Etenik ez

Maite Berriozabal Berrizbeitia

Aurten maskara bat jarri nuen lehenengo aldia ez zen koronabirusaren kontura izan, hilabete batzuk lehenago izan zen. Elorriotik autoz joan ginen Berrizera, eta han hartu genuen Ermurako trena. Zaldibarren jendetza sartu zela akordatzen naiz eta treneko bagoian kabitu ezinda egin genuela Ermurainoko bidaia. Orain ezinezkoa litzateke horrenbeste aho elkarrengandik horren gertu imajinatzea. Ermuko geltokian jaitsi eta kanpora irten ginenean, mutil batek egoeraren larritasuna aldarrikatzeko maskarak eskaini zizkigun, eta jantzi egin genituen. Egunak zeramatzaten Ermu eta Eibar inguruan zabortegiko suak eragindako ke toxikoetatik babestu nahian etxeko leihoak ixteko aginduarekin. Eitzagarako aldapatxoan gora hasi baino lehen balkoietan jendea benetako maskarak jantzita ikusi genuela gogoratzen dut, eta benetako zirrara eragin zidala irudi hark.

Harrezkero pasatu da udaberri oso bat eta gehiago, eta, suak itzali zituzten arren, Eitzaga inguruko ilunak ez du argirik ikusi. Gertatu zena ez zen orduan amaitu. Gertatu zenak gertatzen jarraitzen du, eta pertsona bik desagertuta jarraitzen dute inoren zikinak eztaltzeko sortutako zabortegian. Koronabirusak ikusten utzi ez dizkigunak ere hortxe jarraitu dute.

Badirudi orain, normaltasun berrian, normaletik asko eta berritik gutxi daukan honetan, deskantsurako eta opor girorako egunak datozela askorentzat. Baina hori baino lehen, uztailaren 12an, Euskal Autonomi Erkidegoko hauteskundeak izango ditugu, eta ematen du errealitatea formateatzeko botere erakustaldi bat egiten digutela horrelakoetan. Orain arte gertatutakoaz ahaztu, eta pentsa dezagun etortzeko dagoen horretan, errealitateak pauserako eta duela hilabete batzuetako irudiak ezabatzeko aukera eskainiko balu bezala.

Egunotan politikari asko unearen, hartzailearen, egoeraren edo interesaren arabera maskarak jantzi eta erantzi ari dira. Baina ahoa libre darabilte, maskarek beste zerbait estaltzeko balio dute. Opor giroan dago jendea, eta hondartzarako txanda hartzearekin arduratuta dagoen jendarteko zati handi baten bozkaren bila ari dira. Entzuteko gogo gutxi daukan jendeari, asko esanda gutxi esaten duen berbajarioa eskaintzen diote. Bien bitartean faxismoari eta gutako gehienon eskubideak errespetatzearen kontra ari direnei babesa eskaintzen zaie. Eskubideak aitortzen zaizkie beraien eskubideak baino defendatzen ez dituztenei. Eta denak ez du balio. Norbera kabitzeko besteari lekua kentzea defendatzen duenari ezin zaio plaza, mikrofonoa eta babesa eman.

Baina ez dizuet nik beste mitin bat emango, nahikoa daukagu bestela ere. Uda giroak eman diezagula arnasa eta indarra. Goza dezagun izozkiaren puntako txokolateaz eta konpainia onaz. Jarrai dezagula paseo luzeetan emakumeen eskubideez, sexu askapenaz eta euskaraz bizitzeko hartu beharreko erabakiez hizketan. Iluntze epeletan gogoan izan ezer ez dela eteten, baina batzuetan ederra dela unean unekoari erreparatu eta maskarez ahaztea. Har dezagun distantzia soziala tarteka, baina urrunegi joan gabe.