Auzolanean, elkar zaintzeko

Auzolanean, elkar zaintzeko

I. Maruri Bilbao

Martxoaren 14an sartu zen indarrean larrialdi egoera. Biharamunean izan zuten lehen bilera, Bilboko Zazpikaleetan. “Larrialdi egoeraz ohartu ginenean, eta auzoko Greba Komitean elkartzen ginen norbanako zein auzoko eragileen markoaz baliatuz, sarea antolatzen hasi ginen. Badakigu ezin garela geratu soilik sistema kapitalistak utzitako hutsuneetan partxeak jartzean, zaintza lan koiunturaletan. Baina hortik abiatuta hasi zen gure bidea, larrialdi egoeran sortutako beharrei erantzuna emateko auzo asanblada batera deituz”. Hala sortu zen Bilboko Alde Zaharreko Elkartasun Sarea.

Aldi berean, Bizkaiko auzo eta herrietan antzeko sare gehiago sortzen hasi ziren. Adibidez, Gernika-Lumoko Zaintza Sarea. “Herritarron arteko elkartasun sare baten moduan ulertu genuen, auzolanean bizitza erdigunean jartzeko. Horretarako, sare sozialak eta WhatsApp talde bat eratu genituen, eta formulario bat sortu genuen nahi zuenak boluntario gisa izena emateko”. Harrezkero, ehunka boluntario dabiltza Bizkai osoko sareetan, elkar laguntzen eta beharrizan berezia dutenak babesten.

Premiak sortu ahala, erantzunak ematen hasi ziren. Zazpikaleetan, esaterako, umeak zaintzeko eta erosketak eramateko laguntza izan ziren lehen pausoak. “Baina argi izan dugu beti ez genuela eredu asistentzialista bat bultzatu nahi. Gure ustez osasun krisi deitzen duten hau aurretik zegoen krisi baten larriagotzea izan da”, azaldu dute elkartasun sareko komunikazio lantaldekoek. Bereziki, mugimendu feministak aspaldi mahai gainean ipinitako zaintza krisia aipatu dute. Baina sareko kideak iristen zaizkien beharrizan guztiak asetzeko ahaleginean dabiltza. Auzoko beste eragile batzuekin elkarlanean, etxebizitza, lan baldintzak, merkataritza eta hezkuntza ere jorratzen ari dira. “Eskubideak urratu dizkietenen deiak jaso ditugu; lanetik bota dituztelako edo laneko baldintzak salatzeko”.

Gernika-Lumoko sareak birusetik babesteko materiala sortzen egin du lan itzela. Apirilaren 21era arteko datuak dira: inguruko enpresek, eskolak eta maker-ek ekoitzitako 757 pantaila eta jostunek egindako 399 maskara banatu dituzte, Gernikaldeko egoitza, osasun zentro, merkatari eta herritarren artean. Astelehenean berriro ireki zen Gernika-Lumoko asteroko azoka, eta han ere ibili ziren pantailak banatzen.

Gernika-Lumoko saretik kezka agertu dute, hasieran babes materialaren eskaera zelako nagusi, baina orain erosketak eta oinarrizko beharrizanen eskaerak gora egin du. Adibidez, larrialdi egoeran zegoen familia bati janaria, arropa eta oinetakoak eman behar izan dizkiote. “Ezagunen bidez heldu diren kasu batzuk oso larriak dira, baina egongo dira laguntza nori edo nola eskatu ez dakitenak ere. Gainera, baliteke egoerak okerrera egitea hurrengo hilabeteetan; beraz, sortuko diren beharrak asetzeko, berrazterketa eta berrantolaketa orokor bat egin beharko da”.

Beharrizanak handitzen

Gernika-Lumoko sarean 67 boluntario dabiltza beharrean. Bilboko Zazpikaleetakoan, berriz, berrehun inguruk eman dute izena, baina denak ezin izan dituzte onartu. Bilbon, auzogile izena ipini diete boluntarioei, eta bizilagun laguntza eske sarera jotzen dutenei. “Egokiagoak iruditzen zaizkigulako asistentzialismotik haratago doan lana definitzeko. Auzogile hitza erabiltzen dugu, auzoa egiten, auzoari ekarpena egiten eta auzoko bizilagunen beharrei erantzuteko prestutasuna erakusten ari garelako”.

Hasieran, auzogile izateko deiak jasotzen zituzten gehienbat, baina, gutxika, iritsi ziren bizilagunenak ere. “Uste dugu hasieran jendeak izan dezakeen konfiantza falta dela deiak ez jasotzearen arrazoietako bat. Gure auzoa erakusleiho bihurtu diguten honetan, elkarren zaintzarako harremanak galdu dira, eta, ondorioz, auzokideek ez dute elkar ezagutzen. Dena dela, egunerokotasuneko lanarekin konfiantza lortzea da gure intentzioa, eta horretan gabiltza”. Horrez gain, badakite bide telematikoak ez direla laguntza behar duten askorengana iristeko modurik onena, eta bide berrien bila dabiltza. Balkoietatik iragarki laburrak zabaltzen hasi dira, esaterako.

Bi sareetan ohartu dira euren tokietan bete gabeko beharrak egon direla lehendik. Ezkutuko premia horiek azalera ateratzeko lan egingo dutela esan dute.