June Prieto
Tokiko nekazaritza atzeraka ari zela sumatu zuten Larrabetzuko herritarrek, eta, horri aurre egiteko eta lehen sektorea bultzatzeko asmoz, Gurpide elkartea sortu zuten, duela hamar urte. Hasieratik eduki duten erronkarik handiena jendea baserritar lanbidera erakartzea izan da, baina baita jada martxan zegoen nekazaritza berriztea eta egonkortzea ere. Amaia Lekue nekazaria da. Taldera gerora sartu zen arren, gaur egun oso inplikatuta dago Gurpiden. “Lehenengo sektorearen gainean lan egiten duen proiektu bat da, ez da bakarrik soroan lanean gaudenena, baizik eta baita kontsumitzaileena ere”.
Ibilbide luze honetan hainbat proiektu garatu dituzte, baserritarren eta herritarren arteko harremanak sortzeko. Elikadura burujabetza da sustatu nahi duten ideia nagusia. Hori praktikara eramateko, urte osoan hainbat jarduera egiten dituzte. Egun, lau proiektu ari dira aurrera ateratzen: hondakin organikoen bilketa, eskolako jantokia hornitzea, herritarrentzako otzarak, eta ereiteko lurren bilaketa.
Urte honetan, auzolanekin hasteko asmoa eduki dute, baina bertan behera geratu da koronabirusak eragindako egoeragatik. Berrogeialdia amaitzean Larrabetzuko baserrietan auzolan saioak antolatuko dituztela aurreratu du Lekuek, elkartearen komunitatea indartzeko asmoz, gehienbat. “Larrabetzu landa eremukoa bada ere, oso bizimodu urbanoa egiten da herrian. Hori apur bat eraldatzeko erabili nahi dugu auzolana”.
Herritik kanpo oihartzun handia eduki du organikoa biltzeko sortu duten ereduak. “Lau baserritar gaude, herriko 315 familiaren eguneroko organikoa batzen. Astean hiru bider jasotzen dugu”. Bildutakoarekin konposta egiten dutela azaldu du Lekuek, gero ortuetan botatzeko eta modu natural batean haien lurrak emankorragoak bihurtzeko. “Esan daiteke zikloa ixten dugula: guk jaten ematen diegu, eta gero soberakinak berriro lurrera bueltatzen ditugu”. Proiektu hau herriarentzat “oso onuragarria” dela nabarmendu du, organikoaren bilketa eredu honekin hondakinak herrian bertan geratzen direlako, eta ez dutelako hura tratatzeko planta berezirik erabili behar.
Eskolako jantokiak hornitzeko lanak ere egiten dituzte nekazariek. “Eusko Jaurlaritzak bultzatu zuen egitasmo batetik hasi ginen, eta, orain, guraso elkarteak eramaten du aurrera”. Gurpidek baserritarren produktuak eramaten ditu eskolara. Baina, Lekuek azaldu duenez, ez da ehuneko handia. “Ahal dugun neurrian bertoko produktuez hornitzen dugu jantokia; ahal dugun guztia eramaten dugu eskolara”.
Eskola hornitzeaz gain, nekazariek otzarak ere banatzen dituzte; astean behin sasoiko produktuak eskaintzen dizkiete kontsumitzaileei. “Tokikoa, sasoikoa eta, gehiena, ekologikoa; Larrabetzun bertan saltzen dugu”. Herrian urriko azoka ere antolatzen dute Gurpide elkarteko kideek; besteak beste, herritar berriak erakartzeko.
Martxan jarri duten azken proiektua lurrak biltzekoa da, eta udalarekin batera sortu dute. “Beste proiektu guztien oinarria da baserritar berriak topatzea”. Lekueren esanetan, herrian ez dago lur publiko askorik, eta dagoenak ez du balio nekazaritzarako. Horretarako, lur pribatuak kudeatzen dituzten jabeekin jarri ziren harremanetan, eta lurrak alokatzeko edo saltzeko proposamena egin zieten. Orain, lur horiek lantzeko pertsona berriak behar dituzte. “Ez da lan erraza. Alde batetik, jabetza pribatua oso barneratuta daukagulako. Bestetik, nekazaritza oso lanbide prekarioa delako; jende berria erakartzea asko kostatzen zaigu”.
Lau proiektu horiekin sare bat osatu dute, eta hurrengo urteetan duten erronka Gurpideren komunitatea indartzea izango da. “Komunitatean egon daiteke erreleboa, herrian elikadura burujabetza bermatzeko”.