun honetako protagonista. Protagonistak, umorea eta tristura elkarrekin josita, metafora bidez helarazten die mezua ikusleei: egun kaskarrak izan arren posible dela amets egitea.

Horren ostean, 19:30ean, Hortzmuga antzerki taldearen Jule ikuskizuna egingo dute; euskara hutsean izango da. 50 minutu iraungo du, eta, Martinaren antzera, ikuskizun osoan bizitzaren analogia bat aurkeztuko du; kasu honetan, erortzear dagoen eraikin baten bitartez. Bertan bizi den maitzerrak ez du eraikin zaharra utzi nahiko, eta erronka hori mugarri duela, bizitzako ametsak gauzatzera animatuko ditu ikusleak.

Larunbatean ere, irailaren 19an, 18:30ean hasiko dira antzerkiak. Lehenengoa Galiziako Sempre Arriba antzerki taldeak egingo du, C’est pas Possible izeneko ikuskizunarekin. Akrobazia saio horrek ikuslearekiko zuzeneko harremana landuko du pailazoen lengoaiarekin uztartuz, eta herritarren identitate askotarikoak azaleratuko ditu.

Azkenik, Malas Compañias taldeak emango dio amaiera clown jaialdiari, Prozak izeneko ikuskizunarekin. Hor ere, ikusleek hartu-eman handia izango dute artistekin. Akrobazien, objektuen kontrolarekin eta zirkuko beste hainbat teknikarekin, antzerkilariek “konbentzionala” ez den familia batera eramango dituzte herritarrak. Horrek sortutako emozioen bitartez, alderik “gizatiarrena” landu nahi dute.

Neurri berrien beharra

Antolatzaileek jakinarazi dute Zorrotzako clown festibalean ere ezinbestekoa izango dela segurtasun eta higiene neurriak mantentzea, eta neurriak “zorrotz” bete beharko direla ekitaldiak arriskurik gabe gauzatu ahal izateko.

Horregatik, beste urteetan ez bezala, gaur eta biharko saioetan ikusle kopurua mugatua izango da. Urtero bezala, sarrera doakoa izango da, baina eserleku kopurua betetzean ezin izango dute ikusle gehiago hartu. Horrez gain, saio guztiak eserita ikusi beharko direla jakinarazi dute, eta denbora guztian maskara erabiltzea beharrezkoa dela nabarmendu dute antolatzaileek.