Truebaren berrirakurketa

Truebaren berrirakurketa

Natalia Salazar Orbe

Lehenik eta behin, jaurerriko historia, tradizioa eta ohiturak sakon aztertu behar ditut, harekin identifikatzeko. Gero, jaio nintzen harana bezain ondo ezagutzen dudanean, bere historia, tradizioak eta ohiturak deskribatuko ditut”. Antonio de Truebaren berbak dira (Galdames, 1819 – Bilbo, 1889). Enkarterriko poeta esaten zioten, eta hark idatzitakoek XIX. mendeko Enkarterri deskribatzen zutela uste zen. Usteak erdiak ustel, ordea. “Bere testuak ondo irakurriz gero, ikusten da normalean Montellano, Galdames eta Sopuertari buruz hitz egiten duela. Jendeak pentsatzen du Galdames edo Sopuertako ohiturak tipikoak zirela Enkarterriko beste leku batzuetan, baina ez da horrela. Topiko horiek apurtzen saiatu gara”. Javier Barroren hitzak dira. Enkarterriko museoko zuzendari teknikoa da, eta beste lau aditurekin batera ondu du Antonio de Trueba (1819-1889) Bizkaiko kronista erakusketa.

Erakusketak idazlearen obra eta pentsamendua berrikusten ditu, eta asteon ireki ditu ateak. Bost ikertzaile aritu dira buru-belarri lan horretan: Eusko Jaurlaritzaren Euskadi saria jaso berri duen Joseba Agirreazkuenaga historialariak Trueba eta politika izan ditu ardatz; Montserrat Amores Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakasleak literatura landu du, batez ere; Jesus Arrate guda karlistetan aditua da, eta Truebaren bizitza XIX. mendeko gertaeratan kokatu du; Goño Bañalesek eta Barriok berak, azkenik, Truebak Enkarterriri buruz idatzitakoa aztertu dute, eta eskualdea XIX. mendean zer-nolakoa izan zen irudikatzen saiatu dira.

Ezaguna, ezezagun

Barriok beharrezko deritzo erakusketari, idazlea eta bere obra ezagutarazteko. “Beti konparatzen dut Bernardo Atxagarekin. XIX. mendean, Trueba Atxaga bezain ezaguna zen. Hil zenean, eskultura bat jarri zioten Albian, Bilbon, eta beste bat Montellanon. Albiako eskultura egiteko, jendeak dirua jarri zuen. Mallonan hobiratu zuten, baina, 20 edo 30 urte geroago, Bilboko Udalak erabaki zuen Mallonan beste gauza bat egitea. Gorpuzkiak San Bizenteko elizara eraman zituzten. Hori egiteko prozesio bat antolatu zuten. Horrek erakusten du oso famatua zela bere garaian”.

Truebaren bizitzari buruzko datu asko dago. Erakusketa honen helburua beste bat da, ordea. “Berarentzat oso garrantzitsua zen nekazari mundua; beti ari zen foruak defendatzen… Horiek topikoak dira. Egiak dira, baina atzean badaude beste gauza batzuk. Eta saiatu gara atzean dagoen beste hori bilatzen, eta ulertzen zein zen bere benetako pentsamendua”.

Besteak beste, emakumeak moral burgesaren ikuspegitik agertzen dira Truebaren obran, gehienbat ama eta emazte gisa erretratatuta etxeko eremu pribatuan. Hala ere, pertsonaia aktibo, sendo eta langile gisa ere ageri dira; espazio publikoak okupatzen dituzte, eta, horietan, protagonista izaten dira: pandero jotzaileak, saltzaileak, okinak, nekazariak, meatzariak…. Hala jaso dute erakusketan. Baita Trueba euskal kultura tradizionalaren, euskal tradizioen eta hizkuntzaren defendatzailea izan zela ere. Gainera, bere garaiko aurrerapen teknologiko eta ekonomikoen alde agertu zen: fabriken, trenbideen, errepideen edota eskolen alde.

Hainbat pieza bildu dituzte horretarako. Bost ataletan bereizi dute erakusketa: “Jarri ditugu egin zizkioten omenaldi batzuk, erakusteko zer ospetsua zen. Baina, batez ere, erakusketak lau atal ditu, haren pentsamendua, mundua, garaia eta lana aztertzen dituztenak”.

Trueba ulertzen laguntzeko ehundik gora pieza jaso dituzte. Gehienak agiriak dira, baina besterik ere badago: mapa batzuk, Aurelio Artetak egin zuen Truebaren koadro bat, idazlearen liburuak eta eskultura bat. “XIX. mendeko agiri asko ikus ditzakegu ulertzeko zer-nola ikusten zuen berak bere mundua”.