Ospitaleetako zainak

Ospitaleetako zainak

Ibai Maruri Bilbao

Urtean gehienez, bizpahiru aldiz elkartzen dira: hirutan gizonezkoak, eta bitan andreak. Topaketa batetik bestera gutxienez bi hilabete igaro behar dira. Hori da odol emaileek elkartearen autobuseko langileekin duten harremanaren maiztasuna; odola ematera joaten direnekoa. Bizkaiko Odol Emaileen Elkartearen datu basean 100.000 bizkaitar dauden arren, 45.000 inguru dira emaile aktiboak. 18 eta 65 urte artean dituzte, hori da-eta emaile izateko baimendutako adin tartea.

1997an sortu zen Bizkaiko Odol Emaileen Elkartea, aurretik zeuden Bilboko Ospitale Zibileko Odol Emaileen Elkartea eta Bizkaiko Odol Emaileen Anaidia batu zirenean. “Osasun arloak hasieratik parte hartu arren, elkartea herritarrek sortu zuten”, gogoratu du egungo presidente Anton Cabok. Berak azaldu du zer helburu duen elkarteak: “Osasun sistema odolez hornituko duten emaileak aurkitzea”. Eta azken urteotan bilatze lan horretan buru-belarri dabiltza; izan ere, gero eta gaitzagoa egiten zaie premiei erantzutea.

Hori azaltzeko faktore bi aipatu ditu. Batetik, gaur egungo egoera sozioekonomikoa: “Nik 60 urte ditut. Gaztea nintzenean, ikasketak amaitu eta berehala aurkitzen zenuen lana, erosten zenuen etxea, osatzen zenuen familia eta lortzen zenuen nolabaiteko egonkortasuna. Baina, gaur egun, 35 urte dituen gazte baten errealitatea oso aldakorra da. Eta horrek eragina dauka: gaitzagoa da jendeak zerbaitekin jarraitutasunik izatea”. Bigarren faktorea: Coboren belaunaldia jaiotza tasa handia zegoenean sortutakoa da, baina ordutik nabarmen egin du behera ume kopuruak. Hala, 65 urterekin emaile izateari utzi behar diotenen lekukoa hartzeko gero eta gazte gutxiago dago. “Paradigma aldaketa betean gaude orain. Berba egiteko modua eta komunikatzeko modua aldatu behar ditugu. Orain ez digu balio lehengo hizkerak. Beste bide batzuk topatu behar ditugu eurengana hurreratzeko”.

Emaile fidelak

Odol emaileen elkarteek noizean behingo emaileak baino gurago dituzte fidelak. “Ez dugu odol poltsa bat nahi, bizitza osoan emaile izango den jendea baizik”. Jarraitutasun horrek bermatzen die emailearen kalitatea. “Sarri ematen duen horrek badu konpromiso bat ahal duen guztietan emateko, bizitza osasuntsua mantentzeko, gehiegikeriarik ez egiteko, eta egiten dizkiogun odol analisiei esker hori guztia, neurri batean, kontrolatuta dugu”. Odola eman bezperan atseden hartu behar du emaileak, eta ondo hidratatuta eta gosea aseta joan behar du hitzordura.

Odol emaileen elkarteko autobusa Bizkaiko 72 herri nagusietara joaten da. Egutegia antolatzen dute emaileek urtean bizpahiru aldiz eman ahal izateko. Dena den, emaile gehienak unibertsitateko eta Lanbide Heziketako ikasle eta irakasleak eta enpresetako beharginak izaten dira. Enpresa handi batek 2.000 poltsa ematen dizkie hilean, esaterako. Eta, azken bi hilabeteetan, populazio osoa etxean konfinatuta egon denean, nabaritu dute euren falta. “Egun batetik bestera, ikastetxerik eta enpresarik gabe geratu ginen. Asko jaitsi zen bildutako odol kantitatea, baina baita eskaera ere, ebakuntzak-eta bertan behera geratu zirelako”.

Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak elkarrekin kudeatzen dute odola Galdakaoko Ospitalean dagoen Euskadiko Odol eta Ehunen Bankuan. Hiru herrialdeetan egunean 450 odol poltsa behar izatetik 320 poltsa behar izatera igaro ziren. “Gutxiago izan arren, kostata lortu ditugu; lan asko eginda. Telefonoz deitu diegu emaileei, eta udalen laguntza ere izan dugu herritarrak mobilizatzeko. Herrietako plazetan autobusa jartzea ere ez da erraza izan, sarreran ilara sortzea saihestu behar izan dugulako”.

Konfinamendua arintzearekin batera, emaile gehiago izatea espero dute. Baina oso astiro ari dira normaltasunera itzultzen. Bitartean, odol premia lehengo egoerara bueltatu da, Osakidetza ebakuntzak egiten hasi delako berriro. Ozta-ozta ari dira eskaerari erantzuten. Horregatik, odola ematera joateko deia egin du. Gaur, berbarako, Bilboko Plaza Biribilean eta Etxaniz Suhiltzailearen plazan, Bakioko Udaletxe plazan, Etxebarriko San Antonio kiroldegian eta Getxon, Areetako Xake plazan, egongo dira. Bihar, berriz, Bilbon, Castaños kalean eta Deustuko Done Petri plazan.